1.- Zein da Iruñea Harrera Hiria taldearen helburua?
Europara etorritako errefuxiatu eta migratzaileek bizi duten egoera azaleratzea da kolektiboaren xede nagusia, gobernu europarrek harturiko migrazio politika gaitzesgarriak salatzearekin batera. Horretaz aparte, herritarren kontzientziazioari ere garrantzi handia ematen diogu.
2.- Nolako ekimenak egiten dituzue?
Orain arte astelehenero elkarretaratzeak egin ditugu, gobernu ordezkaritzaren egoitzaren aurrean. Gainera, asanblada irekiak egiten ditugu. Izan ere, aintzat hartzekoa da talde hau herri ekimena dela. Ateak edonorendako daude irekita. Bilera eta ekintzetan ahalik eta jende gehien egotea nahi dugu. Bestalde, noizean behin informazio banaketa eta performance moduko ekintzak egiten ditugu.
3.- Zenbat pertsonak osatzen duzue?
Azken asanbladetan 20-30 bat kide elkartu gara. Kolektiboa sortu zenetik kide kopuruak ez du aldaketa handirik izan. Dena den, ekintzetan geroz eta jende gehiagok parte hartzen du. Esaterako, azken manifestazioak oso jendetsuak izan dira. Hori oso pozgarria da, erakusten baitu egiten dugun lanak oihartzuna duela.
4.- Zergatik erabaki zenuen kolektiboan sartzea?
Interes pertsonaletik abiatu nintzen, informazioa lortu nahi nuelako batik bat. Pixkanaka gaiaz sentsibilizatzen, eta taldeko kideekin harremanak estutzen joan nintzen. Horrela, bertan denbora luzez parte hartzeko erabakia hartu nuen.
5.- Nola definituko zenuke Europak errefuxiatuekiko hartu duen jarrera?
Europak interes ekonomikoak pertsonen beharren aurretik jarri ditu. Errefuxiatuen egungo egoera jarrera horren emaitza da. Gobernu europarrek giza eskubideak alde batera utzi dituzte, beraien interesak aurrera eramateko.
6.- Jarrera hori salatzeko intentzioz, gaur Greziara joanen zarete.
Egitasmo benetan potentea da. Gaurtik 24ra arte da. Bidai hau errefuxiatu eta migratzaileek Europara iristean bizi duten egoera salatu eta haiekiko elkartasuna erakusteko modu ezin hobea da. Karabanaren bidez ezezkoa eman nahi diogu egungo Europari. Argi daukagu ez dugula jendearen eskubideak bazter uzten dituen Europa hau nahi. Bidaiarekin aldarri hau lau haizeetara zabalduko dugu.
7.- Bertan zer ekintza egitea duzue aurreikusita?
Greziara iritsi aurretik, zenbait herrialdetan geldialdiak eginen ditugu, bertako jendearekin esperientziak elkarbanatu, eta salaketa ekitaldiak egiteko. Behin Greziara iritsita, Europar Batasunaren eta bertako estatuen migrazio politikak salatzen jarraituko dugu. Horretaz aparte, Europako mugetan blokeaturik dauden pertsonei gure autobusak eskainiko dizkiegu.
8.- Nola otu zitzaizuen bidai hau egiteko ideia?
Salaketa ekintza posibleak pentsatzen ari ginela, duela urte batzuk Mexikon egin zen zapatisten karabanaren moduko zerbait antolatzea otu zitzaigun. Guztiei aukera aparta iruditu zitzaigun, beraz, aurrera eramatea erabaki genuen. Gauzak horrela, behin egitasmoa garatzen hasita, beste kolektibo eta herrialde batzuekin elkarlanean aritzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Hortik abiatuta, Gasteiz Irekiak taldearekin eta Bilboko Errefuxiatuak plataformarekin elkartu ginen. Haiei ere sekulako ideia iruditu zitzaien. Horrela, ekimena hiru taldeen artean eraman genuen aurrera. Ondoren Espainiako Estatuan ere zabaldu zen, eta beste zenbait herrialdetako plataformek ere bat egin zuten karabanaren egitasmoarekin.
9.- Halako egitasmo bat aurrera eramatea ez zen lan xamurra izanen…
Egia da horrelako karabana bat antolatzeak lan handia suposatzen duela, baina kanpotik jaso dugun laguntza guztiak prozesua asko erraztu digu. Gainera, azpimarratzekoa da bidaiaren kostuei aurre egiteko hainbat egitasmo egin ditugula. Adibidez, bidaia ordaintzeko zailtasunak zituztenei laguntzeko bonoak saldu ditugu. Ez genuen inondik inora bidaiaren kostua oztopo izaterik nahi.
10.- Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Oso ona. Herritarrek ekintzetan parte hartu, eta laguntza ekonomikoa eskaini dute. Hori gutxi balitz, asko Greziara joatera animatu dira. Jendearen jarrera txalotzekoa izan da.
11.- Errefuxiatuek babes hori guztia eskertuko dute.
Bai, dudarik gabe. Elkartasunak aurrera egiten lagunduko die. Gobernuek bizkarra eman diete, baina jendearen elkartasunari esker bakarrik ez daudela sentituko dute. Dauden egoeran egonda, oso garrantzitsua da errefuxiatuek Europako herritarren berotasuna jasotzea. Dena den, azpimarratu behar da errefuxiatuen krisiari konponbidea emateko giltza Europar Batasunak duela. Lehen urratsa mugen blokeoa bertan behera uztea izan beharko litzateke. Une honetan pertsona orok migratzeko duen eskubidea urratzen ari da Europa, eta hala egiten jarraituko du mugak zabaldu ezean.