Irurtzun erdigunea oinezkoendako bihurtzeko lanak hasi dira

Alfredo Alvaro Igoa

Irurtzundarrak Lizarra kalea zeharkatzen.

Udalaren mugikortasun planari ginga jarriko dio lanak.

Lizarra kalean oinezkoendako bihurtzeko lanak gaur, irailak 15, hasi dira eta otsailera arte iraunen dute. Obra Lakita SA enpresak eginen du eta horien truke 375.987,61 euro (BEZik gabe) jasoko ditu. Irurtzungo Udalak lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik 250.000 euro jasoko ditu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker. Lanak iraun bitartean, eta ondoren ere, motordun ibilgailuen trafikoa saihesbidetik bideratuko da. Bestetik, obrak irauten duen bitartean astearteroko azoka Gernika plazan eginen da.

Irurtzungo Udalaren mugikortasun planaren lanik garrantzitsuena, eta azkena, da Lizarra kalekoa. Plan horren barruan autoen aparkalekuen ordenazio berria egin da zenbait kaletan, aparkaleku berri bat egin da, beste aparkaleku bat erabat berritu da, kaleak margotu dira eta mugikortasun murriztuta duten pertsonendako aparkalekuak egin dira.

Ugaldeta eta Larraun kaleen artean dagoen aparkalekua berritu zenetik, Ugaldeta kalea norabide bakarrekoa bihurtu zen, Lizarra kalearen ondoko zatian izan ezik. Eginen diren lanen artean hango espaloia zabaltzea aurreikusi da, eta, hori eginda, Ugaldeta kale guztia norabide bakarreko kalea izanen da. Auto gidarien dinamikak aztertuko ditu udalak eta, horren arabera, etorkizunean Intxaurreta kalearen inguruan erabakiren bat hartuko luke.

Egitekoak 
Lanak despeditzean Lizarra kaleko zoru guztia altuera berean egonen da (2.650 m2). Ez da arkitektura oztoporik izanen San Martin kaletik Lizarra kaleko Orcaray dendaraino eta plazatik Amaia kaleraino. Foru plazan dauden harlauzen modukoak jarriko dira zoruan, eta ibilgailuak pasako diren tokietan galtzadarriak. Bestalde, Amaia kalea noranzko bakarrekoa bihurtuko da, sarrera Ardubil kaletik izanen du eta irteera Oskia kaletik. Amaia kaleak gaur egun duen sarbideen kontrola mantenduko du. Eta erdigunean sarbideen beste hiru kontrol jarriko dira: San Martin eta Lizarra kaleak elkartzen diren tokian, Lizarra kalea eta Ugaldeta kalea elkartzen diren tokian eta Oskia kalean.

Lizarra kalearen ekialdean zuhaitzak jarriko dira eta jendea egoteko tokiak sortuko dira. Frontoia eta Lizarra kaleak bat egiten duten tokia klima babeslekua izanen da. Han dauden zuhaitzak mantenduko dira eta gehiago landatu. Zola iragazlea jarriko da eta zutabeak eta baranda kenduko dira. Aldapan dagoen lorategia sortuko da. Altzari berriak ere jarriko ditu udalak. Parean dagoen iturriko plazatxoa egon lekua bihurtzeko zoladura, altzariak eta lorezaintza hobetuko dira.

Bestetik, Lizarra eta Ugaldeta kaleen bidegurutzetik aparkalekurainoko espaloiak 3,5 eta 4 metro arteko zabalera izanen du, mugikortasun arazoak dituztenendako erosoagoa izateko. Horretaz aparte, Lizarra kalean, San Martin kalearen ondoan, taxiendako gunea eginen da. Azkenik, Lizarra kalean dauden edukiontziak itxitura baten barruan sartuko dituzte.

Aldi berean, Amaia kalean Atakondoa eskolara joateko ibilbide segurua eginen dute oinezkoendako, behar bezala seinaleztatuko dutena. Horri lotuta, eskolaren sarrera ondoan dagoen egonlekua birmoldatuko du udalak. 140 m2-ri eraginen dio lanak.  

Parte hartzea 
Erdigunea birpentsatzeko parte hartze prozesua aurreko legegintzaldian abiarazi zuen Irurtzungo Udalak. Orduko hartan dendari eta elkarteekin saio bat egin zuten. Parte hartze prozesuak abiadura handiagoa hartu zuen 2023an saihesbidea zabaldu zenean eta 2025ean Lizarra kalea udalaren jabetzakoa izatera pasa ondoren. Parte hartze prozesuaren bigarren fasean 50 bat irurtzundarrek topaketa batean parte hartu zuten azaroaren 27an. Jasotako iritziekin proposamen bat ondu zuen udalak. Haren berri udaletxean eman zituen udalak eta, gainera, proposamena azaltzeko hitzaldia antolatu zuen martxoaren 11n. 

Parte hartze prozesua despeditzeko herri galdeketa egin zen martxoaren 15ean. Bi aukera zituzten herritarrek. Bata, Lizarra kalea oinezkoentzako gune bihurtze eta baimendutako ibilgailuendako sarbide mugatu eta kontrolatua jartzea. Bestea, oinezkoendako lehentasuna duen gune bihurtzea, norabide bakarrean eta abiadura txikian ibilgailuen sarrera librearekin. Aurreneko aukeraren alde egin zuten irurtzundarrek. 

Lanak despeditzen direnean irurtzundarrek aspaldiko aldarrikapen bat beteta ikusiko dute. Izan ere, 2002ko ilbeltzaren 5ean eratu zen herrian saihesbidearen aldeko plataforma. Orduan Irurtzun erdigunetik astegunetan 1.200 auto, 208 furgoneta eta 300 kamioi pasatzen ziren. Asteburuetan, berriz, 1.049 auto, 100 furgoneta eta 40 kamioi. Saihesbideak trafiko handia kendu zuen herri gunetik, eta ibilgailuen tokia aurki oinezkoek hartuko dute.