Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Energia Berriztagarrietako ikasle den Amaia Araiz Sakanan energia hidraulikoak duen potentzialtasuna gradu amaierako lan gisa ikertzen ari da. Txostena iraila ingururako izango du prest (otsailerako egitea gustatuko litzaiokeen arren, ordurako oraindik zenbait aspektu izanen ditu definitzeke), baina jadanik ondorio nagusi batera iritsi da: Sakanak energia hidraulikoan duen gaitasunarekin posible izango litzateke aprobetxamendu energetikoa burutzea. Beste era batera esanda, ibarrak energia mota horretan duen potentzialarekin aprobetxamendu optimo bat egin liteke, etxeetara eta industrietara eramateko moduko aprobetxamendu bat, hain zuzen.
Potentzial hori neurtu ahal izateko, Araizek faktore ugari hartu behar izan ditu kontuan: prezipitazio kopurua, ibaien emaria, lurzoru eta begetazio mota… Balore horiekin guztiekin balizko zentral hidrauliko batean erabili beharko litzatekeen turbina mota zehazten da, potentzia bakoitza behar bezala aprobetxatu ahal izateko. Zentzu horretan, Sakanak ezaugarri bereziak dituela uste du Araizek: “Sakana prezipitazio ugariko ibar bat da, eta ibaien emariak aukera ematen dizu aprobetxamendua egiteko. Ur asko jasotzen duen arro batean dago, eta horrek abantaila handiak ematen dizkizu”.
Bestalde, ibaietan erabilpenik gabe dauden zentral hidraulikoen kopuruak bereziki harritu du Araiz. Haren esanetan, potentzial hidrauliko handia ateratzea ahalbidetuko luketen zentral ugari daude erabilpenik gabe. “Errotaineko zentralak, esaterako, instalazio oso egokiak ditu; nahiko zaharrak, baina oso ongi kontserbatuak”, gehitu du Araizek.
Energia berriztagarriak, erregai fosilen alternatiba
Aipatutako azterketa Sakanako Garapen Agentzia egiten ari den ikerketa orokorrago baten barruan dago. Berau Sakanako Plan Estrategikoa definitzerakoan sortu zen, ikusten baitzen energia berriztagarrien alorrean beharrezkoa zela azterketa sakon bat egitea. Gauzak horrela, duela bi urte biomasaren inguruko azterketa bat egin zen, zeinaren ondorioa den egun udalak aurrera eramaten ari diren ustiapen plangintza. Orain, Araizez landa, EHUko beste ikasle bat dabil aipatu ikerketa orokorrean murgilduta, kasu horretan, energia eolikoa jorratzen. Hortaz, gaur egun ikerketa energia hidrauliko eta eolikoan dago zentraturik.
Garapen Agentziako arduraduna den Aintzane Iriberriren esanetan, Sakanak energia berriztagarri ezberdinetan duen potentziala jakiteak garrantzi handia du. Izan ere, Iriberriren arabera, erregai fosilak geroz eta baztertuago daude, eta egoera horretan dagoen alternatiba bakarra energia berriztagarriena da. Dena den, Garapen Agentziako arduradunak oraindik epe luzeko planik ez dutela egin adierazi du: “Emaitzen arabera, gauza bat edo bestea eginen dugu. Lehenik eta behin, Sakanako eskualde bakoitzak duen potentziala zein den jakin behar dugu. Gure asmoa proiektu ezberdinak sortzea izanen litzateke. Azkenean, energia berriztagarriak eguneroko gauza direla ikusten dugu, eta argi daukagu eredu energetikoa aldatu beharra dagoela. Orduan, hori aurrera eramateko lanean ari gara”.