Nicolas Arbizu Gabirondo Iturmendiko historia eta ohituren ikerlaria da. Parrokiako liburuak errebisatzen ari zela “Sebastian Fernandez de Lezetaren eta 104 soldaduren heriotza-agiria opatzeak harritu ninduen. Han jartzen duenez, hurrengo egunean udalak, auzolanean edo, basoan lurperatu zituen”. 1985 urtea izanen zen. Garai berean, Rafael Carasatorre Vidaurre historialari etxarriarra ibarreko despopulatuak eta toponimia ikertzen ari zen, eta Arbizuri galdetu zion: “Dospeloserrekalde. Iturmendin nolaz duzue halako toponimo arraroa? Heriotza agiriarena azaldu eta esan zidan koronel arabar bat zela. Eta horrela lotu genituen toponimoa eta heriotza-agiria”.
Arbizuk gurasoei entzuna zien etxean gertakariaz hizketan. Erregengurutza edo errengurutza toponimoa entzuna zion aitari. “Carasatorrek erretako gurutze gisa hartzen du. Niretako erregeren gurutza da. Pertsonaia garrantzitsu bat hiltzen denean, errege deitzen diote. Aitak zioen han errege bat hil zutela. Koronela zen. Garai haietan garrantzitsua zen”. Arbizuk ustezko gertaera tokira eraman zuen Carasatorre. “Hark Errengurutzara metal detektagailua eraman zuen eta laguntzen zioten gazte etxarriarrekin batera berunezko bala pila opatu zituen. Garaiko fusilek erabiltzen zuten zentimetro eta erdiko postak ziren. Haiek kargatzea minutu bat edo minutu eta erdi kostatzen zen”. Arbizuk gerora beste aurkikuntza egin zuen: “fusil baten perkusio harria, silex txiki bat”. Arbizuri iturmendiarrek baieztatu diote Errengurutzaran garai batean pago batean burnizko gurutze bat zegoela.
Errengurutzan galtzada eta fusilamenduari buruzko informazio panela.
Horretan gelditu zen bilaketa, baina Bernoako galtzada berreskuratzeko prozesua hastean piztu zen berriro fusilatutakoak opatzeko nahia, “bideari balio handiagoa emateko. Hobiren batean edo nonbaiten egon behar dute!”, adierazi du Arbizuk.
Bitoriano Gabirondo Lanz alkate izan da aurreko bi legegintzaldietan eta azaldu duenez, “duela sei edo zazpi urte Aranzadiko kideak etorri ziren, Pako Etxeberria buru”. Egun osoa egon ziren. Erregengurutza ondoan dago Dospeloserrekalde toponimoa. “Horregatik lagin-zuloak gehienbat harantz egin genituen, erreka aldera. Han harrobi bat zegoen, eta harri pila opatu genituen”. Erreka ondoan zulatu zuten eta georradarrarekin ibili ziren, “baina basoan badakizu, sasia, zainak… ez genuen ezer opatu. Aurreko legegintzaldian, bi hiru urtetan, hiru saiakera egin genituen. Pala batekin han eta hemen lagin zuloak egin genituen, baina alferrik”.
Carasatorrek opatutako balak. http://documentanavarra.blogspot.com/
Arbizuk azaldu duenez, “gero konturatzen zara oso zaila dela opatzea. Nola lurperatzen dituzu basoan hainbeste gorpu guztia zaina edo harria denean? Gerora konturatu gara leze edo zuloren batean hobiratu zitzaketela. Gurdiekin joaten bazara beste norabait lekualdatu ditzakezu. Baina oso zaila da”.
Iturmendiarrak garbi du: “ez zituzten herrira ekarri, normalean hildako tokian ematen zieten lur. Elizetan ehorzten zenean, familiaren hobiak ziren. Hilerriak gerokoak dira. Epidemiengatik elizetatik atera behar izan ziren ehorzketak. 1822an Iturmendin ez zegoen hilerririk. Lehenengoa, kanposantu zaharra, 1855eko da. Epidemia egon zen eta hilabete batean 30 pertsona hil ziren. Eta egungoa mila zortziehun eta luzekoa da”. Ikerlariak gaineratu duenez, “Fernando Zabalaren armada ahaltsua zen, agian 700-800 soldadu. Uste dut armadaren atzeko aldean zihoazela presoak. Galtzadan beharbada armadak kilometroko luzera hartzen zuen! Agian gutxien espero dugun tokian daude lurperatuta, Mandabita aldera edo. Herritarrak dira tokiak ezagutzen dituztenak. Ehundik gora gorpu sartzeko… Gerra erregezalearen galtzaileak ziren eta, horregatik, ez zieten kasu handirik eginen”.
Zein zen Dospelos?
Sebastian Fernandez de Lezeta Uribarri Haranan (Araba) 1770ean jaio zen. Haren izen txikia Dos Pelos zen (familiarena edo burusoila zelako?) Napoleondar Gerretako borroketan Hego Euskal Herrian eta Aragoin frantsesen aurka jardun zuen gerrillari. Francisco Espoz Ilundainen konfiantza osoa izan zuen Napoleonen aurkako gerran, eta Arabako borondatezko soldaduen lehen gudarostea eratu zuen. 1809 eta 1814. urteen artean jardun zuen gerrilla borrokan, batez ere. Buruzagi izan zen 1811ko Arlabango guduan, zeinean bere gerrillariek 1.600 frantses soldaduko talde bat garaitu zuten.
