Mediku kontsultategia berritzeko eskaera atzera

Guaixe 2020ko mai. 26a, 09:39

Iturmendiko kontsultategia.

Osasunbideak ez du onartu Iturmendiko Udalak herriko osasun kontsultategia berritzeko aurkeztutako eskaera.

Iturmendiko Udalak aurten ez du jasoko mediku kontsultategia eraberritzeko edo egokitzeko lanetarako diru-laguntzarik. Osasun Departamentuak jakinarazi zuen deialdi horren bidez sei herritako kontsultategietako lanak lagunduko dituela. Guztira 949.492,06 euro banatuko ditu. Iturmendiko Udalak diru-laguntza jasoz gero kontsultategiaren leihoak berritu eta fatxadak eta estalkia hobetu nahi zituen. 

Victoriano Gabirondo Lanz jarduneko alkateak azaldu digunez, “1974an-edo eraiki zen etxea eta orduko leihoak ditu: kristal finak, dena zirrituak… Bizpahiru urte daramatzagu eskaera egiten baina ez digute ematen”. Osasunbideak jakinarazi duenez, 41 toki entitatek aurkeztu zituzten beraien proposamenak eta, lehentasunaren arabera, balorazio irizpideek Iturmendikoa 35. postuan utzi dute. 

Mediku kontsultategia Bakaikurako errepidearen ertzean dagoen etxea da. Duela urte batzuk iturmendiarren artean mediku kontsultategia herri erdira eramateko ideia zabaldu zen. Baina sendagileek egungo kokapena nahiago zutela adierazi zuten. Bestetik, pandemia dela eta Bakaikuko eta Urdiaingo mediku kontsultategiak itxita daude eta bi herri horietatik Iturmendira joan behar dute medikuarengana. 

Lanak 
Estafeta, Elizalde, Arrano Beltza, Konsistorial eta Zirrinkale kaleetako sareak eta zorua berritzeko lanak ilbeltzaren erdialdean hasi ziren. Euri uren eta ur beltzen sareak banatzen, gainontzeko sareak eta zorua berritzen eta herri-argiteriako kableak lurperatzen eta berokuntza sistemaren lehen faseko hodiak jartzen ari dira langileak. Gabirondok azaldu digunez, “zenbait tokitan itxura hartzen hasi da”. Baina lanak garagarrilaren akaberarako despeditzea espero dute. 

Iturmendiko Udala ez zen joan den urtean berritu eta 2015ean aukeratutakoa jardunean ari da. Gabirondok azaldu digunez, haien asmoa da lanak despedituta batzarra deitzea. Jarduneko alkateak azaldu digunez, “kudeaketa batzordea osatzeko bost pertsona behar dira”. Jendea izena ematera animatu du eta udaletik aterako direnek laguntza emateko prest daudela adierazi du. 

Ospakizunik gabe 
COVID-19 gaitzak sortutako osasun-krisia dela eta “udalak ezin du osasun segurtasuna bermatu eta horregatik ospakizun guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu”. Hala, maiatzaren 1ean ez zen pagorik jaso, maiatzeko sanmigelak ere ez ziren ospatu eta bakaikuarrekin batera ospatzen duten Trinitate eguna ere ez da ospatuko (aurten Bakaikuri zegokion antolakuntza). Gabirondok gaineratu digunez, garilean Karmengo amaren omenezko festak ere arrazoi berarengatik bertan behera gelditu dira. “Behar bada gauza puntualen bat egonen da, baina ez dantzaldirik edo herri afaririk”.