Pintada eta mehatxu faxistak salatu dituzte

Guaixe

Hainbat tokitan egindako pintaketen argazkiekin osatutako collagea. EH BILDU

Irurtzunez aparte, Nafarroako beste hiru tokitan ere egin zituzten. 

Leitzan, Lekunberrin, Iruñeko Mendillorri auzoan eta Irurtzunen " itxura koordinatua duten pintadak eta mehatxu faxistak agertu" ziren ostiral goizean. Hala salatu zuen EH Bilduk. Koalizioak azpimarratu zuenez, "pintadak ia berdinak dira eta guztietan nazien ikur eta mehatxu berberak errepikatzen dira".

EH Bilduk "gertakari horiek gorrotoaren diskurtsoen eta eskuin muturraren gorakadaren testuinguru zabalago batean" kokatu ditu. Koalizioak gaztigatu duenez, "pintaketa horien aurrean herri guztiz antifaxista bat dago, demokraziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokaren lehen lerroan".

Bestetik, Geroa Baik "erabat" gaitzetsi du pintada "faxistak, xenofoboak eta euskararen kontrakoak" agertu izana. "Gorrotoaren eta intolerantziaren aurrean, bizikidetza, errespetu eta demokrazia gehiago" eskatu du Geroa Baik.