Oinezko eremuaren alde egin dute Irurtzunen

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 24a

Irurtzundarrak herri galdeketan botoa ematen.

Urbanizazio berria egitearekin batera oinezkoen eremua sortuko da Irurtzun erdigunean. Hala erabaki zuten irurtzundarrek martxoaren 15ean egindako herri galdeketan. Gauzak ongi, lanak udazken hasieran hasiko lirateke.

Aurreko legegintzaldiaren akaberan hasitako parte hartze prozesuari martxoaren 15eko, igandeko, herri galdeketak eman dio akabera. Herrigunearen urbanizazio berria egiterakoan dendariek eta elkarteek zuten iritzia jaso zuen lehenik udalak. Herrigunea birpentsatzeko saioan 50 bat irurtzundarrek parte hartu zuten azaroaren 27an. Batean eta bestean jasotako ideiekin udalak zirriborroa egin zuen, martxoaren 11ko hitzaldian azaldu zuena. Parte hartze prozesuan zehar azaleratutako ideia, oinezkoendako eremua behar zela, berretsi du herri galdeketaren emaitzak. 

Unai Razkin Iriarte alkateak esan duenez, "herrian inpaktu handia izan behar duen erabaki bat da. Horregatik erabaki zen aurretik herritarrekin gaia lantzea eta informazioa zabaltzea". Alkateak parte hartze prozesuaren balorazio positiboa egin du. Emaitzak ikusita, esan du "adostasun zabala" dagoela herrigunean ibilgailuen trafikoa mugatzeko. Gaur egun Lizarra kalean den horretan hirigintza oztopoak kendu, zorua maila berean jarri eta plaza handi bat sortuko dugu". Gaineratu duenez, "parte hartze prozesuan herrigunearen 'periferian' dauden beste lan batzuk ere txertatu ditugu proiektuan". Esaterako, Atakondoa eskolara joateko ibilbide segurua edota Ugaldeta kaleko aparkalekutik Lizarra kalera arteko espaloiaren zabalera handituko dute mugikortasun arazoak dituztenendako erosoagoa izateko. 

Alkateak jakinarazi duenez, "lanak uda aurretik eman nahi genituzke, udaren ondoren hasteko". Razkinek aurreratu duenez, lanek lau bat hilabeteko iraupena izan dezakete. 

Bide luzea
Razkinek nabarmendu duenez, herri galdeketak 30 urteko lanketa baten akabera dela. Gogoratu du saihesbidearen aldeko plataforma sortu zutela irurtzundarrek. "Lizarra kalea NA-7010 errepidea zen eta herri erditik trafiko handia pasatzen zen, asko kamioiak". Nafarroako Gobernuaren azken neurketaren Lizarra kalean egunero 1.400 ibilgailu zebiltzan eta San Martin kalean 2.331. Saihesbidea 2023ko udaberriarekin batera mustu zuten. Eta haren osagarri den autopistako Iruñerako noranzko sarbidea abenduaren 26an mustu zuten. "Herritarrak eta udaletako kideak elkarlanean aritu dira eta haien lana eskertu beharra dago", azaldu du. Irurtzungo Udalak udan eskuratu zuen Lizarra kalearen jabetza, eta orduan abiarazi zuen berriro parte hartze prozesua. 

Alkateak azaldu duenez, "saihesbidea irekitzean herriak hobekuntza nabaritu zuen, kamioi asko kendu ziren herrigunetik". Horren ondoren, irurtzundarrek herrigunean beraiendako oinezkoendako eremu bat egitea erabaki dute. Horrek, besteak beste, "lasaitasuna, segurtasuna eta bizi kalitatea emanen digu", esan du Razkinek. 

Mugikortasun plana 
Herrian mugikortasunarekin arazoa zegoela ikusita, udalak mugikortasun plana egin zuen. Haren helburuak dira ibilgailuen erabilera mugatzea eta lehentasuna oinezkoari ematea. Horretarako, aparkaleku berria egiten ari da elizaren ondoan. Horrekin batera, hainbat kaletako aparkalekuak ordenatu ditu, azkenak Herria eta Andia kaleak otsail akaberan. Bi kaleetako bizilagunekin bilera egin zuten abenduan, seinaleztapena egin aurretik. Akaborro industrialdeko sarreraren ondoan, Bi Ahizpe kalearen ondoan, aparkaleku gutxi zeuden inguruan, hemezortzi aparkaleku plaza sortu zituen udalak. Mugikortasun arazoak dituzten irurtzundarrekin bilera egin ondoren, zenbait espaloi ere egokitu ditu. Bajeretako pasabideen ordenantza ere indarrean da.