Super-igandeen atarian

Erabiltzailearen aurpegia Marian Mendiola Barandalla 2019ko mar. 29a, 08:35

Laster hainbat hauteskunde izango ditugu, “super-igandeen” betekada. Martxan da politikaren makina. Nola ihes egin politikaz ez hitz egiteari? Badakigu den-dena politika dela, hartzen ditugun-dituzten-diren erabaki guztien atzetik beti dagoela politika: kulturan, osasunean, umorean, hizkuntzan, hezkuntzan, ekonomian, kontsumoan, zaintzan, gatazka konponketarako estrategietan, argazkilaritzan, familia ereduetan, kirolean, kliman, eta abar.

Boteretzearen azken erronka eragin politikoa, intzidentzia politikoa lortzea izan ohi da. Hala ere, ahaztu egiten dugu ekintzapolitikoak egunerokoan egiten ditugula, eta edonoren esku dagoela inplikazioa. Baina politika, ez da agintarien, politikarien, monopolioa! Emakumeoi hau onartzea kosta bazaigu ere, parte-hartze sozial eta politikoa egiten ari garela ohartu eta onartu beharra daukagu.

Udal eta Foru hauteskundeak ate joka ditugun honetan, denok daukagu zer egiteko eta zer esateko. Esaten da eragin politikoa, modu eraginkorrean lortzeko, inguruaren ezagutza sakona eta errealitatearen analisia egitea behar-beharrezkoa dela. Horretarako, ez dugu urrutira joan beharrik, tokiantokiko esparruak ezin hobeak baitira. Gainera, hori den-denok egin dezakegu, gauden tokian gaudela.

Egunero egiten dugun edozein ekintza, txikia bada ere, politika al da? Noski, ez dut zalantzarik. Hau ez dut nire uztatik atera, Kate Millet-en “Pertsonala ere, politikoa da” leloa gogoan izan dut. Baita ere, gogoratu dut Betty Friedanek “Feminitatearen mistika” liburuan emakumeak etxean mantentzeko “indar ideologikoa” salatu zuela. Angela Davis-en berriki itzulitako liburua ere gogoan izan dut, “Emakumeak, kultura eta politika”. Egunero berdintasunaren alde lan egiten duten guztiak ere izan ditut gogoan.

Azken garaiko leloa ekarriz, “ez dago atzera bueltarik”, emakumeon ahalduntzearekin eta jabetzarekin konpromisoa gero eta handiagoa da. Orain, parte hartzeko baldintzen hobekuntzak izan behar du erronka. Alde batetik, emakumeek gizarte eta politikan parte hartzea oztopatzen duten genero estereotipoak ezabatuz eta, bestetik, emakumeak erabaki guneetara iristea ahalbidetuz; gero eta urrunago baitago politika “gizonen gauza” denaren ustea. Horren adibide, azken garaiko aldarri sozio-politikoetan ageri diren emakume-neskak ikusi besterik ez ditugu; bejondeizuela!!!