Azpimarratu zure aukera (prebentzioko udako kanpaina)

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Prebentzio Zerbitzua 2019ko uzt. 19a, 08:10

Drogen kontsumoak nabarmen egiten du gora udan, nahiz eta jende guztiak ez duen kontsumitzen, jakina. Izan ere, aisialdi gehiago dugu, herri askotan festak ospatzen dira, oporrak ditugu… eta faktore horiek guztiek eragina dute kontsumoan. Droga-menpekotasunaren aurkako programen arduradunok drogen kontsumoaren prebentzioaz eta drogen erabileraz gogoeta egitera gonbidatu nahi zaituztegu aurtengo udako kanpainaren bidez.

"Azpimarratu zure aukera” da aurtengo kanpainaren leloa, eta haren bidez drogen kontsumoa ulertzeko funtsezko hiru gairi buruz pentsatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Alde batetik, PERTSONA dago. Nor bere erabakien arduraduna da, baina, hartzen dituen erabakietan eragin zuzena dute norberaren berezitasunek eta une horretan duen egoera pertsonalak. Beraz, drogak kontsumitzean erabakigarria izango da nola nagoen: deskantsatuta/nekatuta, bakarrik/beste norbaitekin, gaixo/sasoian, ondo janda/gutxi janda, eta abar. Horrek guztiak, jakina, ondorioak izango ditu gure kontsumoan. Guztiz pertsonala da drogak kontsumitzeko erabakia, eta norberaren ezaugarriek eragin zuzena dute kontsumo horrek guregan izango dituen ondorioetan. Substantzia berberak ez du berdin eragiten, eta, beraz, eragina gure izaeraren eta egoeraren baitan egongo da askotan.  

Bestaldetik, INGURUNEA dago. Agian uste dugu gure inguruneak ez duela zertan eragin gure kontsumoan. Hala ere, hobeto pentsatzen badugu, dirudiena baino eragin handiagoa duela ikusiko dugu. Gizakiak gara eta normaltzat hartzen dugu gure komunitateak belaunaldiz belaunaldi ohikotzat jo duena, idatzitako arauetatik harago. Denok dakigu legeak debekatu egiten duela adingabekoek alkohola kontsumitzea. Hala ere, egunerokoak esaten digu oso gutxi direla alkoholik kontsumitu ez duten adingabeak, eta gizarteak guztiz normaltzat jotzen duela egoera hori (beste kultura batzuetan, berriz, pentsaezina da adingabeek alkohola kontsumitzea).

Era berean, inguruneari guztiz lotuta dago kontsumoa nola eta non egiten den. Hau da, ez da gauza bera bazkalondoan likore bat hartzea, autoa hartu behar ez duzula edo likore hori bera hartzea baraurik zaudela eta ondoren lanera joan eta han makina bat maneiatu edo gidatu behar baduzu…Arriskuak desberdinak dira eta kontsumitu aurretik norberaren inguruko egoera zein den ikusi, eta horren arabera baloratu beharko genuke kontsumituko dugun ala ez.

Azkenik, SUBSTANTZIA aipatu behar dugu. Argi dago alderdi hau kontuan hartu behar dela kontsumoak ulertzeko orduan. Ezinbestekoa da kontuan hartzea zer motatako substantzia den, zer ezaugarri dituen... Izan ere, era askotako substantziak daude, hala nola bizigarriak, depresoreak, psikoaktiboak… (haluzinogenoak=haluzinazioak eragin ditzakete, hau da, horiek hartuta, ez dauden gauzak ikus daitezke edota psikodelikoak=gauzak deformatuak ikustea). Horiek guztiek eta kontsumitzen den kantitateak eta kontsumitzeko moduak eragin zuzena dute gure kontsumoan eta haren ondorioetan. Kontsumitzen diren substantziek, azken batean, ezaugarri desberdinak dituzte, eta gizakiok erabakitzen dugu kontsumitu ala ez, baita zer motatako kontsumoa egiten dugun ere, askotan inguruneak eraginda kontsumitzen dugulako.

Herritar guztioi gaiari buruzko gogoeta egiteko eskatu nahi dizuegu honen bidez. Informazio hau bereziki zuzenduta dago 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei. Nolanahi ere, ohar hau gazte horiei eta haien familiei ere bidaliko diegu, gaiari buruz gogoeta egin dezaten. Oharrarekin batera, hiru puntadun errotulagailu bat jasoko dute gaztetxoek. Hiru punta horiek gorago aipatu ditugun gaiak irudikatzen dituzte, hain zuzen ere:  PERTSONA, INGURUNEA eta SUBSTANTZIAK.