Sakandar bat eliteko arraunean. Bitxia. Nola eta noiz hasi zinen?
Askotan egiten didate galdera hori. Markinako festetan egon nintzen duela urte batzuk, eta taberna bateko telebistan estropada zegoela ikusi nuen. Une horretan, zerbait mugitu zitzaidan barruan. Kirol interesgarria iruditu zitzaidan. Nafarra izan arren, betidanik gustatu izan zait itsasoa, eta akaso horregatik erakarri ninduen arraunak. Lehengusua Hernanin aritua zen arraunean, eta berak San Pedroko jendea ezagutzen zuen. Aipatu zidan bi traineru zituztela, eta aukera izan nezakeela formazioko traineruan sartzeko. Hala sartu nintzen arraunaren munduan, duela hiru urte.
Joan zen urtean egin zenuen debuta San Pedroren traineru nagusian. Nola iritsi zitzaizun aukera hori?
Lehenik, arrauna zer den ikasten aritu nintzen. Bigarren traineruan oinarrizko gauzak joan nintzen barneratzen, eta asko estutu nuen arraunarekin nuen harremana. Bertan hasi nintzen arraunlari bihurtzen. Gauzak hala, arraunlari batzuk taldetik joan ziren iragan denboraldian, eta, orduan, entrenatzaileak traineru nagusian aritzeko aukera eskaini zidan.
Zuretzat gauza handia izango zen A traineruan debutatzea, ezta?
Bai. Urduritasun handiz bizi izan nuen. Eusko Label Ligako estropadetako parafernalia berria zen niretzat: kamerak, megafonoak, helikopteroa… Ordura arte halakorik zuzenean ikusi gabea nintzen. Zierbenako estropadan egin nuen debuta. Nekatu ederra hartu nuen, baina, tira, ondo joan zen. Ondoren, beste bi banderatan izan nintzen, Portugaletekoan eta Hondarribikoan, eta asko gozatu nuen. Gehiagotan aritzeko gogoz gelditu nintzen.
Beteranoak dira nagusi San Pedron. Zuk, ordea, 24 urte dituzu oraindik. Zaila da tokia egitea?
Beteranoek pisu handia dute traineruan. Urte asko daramate arraunean, eta esperientzia asko dute. Trainerua sentitzen dute. Badakite zer gertatzen den une bakoitzean, eta zer egin behar den azkarrago joateko. Nik oraindik ez dut garatu sen hori. Zentzu horretan, zaila izan daiteke lekua egitea. Baina uste dut traineru batean beharrezkoa dela jende beteranoa egotea, batik bat gazteei erakusteko zer den arrauna. Izan ere, arraunei eragitea baino askoz gehiago da.
Nolakoa ari da izaten eliteko arraunean aritzearen esperientzia?
Oso ona. Hori bai, gogor egin behar da lan. Lehen taldea gorengo mailan dago, Eusko Label Ligan, eta hori asko nabaritzen da. Entrenamenduak oso gogorrak dira. Maila oso altuan aritu behar duzu. Horretara egoerak berak bultzatzen zaitu. Eliteko talde batean egonda, zure buruari gehiago exijitzen diozu. Izan ere, badakizu aldamenekoek ere gogor egiten dutela lan.
Zer moduz zabiltza aurtengo denboraldian?
Oso gogotsu nago. Liga hasi aurreko hilabeteak oso luzeak egiten zaizkigu arraunlarioi, eta orain ahalik eta gehien parte hartzeko gogo handia dut. Orain arte, igandeetako estropadetan aritu naiz: Portugaletekoan, Donostiakoan eta Areskoan. Aukerak ari naiz izaten, eta oso pozik nago. Ordezkoa naiz, hori garbi dut, eta entrenatzaileak traineruan igotzeko esaten didanean, gustura asko aritzen naiz.
Iazko sasoian, San Pedrok hamahiruko bera erabiltzen zuen ia beti. Aurten, ordea, aldatu egin dira gauzak.
Bai, aurten entrenatzaileak aldaketak egiten ditu larunbatetik igandera. Ordezkoak ongi gabiltza eta, momentuz, lesioekin ez gara arazorik izaten ari. Aldaketak egiteko aukera du entrenatzaileak, eta hori oso positiboa da.
Asko aldatu da San Pedro urte batetik bestera. Zortzi arraunlari irten dira, eta beste zortzi iritsi. Hortaz, ia hutsetik hasi behar izan duzue?
Aldaketak urtero izaten dira, baina aurtengoa handia izan da. Hori kudeatzea, hau da, neguan jendea bilatzen aritu behar izatea, zaila da entrenatzailearentzat. Alde horretatik, gogorra izan da negua; baina, bestalde, oso ondo pasa dugu, taldea behar bezala osatu dugulako.
Azken urteetan mailari eustea izan duzue helburu. Aurten ere jomuga bera duzue?
Momentuz, helburu berbera dugu: atzetik bi talde uztea, eta estutasunik gabe arraun egitea. Gaur egun, maila ikaragarria dago Eusko Label Ligan, eta traineru gehiago daude sartuta erdiko maila horretako borrokan. Azken bi postuak atzean uztea da lehenengo gauza, eta, hortik aurrera, joango gara ikusten zer ematen digun estropada bakoitzak.
Posible ikusten duzu banderaren bat irabaztea?
