Astekaria

"Ez nuen espero, baina oso kontent nago"

Roberto Martil Xotak egindako elkarrizketa batean. XOTA

Osasuna Magna Xotako kapitainak, Roberto Martilek, Miguel Hernandezen postua hartuko du eta taldeko bigarren entrenatzailea izanen da

Poliki-poliki. Hala dijoa Roberto Martilek iragan martxoan egin zuen lesio hirukoitza. Hain zuzen ere, luze joko du errekuperazioak, eta abendura arte ezingo du berriz jokatu. Albiste guztiak, alta, ez dira beltz; Xotako kapitainak kontratua berritu du talde horrekin eta, gainera, bigarren entrenatzailea izanen da, Miguel Hernandezen ordez, honek Xotaren lema hartu eta gero. Irurtzundarra gogotsu azaldu da.

Datorren denboraldiak berrikuntza asko ekarriko ditu. Besteak beste, Osasuna Magna Xotarekin kontratua luzatu duzu eta bigarren entrenatzailea izanen zara. Ezustean harrapatu zaitu?
Kontratua luzatuko zidatela argi genuen bi aldeek, baina ez nuen inondik inora espero bigarren entrenatzailea izateko egin didaten eskaintza. Ezustean harrapatu nau, eta hainbat bilera egin behar izan ditugu dena ondo lotzeko, ez baita ohikoena jokalaria izatea eta aldi berean entrenatzailea. Hesi hori apurtu beharko dugu, orain arte bezala beste jokalari bat bezala ikus nazaten, eta jokalariei argi utzi zeintzuk izanen diren nire egitekoak. Dena den aukera ona da niretzat eta baita klubarentzat ere; uste dut baliagarria izan naitekeela. 

Nola bateratuko dituzu bi jardun horiek?
Nire egitekoa ez da lehenengo entrenatzailearen berdina izanen; Miguel Hernandez izanen da erabaki garrantsitsu guztiak hartuko dituena eta gorputz teknikoaren pisua bere gain hartuko duena. Ni euskarria izanen naiz. Aginduak emanen ditut, bai, baina ez da orain arte egin dudanaren oso ezberdina, azken finean taldearen kapitaina naiz. 

Arraroa eginen zaizu?
Ziur baietz. Ez dakit bankilloan egonen naizenetz, hala bada arraroa eginen zait bertan entrenatzaile gisa aritzea talde teknikoa laguntzen, eta ez jokalari gisa. Aukera guztiak ari naiz aztertzen orain. Halaber, hamar urte eman ditut emakumezkoen senior taldea entrenatzen, beraz, ez zait hain arrotza eginen. 

Kontent zaude?
Bai, ilusio eta erantzukizun handiz hartu dut. Xotak jokalari ororen gainetik egon behar du, eta espero dut kategoria salbatzeko gai izanen garela, areto futbola ezin baita soto ilun batean erori. Nik uste dut nibel handiko plantilla osatuko dugula, eta urrun ailegatuko garela. 

Miguelekin buru-belarri ibiliko zara egun hauetan…
Oso intentsoa ari da ziaten. Gauza asko daude egiteke eta lotzeke: jokalarien altak, bajak, denboraldiaren planifikazioa… asko ikasten ari naiz eta asko dut ikasteko. Miguel ere oso pozik dago, gogo askorekin. Esperientzia handia du bere gain, oso ondo ezagutzen du kluba. Plus handia da Xotarentzat. Egun osoa gabiltza hizketan, Whats App mezuak, deiak…

Imanol Arregirekin ere eginahaletan ariko zara…
Imanol gure parte da. Oraingoz fitxaketa batzuekin laguntzen ari zaigu; jende asko ezaguzten du eta jokalari onak aurkitzen dizkigu, oso baliagarriak zaizkigunak. Bera izan zen pausu hau ematera animatu ninduena.

Aldaketak egonen dira kirol-proiektuan?
Bai. Egitura aldetik aldaketak egonen dira taldean; bajak, altak… Berriki Oihan Sanchezek taldea utzi du, esaterako, eta atezain berri bat fitxatu dugu, Alejandro Palazón murtziarra. Beste urteetan bezainbeste ez sufritzeko ekipo bat osatzea espero dut, afizioa ere identifikaturik sentitu dadin.