Bernoako galtzada azaleratzen segituko dute

Guaixe 2019ko abu. 10a, 11:51
Bernoako galtzadan auzolanean.

Atzerriko 12 bat gazte bi astez lanean ariko dira.

Lizarraldeko laboreak, ardoa eta olioa eta Donostiako eta Pasaiako portuetako arrainak eta bestelako merkantziak Sakanan barna aurrera-atzera ibiltzen ziren mandoen bizkar gainean duela mende batzuk. Mandazainek, egungo kamioilarien modura, batera eta bestera eramaten zituzten merkantziak. Horretarako, galtzadak erabiltzen zituzten, eta horietako bat da Bernoa edo Berrenoako galtzada, Bakedanotik Santa Marinan barna Iturmendira jaitsi, eta basotik Ataunera jotzen duena. Adarrak ditu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko beheko basotik doan adarrak Iturmendiko Aizkibel-Mandabieta dermioan bat egiten du. Urdiaingoak mendi gainean. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egitearekin galtzadak garrantzia galdu zuen.

Baina galtzadaren arrastoek basoan segitzen dute, eta horiek azaleratzeko lanak duela lau hasi ziren. Sakanako Garapen Agentziarekin elkarlanean De Amicita gobernuz kanpoko erakundeak gazte boluntarioak ekarri ditu Bernoako galtzada azaleratzeko lanetan aritzeko. Munduko hainbat tokitako 12 edo 14 gazte etorriko dira. Aurten, joan den urtean bezala, Iturmendira etorriko dira gazte boluntarioak. Gaurtik 24ra izanen dira Iturmendiko parrokia-etxean ostatu hartuta. Nicolas Arbizu Gabirondo lanen koordinatzaile ariko da. Eta pentsatzekoa da, joan den urtean bezala, gazte atzerritarrekin batera herrietako boluntario gazteek eta adinduek ere parte hartuko dutela ondarea azaleratzeko lanean.