Arrebak maiz galdetzen dit hori. Nik aurrekoan erantzun nion bandera bat irabaztea, futbolean Txapeldunen Liga irabaztearen antzekoa dela. Guretako oso zaila da halako zerbait lortzea. Ezustekoak beti gerta daitezke, baina badakigu goiko taldeek maila oso handia dutela. Bandera bat irabazten badugu, ba primeran, baina horrek ez gaitu itsutzen. Gure helburuak beste batzuk dira.
Hitz gutxitan, nola definituko zenuke Libia trainerua?
Beti dut sentsazio bera: pirata talde bat gara. Jende desberdina gaude, nor bere ezaugarri eta berezitasunekin, baina talde oso egonkorra dugu. Giro oso ona arnasten da taldean.
Eta nolako entrenatzailea da Mikel Arostegi?
Ni pozik nago berarekin. Oso lan ona egin zuen iaz. Traineruaren sekretuak oso ondo ezagutzen ditu. Arraunean, dena ez da arraunei eragitea. Beste hainbat aldagai daude: trainerua nola jarri, pisuekin nola jokatu, arraunen neurriak, tosten neurriak… Sekretu horiek guztiak oso ondo ezagutzen ditu Mikelek.
Sei bandera jokatu dira orain arte. Zer nolako sentsazioak izan dituzue talde gisa?
Bederatzigarren postuan gaude, San Juanen puntu kopuru berberarekin (31). Hasiera ona ari gara izaten. Agian lasaitasun apur bat falta zaigu, entrenamenduetako arraunkera estropadetan erakusteko. Baina beno, uste dut azken banderetan hobeki ibili garela, arraunkera nahiko onarekin. Eta oraindik badugu tartea hobetzeko.
Posible al da arraunetik bizitzea?
Nire kasuan ez, ezta San Pedroko beste arraunlarien kasuan ere. Eta ligako gainontzeko taldeetan ere antzeko erantzuna emango lizukete. Eliteko exijentzia maila dauka arraunak, baina kanpoko egitura ez da profesionala. Oso zaila da soilik arraunetik bizitzea. Sari ekonomiko bat izaten da estropadetan lortutako emaitzaren arabera, baina horrekin nekez bizi zaitezke. Alde ekonomikotik, udan lortzen den diruak ez du konpentsatzen neguan egiten den lan guztia. Arraunlari askok lana, familia eta entrenamenduak uztartzen dituzte, eta horrek meritu handia dauka. Horiek amodioagatik dabiltza arraunean. Beren helburu nagusia ez da dirua lortzea. Nire ustez horiek dira benetako arraunlariak.
Zu nola moldatu zara arrauna eta ikasketak uztartzeko?
Gauzak behar bezala antolatu ditut, eta ongi moldatu naiz. Aurten masterra ikasten aritu naiz Bilbon. Goizetan aritu naiz entrenatzen, ondoren ikasketentzako astia izateko. Beti udako sasoia izan dut buruan. Kontua pixkanaka hobetzen joatea da, denboraldira sasoi betean iristeko. Orduan islatzen da eguneroko lana.
Zer ikasketa egin dituzu?
Lehenik, filosofia ikasi nuen Donostian, eta gero master bat egin nuen Bilbon, XXI. mendeko Euskal Herriko nazionalismoari buruz.
Zu ere laster jarri beharko zara lana eta arrauna bateratzeko kalkuluak egiten.
Udarako lana bilatzerakoan zailtasunak ari naiz aurkitzen. Udan, egunero uretara joan beharra daukat arraunean aritzera, eta entrenamenduak arratsaldez izaten dira. Beraz, goizez ez bada, ezinezkoa zait lan egitea.
Egun Pasaian bizi zara, baina Urritzolakoa zara izatez. Maiz itzultzen zara etxera?
Normalean astearteetan hartzen dugu atseden, eta batzuetan etxera itzultzeko aprobetxatzen dut. Neguan atsedenak luzeagoak izaten dira, eta orduan denbora gehiago ematen dut Urritzolan. Entrenamenduak Arbizun egiten ditut.
Gurasoek landetxea dute Urritzolan. Laguntzen diezu?
Orain askorik ez, lehen gehixeago. Lan apur bat egiten nuen: gelak garbitu, oheak egin, bezeroei harrera egin… Orain, ordea, udako hilabeteetan Pasaian izaten naiz batez ere, eta landetxean ezin izaten dut askorik lagundu.
Zer erronka dituzu etorkizunari begira?
Arraunaren munduan pausoak ematen joatea, eta ahalik eta estropada gehienetan parte hartzea. Urteen joanean San Pedron egonkortzea nahi nuke.
Arraunaren enbaxadorea izan zaitezke Sakanan. Gorpuzkera aldetik, bailaran badago jendea arraunerako balio lezakeenik.
Kar-kar. Arraunlaria naizela esatean, sakandarrek aurpegi arraroa jartzen didate. “Hori zer da, Kontxan egiten dutena?”, galdetzen didate. Normala da arrauna hemen sustraiturik ez egotea. Azkenean, egunerokotasunean ikusten duzuna jarraitzen duzu.
Nolanahi, aurkitua duzu konponbidea: jendea Markinako festetara eramatea.
Kar-kar. Ahal bada asteburuan, estropada dagoenean.