Gerra bukatzean, Espainiako armada erregularrean koronel kargua lortu zuen. Arabarrak ideologia liberala zuen, beste militar batzuen etsaigoa eragin zuena. Darocan eta Zuñigan izana zen eta Gasteizera lekualdatzea eskatu zuen. Kadizko konstituzioa ezarri eta 1820 eta 1823 artean hiru urteko liberala izan zen. Konstituzioaren kontrako eta Fernando VII.aren aldeko errege zaleek armak hartu zituzten, eta gerra piztu zen.
Dos Pelosen tropak 14 erregezale hil zituen Muniainen eta Jaitzen 1822ko garilaren 14an. Eta Iratxen beste hiru. Heriotza haiek mendekatu nahi izan zituzten erregezaleek. Lizarran bi armadek aurrez aurrekoa izan zuten. “Dospelos zalditeriarekin-eta zihoan, 300 bat ziren. Erregezaleen armada handiagoa zen. Erasotu zituzten eta haiek Deikazteluko elizan babesa hartu zuten. Elizan sartu ezin zenez, errealisten buru zen Zabalak elizaren ateari su eman zion. Barruan zeudenak keagatik irten ziren, eta 150 bat edo gehiago preso hartu zituzten”.
Deikazteluko elizan preso hartu ondoren Zabalaren zutabeak Etxarri Aranatzera jo zuen. “Quesada jeneralaren esanetara zegoen konstituzio zaleen armada nagusia iritsi zen eta erregezaleen atzetik abiatu ziren. Deikaztelutik Etxarri Aranatzera egun bakarrean joan ziren. Berrogeita puska kilometro! Eta haien atzetik konstituzio zaleen armada. Etxarrin enfrentamendua izan zuten. Ordurako presoetako batzuk galdu zituzten. Etxarrin Bernoako galtzada hartu zuten”.
Iturmendiko basoan gelditu ziren, Ibarbeltzgogainako zelaian (Erregengurutza deitzen da gaur egun). Fernandez de Lezeta eta bere 125 soldadu presoak neka-neka eginda zeuden, lurrean eserita. “Pagozabal portua eta Bernoa igo aurretik esan zuten: armada atzetik dugu, gurekin 120 preso daramatzagu…” Zabalak haiek fusilatzeko agindua eman zuen. 105 izan ziren hildakoak. Gainontzekoek, fusilak bigarrenez kargatu bitartean ihes egiteko aukera izan zuten, zauriekin edo ez.
Arbizuk jakinarazi duenez, “garaiko eskopetekin bi metrora egin behar zen tiro, distantzia handian ez zenuen asmatuko. Eta hiltzen ez bazuten baionetarekin ematen zioten. Alde ona, zen besoren batean-edo emanez gero! Berriro kargatu aurretik ihes egiteko aukera zenuen! Zerrendan falta diren 15ek horrela alde eginen zuten”. Etxarri Aranatzera joan, eta gertatutakoaren berri eman zuten. Quesadak han preso zeuden 15-20 erregezale hil zituen.
Iturmendin berreskuratutako Bernoako galtzadaren zati bat.
Galtzada
Aizkibel eta Erregengurutza artean dagoen galtzada zatia azalarazten ari dira Iturmendin, 600 metro dira. Orain arte hura azalarazteko egindako lanetan ferra asko opatu dituzte, batez ere mandoenak eta astoenak. Behi edo ideienek ere agertu dira. Errengurutzatik Bernoako gainera galtzadak 2,5 bat km egiten ditu, guztiak zaharberritzeko.
Iturmendiarrarak azaldu zuenez, “gure gurasoek erromatar galtzadez hitz egiten zutenean, asmakizun bat izan zitekeen. Baina toponimiak gauza ugari ulertzen lagundu digu. Bernoakoa zergatik ez da izanen Sakana gurutzatzen zuen erromatar galtzadaren (Bordele-Astorga) galtzada transbertsala? Nondik joaten ziren itsasora? Hau izan daiteke. Santa Marinako portuko zuloa Urbasako puntu baxuena da eta Altzaniako mendietan tokirik baxuena Bernoa da”.
Bernoako galtzadaren zatia Etxarri Aranatzen.
Gaineratu duenez, “arkeologia indusketarik ez dugu egin. Miliario bat opatzeak hipotesia baieztatuko luke”. Miliarioak antzinako galtzada erromatarretan milia bakoitzeko distantziak markatzen zituen errepide zutoin edo mugarriak ziren. Azkenik, Arbizuk dei egin du: “Iturmendin bakarren batek daturen bat baldin badu, etxean entzundako zerbait baldin badaki, ikertzaileek ongi etorria eginen diote. Batzuetan gauzarik tontoenek, topatu diren harri berezi horiek… informazio handia ematen dute”.
Heldu den urtean Fernandez de Lezetaren eta bere gizonen fusilatzearen bigarren mendeurrena beteko da. Kasua irekia dago.