Mugikortasun Planari beste bulkada bat emanen dio Irurtzungo Udalak aurten, erdiguneko urbanizazioa berritzeko lanak eginen baititu. Saihesbidea egin eta Lizarra kalea udalaren jabetzakoa izatera pasa ondoren, erdigunea birpentsatzeko parte hartze prozesua martxan jarri zuen udalak. Aurreko legegintzaldian dendari eta elkarteekin saio bat egin zuten. Bigarren fasea, 50 bat irurtzundarrek topaketa batean parte hartu zuten azaroaren 27an. Jasotako iritziekin proposamen bat ondu du udalak. Haren berri izan nahi duenak udaletxetik pasa daiteke eta han argibideak jasoko ditu. Horretaz aparte, parte hartze prozesua eta proposamena azaltzeko hitzaldia antolatu du Irurtzungo Udalak. Kultur etxean izanen da, martxoaren 11n, asteazkenean, 19:00etan.
Parte hartze prozesua martxoaren 15ean, igandea, eginen den galdeketa batekin despedituko da. Irurtzundarrek bi aukeretako baten alde egin beharko dute. Bata da Lizarra kalea oinezkoentzako gune bihurtze eta baimendutako ibilgailuendako sarbide mugatu eta kontrolatua jartzea (zerbitzuak, inguruan etxabea duten bizilagunak...). Bestea da oinezkoendako lehentasuna duen gune bihurtzea, norabide bakarrean eta abiadura txikian ibilgailuen sarrera librearekin.
Proposamena
Irurtzundarren ekarpenekin ondutako zirriborroan jasotzen denez, etorkizuneko Lizarra kaleko zoru guztia altuera berean egonen da. Ez da arkitektura oztoporik izanen San Martin kaletik Lizarra kaleko Orcaray dendaraino eta plazatik Amaia kaleraino. Galdeketan erabakitzen denaren arabera, zorua mota batekoa edo bestekoa izan liteke. Bestalde, Amaia kalea noranzko bakarrekoa bihurtuko da, sarrera Ardubil kaletik izanen du eta irteera Oskia kaletik. Amaia kaleak gaur egun duen sarbideen kontrola mantenduko du. Eta erdigunean sarbideen beste hiru kontrol jarriko dira: San Martin eta Lizarra kaleak elkartzen diren tokian, Lizarra kalea eta Ugaldeta kalea elkartzen diren tokian eta Oskia kalean.
Lizarra kalearen ekialdean zuhaitzak jarriko dira eta jendea egoteko tokiak sortuko dira. Frontoia eta Lizarra kalea bat egiten duten tokian dauden zuhaitzak mantenduko dira eta gehiago landatu. Zola iragazlea jarriko da eta zutabeak eta baranda kenduko dira. Aldapan dagoen lorategia sortuko da. Altzari berriak ere jarriko ditu udalak. Parean dagoen iturriko plazatxoa egon lekua bihurtzeko zoladura, altzariak eta lorezaintza hobetuko dira.
Bestetik, Lizarra eta Ugaldeta kaleen bidegurutzetik aparkalekurainoko espaloiak 3,5 eta 4 metro arteko zabalera izanen du. Aldi berean, Amaia kalean Atakondoa eskolara joateko ibilbide segurua eginen dute oinezkoendako, behar bezala seinaleztatuko dutena. Horri lotuta, eskolaren sarrera ondoan dagoen egonlekua birmoldatuko du udalak. Azkenik, Lizarra kalean dauden edukiontziak itxitura baten barruan sartuko dituzte.
Lanek 471.000 euroko aurrekontua dute. Horiek finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik 250.000 euro jasoko ditu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker.