Irurtzundarrek, herri galdeketa bidez, erabaki zuten herrigunea eraldatzerakoan oinezkoei lehentasuna ematea. Irurtzungo Udalak lan horiek egiteko pausoa eman du orain: Lizarra kaleko zorua berritzeko lanak eman nahi ditu. Interesa duten enpresek maiatzen 27ko 12:00ak arte dute eskaintza aurkezteko aukera. Kontratua eskuratzen duen enpresak bost hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. Obrak 359.740,23 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute.
Lizarra kaleko San Martin eta Intxaurreta kaleen arteko zatia da berrituko dena, Amaia-Ardubil kaleetako izkina barne. Kalearen 2.650 metro karratu eta eskolaren ondoan beste 140 metro karratu. Kalean plazan daudenen antzeko harlauzak jarriko dira. Ibilgailuak pasako diren tokietan galtzadarriak jarriko dira. Kalean sei estolda berri eginen dituzte. Eta klima babeslekuko zoruan, berriz, porlanezko saretak eta zoru drenatzailea jarriko ditu. Bestalde, orain arte Irurtzunen erabilitako zuhaitz eta landareak erabiliko dituzte: lizarra, japoniar astigarra, jasmin faltsua, tuia eta belarra. Landareak ureztatzeko tanta bidezko sistema jarriko da. Eta edukiontzien inguruan lorontziak paratuko dituzte. Azkenik, San Martin kalearen ondoan taxiendako gunea eginen da.