Irurtzungo saihesbidea martxo akaberaz geroztik zabalik dago, eta horrek herri erditik trafikoa kentzea ekarri du. Irurtzundarren eta hainbat arakildarren aspaldiko eskaera da A-15 autobian Iruñerako sarbidea egitea. Gaur egun halakorik ez dago eta, Irurtzungo saihesbidearen bigarren fasea balitz bezala, Nafarroako Gobernuak lotura hori egiteko lanak udaberrian eman nahi ditu. "Irurtzungo Udalak mugitu du guztia, baina ondorioak Izurdiagan pairatuko ditugu. Horregatik aurkeztu ditugu alegazioak", azaldu du Luis Beraza Ameztegik, kontzejuko presidenteak.
Behin lanak despedituta, Izurdiagan trafikoa haziko dela aurreikusi dute. Horregatik, kontzejuak ibilgailuen abiadura murrizteko zebrabide goratuak jartzea eskatu dio Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari. Trafikoaren hazkundeak zarata gehiago izatea ekarriko du Irurtzungo muga eta autopistarako sarbide berriaren artean. "Horri lehendik ere A-15 autopistak eragiten duen zarata gehitu behar zaio. Hori kontuan izanik, zarata murrizteko neurriak hartzea eskatu dugu", azaldu du Berazak.
Zerbitzuak berriro jartzea
Autobiarako sarbideko errepide berria Izurdiagako saihesbidetik abiatzen den errepide baten bidez eginen du gobernuak. Proiektua aztertu ondoren, kontzejukoak jabetu dira Izurdiaga ondoko AP-15eko zubiaren ondotik abiatzen diren autopistako zerbitzu bidea eta dermioko bideak moztuta geldituko direla errepide berriagatik. "Bi partzelarako sarbiderako balioko dute bakarrik. Horregatik eskatu dugu bakarrik bide bat uztea eta bestea lehengoratzea eta landareztatzea. Horretarako, obrarekin mugituko duten lurra erabil dezakete", azaldu du kontzejuko buruak. "Era berean, errepide azpiko bidearen sarbidea bertan behera utziko denez, errepideari eusten dion ezpondaren moduko zerbaitetan bihurtzea beharrezko jotzen dugu", gaineratu du.
Horrekin batera, Izurdiagako Kontzejuak eskatu du NA-7010 errepidea herriko San Joan auzoarekin lotzen duen bidea berriro jartzea. "Auzora sartzeko trenbide azpiko sarbidea ibilgailu arinendako da bakarrik. San Joan auzora ibilgailu astunak sartzeko trenbide azpiko sarrerak ez du balio. Konpontzea eskatzen dugun dermioko bidea da suhiltzaileen kamioiak, zama lanetako kamioiek edota hormigoi kamioiak erabili behar dutena. Horretarako dagoen bide bakarra da", azaldu du Berazak. Gaineratu duenez, "2018an San Joan auzoko etxe batek su hartu zuen eta suhiltzaileei sarbidea adierazteko, errepidera joan behar izan genuen, zein bide hartu adierazteko".
Ibilgailu astunak San Joan auzorako sarbide egokia izateko, dermioko bidean hainbat lan egitea eskatu du Izurdiagako Kontzejuak. Alde batetik, bidea asfaltatzea. Beste aldetik, kurben trazadura behar bezala egokitzea. Azkenik, bidearen malden gainaldea egokitzea. "Izurdiagako saihesbidea egin zenean NA7010 errepidearen eta San Joan auzoaren arteko lotura egiteko dermioko bidea lotura nahikoa zela esan zen. Ez da hala sekula izan. Horregatik nabarmendu dugu bide horren konponketa premiazkoa dela", azpimarratu du Izurdiagako kontzejuko presidenteak. Berazak gaineratu duenez, "azken urteetan autopistaren zerbitzu bidea erabili dute ibilgailu astunek auzora joateko. Baina obra berriarekin bide hori moztuta geldituko denez, arazo horri konponbidea eman beharrean dago Nafarroako Gobernua". Bestetik, kontzejuak lanen ondoren paisaia lehengoratzeko ezpondetan landareak jartzea beharrezko jo du. Azkenik, kontzejuak jakinarazi du ez duela utziko sarbide berriko argiteriarako elektrizitatea bere argindar koadroetatik hartzen.