Iturmendiko beheko basoan, Maugiaburu dermioaren inguruan, basolanetan ari zela, 62 urteko gizonezko bat hil zen atzo, lastailak 30. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, egurgilea mozketa lanetan ari zela, adar bat gainera erori zitzaion 16:00ak aldera. Ez beharraren ondorioz kolpe ugari jaso zituen gizonezkoak. Haraino joandako osasun langileek gizonezkoa egonkortzea lortu zuten, baina medikuarekin batera helikopteroan Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eramaten ari zirela hil zen.
Lan istripua izan zen tokira Altsasuko parkeko suhiltzaileak, suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldea, erreskate-helikoptero bat, Etxarri Aranazko medikua eta erizaina, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat (medikalizatua), helikoptero medikalizatu bat eta Foruzaingoaren patruilak bidali ditu bertara. Foruzaingoaren Iparraldeko Brigada Judizialeko agenteak ezbeharraren arrazoiak ikerketa eginbideak bideratu zituzten. Polizia Zientifikoko talde baten begizko ikuskapenak osatu zuen atestatua.
Iturmendiko basoan lastailaren 22an beste lan istripu bat izan zen. Basolanetan ari zen gizonezko bat erori eta hankan eta buruan hainbat kolpe hartu zituen.
Aurten Sakanan lan istripuan hil den hirugarren gizonezkoa da atzokoa. Bi hildakoetatik bat baso lanetan ari ziren eta bestea eraikuntzan.
Erreakzioak
CCOOk doluminak eman nahi dizkie hildako gizonaren senideei. Sindikatuak deitoratu egin du horrelako gertaerak Nafarroan gertatzen jarraitzea, eta langile klaseak bizimodua atera ahal izateko arriskuan egon ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu du.
Sindikatutik adierazi dutenez, "basogintzaren sektoreak arreta berezia behar du laneko arriskuen prebentzioan. Arlo horretan gertatzen diren istripuak, zenbakiez aparte, larritasun handikoak edo hilgarriak dira". Era berean, CCOOk gertaeren ikerketa sakona eskatu du, eta, halakorik balego, dagozkion erantzukizunak argitzeko. Sindikatuak gogorarazi duenez, "lan istripu guztiak saihets daitezke, eta, horregatik, dei egiten die enpresei lan arriskuen prebentzioari buruzko legea zorrotz bete dezaten".
CCOOren iritziz, "laneko ezbehar tasa Foru Erkidegoko adierazle sozioekonomiko txarrena da". Horregatik, beharrezkoa eta premiazkoa jo du Nafarroako Gobernuak behar beste baliabide bide bideratzea lan osasunera. Hori exekutiboaren "lehentasuna" izan behar duela gaineratu du. "Bestalde, enpresek serio hartu behar dute plantillen lan osasuna". CCOOk deitoratu du lanean galtzen diren bizitzak "bidegabekeria onartezina dira biktimarendako eta langile-klase osoarendako. Laneko ezbehar tasa, batez ere giza bizitzak galtzea dakarrenean, drama pertsonala, familiarra eta soziala da".
ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi die biktimaren lankide eta hurbilekoei, eta beharrezko ikerketak egin daitezela eskatu du, gertatutakoa argitu eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko. ELAren datuen arabera, 2025eko lehen hamar hilabeteetan 20 pertsona hil dira lan istripuz Nafarroan. “Gaur egun, Nafarroa da estatuko laneko heriotza tasarik altuena duen lurraldea, eta bi astean behin pertsona bat hiltzen da lanean edo hara bidean”. Atzokoa urteko bigarren heriotza da basogintza sektorean. ELAko kideek esan dutenez, “bertan, enpresek segurtasun neurri espezifikoak ezarri behar dituzte mota horretako ezbeharrak saihesteko, eta, hala ere, ezbehar tasa bereziki handia da, horrelako neurririk ez dagoelako”.
ELAren iritziz, “egoera horren erantzuleak patronala eta erakunde publikoak dira. Datu ofizialen arabera, Nafarroako enpresek ez dute prebentziorik egiten, edo egiten badute, paperean geratzen da”. ELAkoek gaineratu dutenez, “hala eta guztiz ere, patronalak absentismoari buruzko diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, enpresek beraiek sortzen dutenean; izan ere, baja arrunten erdiak lan-baldintza eskasekin lotuta daude”. Adierazi dutenez,”NOPLOI eta lan-ikuskaritzak kolapsatuta jarraitzen dute baliabide faltagatik, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio enpresa ez-betetzaileen aurkako zehapen-neurriak hartzeari. Batzuen zigorgabetasuna eta besteen konplizitatea eskutik doaz”.
ELAk salatu duenez, “Enplegu Plan berriaren bidez, datozen urteetan milioika euro esleituko zaizkie CEN, UGT eta CCOO sindikatuei, traumatologia bajak mutualitateetara bideratzeko eta Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura gaitzeko aitzakian. Horrek UPNren kontzertazio ereduari berriz heltzea suposatzen du, nahiz eta hamarkadetan zehar ez den eraginkorra izan ezbehar tasa murrizteko, eta baita osasun eta gizarte-babesaren sistema publikoaren pribatizazioan beste pauso bat ematea ere”.
ELAren iritziz, guztiz onartezina da. Hori dela eta, Elkarrizketa Sozialeko politikekin hausteko eskatu du ELAk, “baliabide horiek lan-ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte hirukoizteko erabiliz, gomendatutako batez besteko ratioarekin berdinduz eta, horrela, Nafarroako enpresetan eta lantokietan laneko segurtasun eta osasunaren arloan ematen ari diren ez-betetzeak behar bezala kontrolatu ahal izateko”.
LABek basogintza sektorea hilkortasun tasa handiena duen sektore bezala identifikatua du. Hain zuzen, eraikuntzak berak baino 10 aldiz hilkortasun handiagoa eragiten du urtez urte. Aurten dagoeneko bi hildako izan direla eta joan zen urtean hiru izan zirela azaldu du, "larriki zaurituriko langileen zerrenda luzea dago urtero". LABekoek adierazi dutenez, "kontuan izanik sektorea ez dela 1000 langilera iristen Euskal Herria osoan, datuak beldurgarriak dira".
Sindikatu abertzaleak adierazi du istripu tasa horren atzean prebentzio neurrien ez betetze orokortua dagoela. "Basogintza patronalak ez du inongo osasun bermerik eskaintzen. Sektoreak langile prekarizatuenak erabiltzen ditu bere mozkinak bermatzeko, ez du tresneria egokia erabiltzen, eta formakuntza eskasa ematen die langileei". Bada, sindikatuaren arabera, beste gako gehigarri bat istripu tasa honen atzean, lanaldiko ordu kopuru izugarria. "Ohikoa da goizaldetik iluntzera arte langileak basoan topatzea, horrek urte garaiaren arabera 12 ordutako jardunaldia suposatzen du. Nekea, beraz, arrisku faktore oso nabarmena da bereziki sektore honetan, istripuak eragiteko arrazoi garrantzitsua".
Nafarroan basogintza lanak batez ere eremu publikoetan garatzen dira eta hortaz, "administrazioak baditu tresnak patronalaren araudi hausteak mugatzeko", salatu du LABek. "Hain zuzen esleipen pleguak erabili daitezke araudiaren ez betetzeagatik isunak jartzeko, lanorduak kontraktualki mugatzeko eta beste hainbat baldintza ipintzeko, esaterako, prebentzio baliabidearen presentzia baso-lan guztietan behartzeko".