Mandazain Eguna, memoria historikoa

Guaixe 2022ko urr. 21a, 10:55

Bernoako galtzada ondoan fusilamenduari buruzko informazio ohola dago.

Mendetan Burundako ekonomiaren zutabe garrantzitsua izan ziren mandazainak oroitzeko eguna antolatu du Iturmendiko Udalak urriaren 22an. Eguna baliatuko dute duela 200 urte herrian egin zen 105 gizonen fusilatzea gogorarazteko.

Duela urtebete mustu zuten Bernoako galtzadako ibilbidea, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain artean 64 km-ko bide sarea osatzen duena. Garai bateko mandazainek ibilitako bideak bere baitan hartzen ditu ibilbide luze horrek, GR 323k. Imanol Arbizu Perpiña alkateak nabarmendu duenez, ″mandazainek Iturmendin aparteko garrantzia izan zuten. Ameskoa aldetik etorri eta Ataun alderantz jotzen zuten, eta alderantziz″. Iturmendiar ugari ere mandazainak izan ziren. 

Gaineratu duenez, ″Bernoako galtzada ibilbidea herritik pasatzen dela baliatuz mandazainen eguna ospatuko dugu″. Horregatik, Ataun, Ameskoa, Etxarri Aranatz eta Burundako udalak gonbidatu dituzte. Mandazainak elkartu eta Burundako herrietan San Anton kofradiak sortu zituzten. Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingoak segitzen dute, eta bere kideak ere gonbidatuak izan dira. Ekitaldien ondoren, Mandazain Egunak mahaiaren bueltan 65 bat pertsona elkartuko ditu. Ondoren musika emanaldia izanen da. Arbizuk jakinarazi duenez, ″ ez dakigu urtero, baina ideia da Mandazainen Eguna gehiagotan antolatzea″. 

200 urte atzera
Armadako koronel bat azkenekoz Iturmendin 1959an egon zen. Jose Luis Saez de Herediaren Diez fusiles te esperan filmaren zati batek herria eszenatoki izan baitzuen. Larunbatean, atzera ere, garai bateko militarrak, koronela tartean, Iturmendira bueltatuko dira. Zehazki, Gasteizko gudua irudikatzen duten Gasteizko Bataila 1813 elkarteko zenbait kide etorriko baitira. Azken horien egitekoa Sebastian Fernandez de Leceta, Dos Pelos, koronelaren eta bere gudarostearen fusilamendua irudikatzea izanen da, bai gertatu zen tokian, beheko basoko Erregengurutzan, bai herrian. 

Arabako mendialdeko Ulibarri Haranako herritarrak ere gonbidatu dituzte, Fernandez de Leceta hangoa baitzen. Bestalde, gertaeren berri emanez Nicolas Arbizu Gabirondok liburuxka idatzi du. Elebitan argitaratu du udalak. Larunbatean hura eskuratzeko aukera izanen da.  

Gertaera 
Hiru urteko liberalean (1820-1823) Fernandez de Lecetak Cadizko konstituzio liberala defendatu zuen. Haren kontra zeuden Fernando VII.aren aldeko erregezaleek armak hartu zituzten. Korolenaren gudarosteak Lizarran zeuden erregezaleei amore emanarazi zien. Fernandez de Lecetaren soldaduek 14 erregezale hil zituzten Muniainen eta Jaitzen 1822ko garilaren 14an. Eta Iratxen beste hiru. 

Heriotza haiek mendekatu nahi izan zituzten erregezaleek. Lizarran bi armadek aurrez aurrekoa izan zuten. Erregezaleen armada handiagoa zen. Erasotu zituzten eta haiek Deikazteluko elizan babesa hartu zuten Fernandez de Lecetarenak. Elizan sartu ezin zenez, erregezaleen buru zen Fernando Zabalak elizaren ateari su eman zion barruan zeudenak aterarazteko. 150 bat preso hartu zituzten.

Deikazteluko elizan preso hartu ondoren Zabalaren zutabeak Etxarri Aranatzera jo zuen, Quesada jeneral konstituzio zalearen armada nagusia atzetik zuela. Deikaztelutik Etxarri Aranatzera egun bakarrean joan ziren. Etxarrin enfrentamendua izan zuten. Ordurako presoetako batzuk galdu zituzten. Etxarrin Bernoako galtzada hartu zuten. Iturmendiko basoan gelditu ziren, Ibarbeltzgogainako zelaian (Erregengurutza deitzen da gaur egun). Fernandez de Leceta eta bere 125 soldadu presoak neka-neka eginda zeuden, lurrean eserita. Pagozabal portua zuten aurrean eta armada konstituzio zalea atzean. Zabalak haiek fusilatzeko agindua eman zuen. 105 hildako gelditu ziren basoan. Gainontzekoek, fusilak bigarrenez kargatu bitartean ihes egiteko aukera izan zuten. 

Erlazionatuak

Non ote daude 21.630 giza hezur?

Alfredo Alvaro Igoa 2021 abu 13 Iturmendi