Gurean jarraitu

Erabiltzailearen aurpegia Sasoia jubilatuen elkartea 2019ko ira. 6a, 08:13

Aldapa gora egiten ari zait berriz ere, idazten hastea. Torpe ikusten naiz hizkia sakatzerakoan, ezabatzeko teklari lana pilatzen ari zaio. Buruak ere, badirudi oraindik ez duela erritmorik hartu baina, "GUAIXE" zain dukat eta bere irakurleak ere bai. Iratzargailurik hoberena zuek izan zarete.

Gaiari dagokionez, izenburuan agertzen den bezala, gureari jarraituko diot, ez alperkeriagatik, gureak gaurkotasunik galtzen ez duelako baizik. Jubilatu eta pentsionistek gizartean eta politikoen agendetan sartzera lortu dugu eta gure protagonismoari goian eutsi beste biderik ez daukagu.

Hauteskundeen emaitzak ez digute ziurtasunik ematen jubilatuoi. Bi hilabete baino gehiago pasatu dira eta Gobernua osatu gabe egon arren, iritzi kezkagarriak iristen zaizkigu banku, finantza talde eta instituzioetatik: Gizarte Segurantzaren defizita 2020an 30.000 milioikoa izango dela, Nafarroako jubilatuen kolektiboa gehiena kontsumitzen duen kolektiboa dela… Zergatik ez digute esaten alargun gehienak hilabetean 711 eurotik behera kobratzen dutela, bankak ez dituela itzuli bere zorrak kitatzeko eman zizkioten milioi pila, Zerga Iruzurrak…

Ozenki esan behar dugu, "EZ  DAGO  BORONDATE  POLITIKORIK". Ez dute Pentsioen Sistema Publiko bat bermatu nahi, ez dituzte diru sarrerak aurre-kontuen bidez bermatu nahi, ez diote aurre egin nahi zerga-iruzurrari, ustelkeriari, kotizazioei…

Gauzak horrela, ezinbestekoa da jubilatu eta pentsionisten mugimenduak aurrera jarraitzea. Urriak 1, Pertsona Nagusien nazioarteko eguna da eta lau herrialdeetan kalera aterako gara gure aldarrikapenak gizarteratu eta hemen gaudela adierazteko. Aurreratzen dizuet udazkena ere beroa izango dela. Informatuko zaizue.