Herriaren erdigunea eraberrituko du aurten Irurtzungo Udalak. Eraberritze lan horren ondoren erdigunean ibilgailuak zein presentzia izan behar zuten erabakitzeko herri galdeketa egin zuen udalak martxoaren 15ean. Lan hori da Irurtzungo Udalaren aurtengo aurrekontuan jasotako inbertsio handiena (471.000 euro). Udalak aurten 2.995.838 euroko aurrekontua du, joan zen urtean baino 225.514 euro gehiago. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "kontuak orekatutzat jotzen ditugu, zerbitzu publikoak, eskubide sozialak eta irurtzundarren bizi kalitatea hobetzeko helburua dute". Aurrekontua EH Bilduren aldeko eta UPNren abstentzioarekin onartu zen.
Alkateak jakinarazi duenez, "aurten Atakondoa eskolan ez da obrarik eginen. Baina haren funtzionamendurako gastu arrunteko partidak (garbiketa, berokuntza, atezaina, ekipamendua, konponketa eta mantentze lanak...) 20.000 euro handitu dira, 281.250,79 eurora arte". Bestalde, estreinakoz, udalak eta eskolako guraso elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute (3.000 euro). Haren helburua familia kontziliazioa sustatzea da.
Kontratazioak
Gizarte ongizateari eusteko, Irurtzungo Udalak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei emandako dirua 9.000 eurotan handitu du, guztira 90.600 dira. Horrekin batera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek kudeatzen dituzten herriko bizilagunendako gizarte larrialdietarako laguntzak mantendu ditu udalak (7.500 euro). Bestalde, Teknoadineko proiektuari bulkada emanen dio udalak. Haren asmoa litzateke zaintzaile komunitate bat sortzea da, adineko pertsonen artean bakardade ez hautatuari eta honi atxikitako arazoei aurre egiteko helburua du.
Babestutako Gizarte enpleguaren eta Iturraskarri programaren "aldeko apustuari eutsi" dio udalak. "Sei edo zazpi pertsona kontratatzeko aurreikusi dugu". Programara 93.000 euro bideratu ditu udalak. Gizarte Zerbitzuek kudeatzen dute eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza dute.
Razkinek azpimarratu duenez, "udalak zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du". Babestutako Gizarte Enplegu programaren bidez eginen diren kontratazioez aparte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez sei pertsona kontratatuko ditu udalak kaleak, lorategiak eta garbiketa lanak egiteko (135.000 euro). Itxesia igerilekua zabaltzeko zortzi kontratu eginen ditu udalak (74.737,95 euro).
Razkinek "udalak kalitatezko zerbitzu publiko irisgarriak eskaintzeko egiten duen ahalegina" nabarmendu du, "horien kostuaren zati handi bat, defizita, bere gain hartuz". Irurtzungo musika eskolaren jarduera aurrera egiteko hainbat udalek hitzarmena sinatuta dute eta guztien artean 118.700 euro bideratzen ditu. Horietatik, Irurtzungo Udalak 52.670 euro bideratu ditu. Itzako haur eskolara Irurtzungo haurrak joan ahal izateko udalak 16.350 euro jarriko ditu. Eta igerilekuak zabalik mantentzeko 63.000 euroko ekarpena eginen du.
Igerilekuei dagokienez, haiek berritzeko bigarren faserako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du udalak. "Nahi genuke lanak 2027ko udazkenean hastea 2028ko sasoirako igerilekuak prest egoteko. Baina epeak gobernuarekin zehaztu beharko ditugu". Gobernuaren dirulaguntzarik ez zuen jaso udalak Bi Ahizpe eta Akaborro industrialdea eta herria banatzen dituen kalean asfaltatze lanak egiteko. 20.000 eurorekin zati bat eginen du.
Bestetik, hildakoak gero eta gehiago erretzen direnez, Irurtzungo Udalak hilerrian dozena bat kolunbario gehiago jarriko ditu. Horretara 10.000 euro bideratu ditu. Eta baso suteen prebentzio planaren barruan Plazaola bide berdearen ondoko malda batean sasiak garbitu zituen. Aurten lan bera eta besteren bat eginen ditu 6.000 eurorekin.
Azkenik, euskararen sustapenenera 22.950 euro bideratuko ditu. Udalak lagunduko ditu: euskaraz mintza, helduen ikaskuntza, Aixita Bertso Txapelketa, Irurtzungo euskararen garapenari buruzko dokumentala, Bertsozale Elkarteak emandako ikastaroak, Aizpea euskara taldearekin jarduerak, Korrika, Sakanako Bertso Eguna...
Beste diru sail batzuk
Festak eta ospakizunak 80.000
Kultura Kontseiluaren jarduerak 52.000
Kirol erakundeendako 27.500
Parkeak eta kaleak konpontzea eta mantentzea 24.000
Gaztexoko 21.851,73
Plazaola garapen turistikoa 21.00
Sakanako Garapen Agentzia 19.350
Tokiko abere eta ekoizle azoka 16.500
Hainbat kultur jarduera laguntzeko 12.500
Garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza 11.000
Hitzarmena Nasuvinsarekin, hirigintza berroneratzeko 7.000
Indarkeria matxistaren aurkako programa 6.000
Kirol programa 6.000
Berroz Baratze komunitarioak 3.500
Gizarte eragileen jardueretarako 3.000
Arratoien kontrol programa 2.500
Liburutegiari liburuak erosteko ekarpena 2.000
Gazteria programa 1.500
Berdintasun programa 1.500