Sei urte eskasekin murgildu zen musikaren munduan Naiara Ijurko. Pianoa jotzeari ekin zion Etxarriko musika eskolan, eta esperientzia hori bere zaletasunaren ernamuina izan zen. Denboraren poderioz, geroz eta garbiago ikusi zuen piano-jole profesionala izatea zela bere ametsa. Bada, urteetako ahaleginari esker, pianoa bizibide izatea erdietsi du. Egun interprete lanetan dihardu, ganbera musikan gehienbat, eta, horretaz aparte, irakaslea da Bartzelonako Liceu kontserbatorioan.
Nondik datorkizu pianoarekiko zaletasuna?
Ahizpak pianoa jotzen zuen, eta hark egiten zuen guztia kopiatu nahi izaten nuen nik. Sei urterekin hasi nintzen, Etxarriko musika eskolan. Asko gustatu zitzaidan, eta jarraitu egin nuen. Dena den, hasieran ez nuen garbi piano-jolea izan nahi ote nuen. Asko ikasi beharra dago, eta zaila da. Zalantzazko uneak izan nituen. Baina gustua hartu nion azkenean. Hamabi urterekin, zalantza gutxi nituen jada.
Etxarriko musika eskolan ikasitakoari Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan eman zenion segida. Hor gauzak serio jarri zirela esan daiteke, ezta?
Hala da. Hamabi urterekin hasi nintzen bertan. Hor erabat garbi neukan musikarekin eta pianoarekin jarraitu nahi nuela, ahal zen guztia ikasiz. Piano-jole profesionala izatea zen nire ametsa. Eta txikitatik egin nuen lan hori lortzeko. Behin Iruñeko Kontserbatoriotik aterata, goi mailako ikasketak Musikenen burutu nituen. Lau urtez izan nintzen han.
Zer ikasi zenuen Musikenen?
Oso kontserbatorio ona da. Maila handiko piano irakasle bat neukan. Kalitate handiko formazioa jaso nuen. Gainera, musika garaikidean espezializatu nintzen. Horretaz aparte, hainbat ikasgai zeuden: ganbera musika, orkestra… Denetarik. Baina ni, gehienbat, pianoko interpretazioan eta musika garaikidean zentratu nintzen.
Ordutik han eta hemen izan zara. Adibidez, Balear Uharteetako musika garaikideko ensembleko kide bezala, kontzertuak eskaini dituzu Espainiako Estatuko hainbat auditorium garrantzitsutan.
Hori esperientzia oso polita izan zen. Musikeneko azken urtean, Mallorcako ensemble horretan hasi nintzen. Horrek musika garaikidea lantzen zuen, eta ederra izan zen. Garrantzi handiko leku askotan jotzeko aukera izan nuen; adibidez, Madrilgo Auditorio Nazionaleko ganbera gelan. Mugarri garrantzitsua izan zen nire ibilbidean.
Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko orkestrarekin ere izan duzu aukerarik emanaldiak eskaintzeko.
Pianoaz aparte, klabezina ere jotzen dut. Horri heldu nion aipatu orkestran. Egia esan, ezin naiteke kexatu, aukera eta esperientzia asko izan baititut urte hauetan zehar. Horrek piano-jole bezala garatzen lagundu dit.
2011n beka eman zizun Nafarroako Gobernuak, eta horri esker, Herbehereetara joan zinen, ezagutza zabaltzera. Nolako esperientzia izan zen?
Aparta. Zazpi urtez izan naiz han. Printzipioz hiru urterako joan nintzen, baina luzatu egin zen gauza. Beste bi karrera eta master bat egin nituen. Groningenen klabezineko goi-maila egin nuen, pianokoa ere bai, eta gero Maastrichtera joan nintzen piano akonpainamenduko masterra egitera.
Gaur egun, zer proiektu duzu eskuartean?
Orain Bartzelonan bizi naiz. Bertan irakasle nabil Liceu Kontserbatorioan. Horretaz aparte, piano interpretatzaile izaten jarraitzen dut. Kontzertuak han-hemen bilatzen aritzen naiz. Ganbera musika gustatzen zait gehien. Asko jotzen dut Eduardo Cantorekin batera. Nahasketa polita osatzen dute pianoak eta biolinak. Hor gabiltza. Zenbat eta gehiago jo, hobe.
Normalean beste norbaitekin jotzen duzu, edo bakarlari gisa ere aritzen zara?
Gehienbat musika garaikidea eta klasikoa egiten dut, eta jende gehiagorekin jo ohi dut. Gehiago gustatzen zait hori, bakarlari moduan aritzea baino. Atseginagoa zait beste norbaitekin aritzea. Orkestra batean, ensemblean… Orain horretan nago zentraturik. Hori bai, bakarka ere izan dut esperientziarik.
Musikari gisa, nor da zure erreferentea?
Martha Argerich argentinarra da nire piano-jolerik gustukoena.
Eta baduzu pieza kuttunik?
Hori zailagoa da. Musikariak esan ditzaket, baina piezak… Agian, Frederic Chopinen Lehenengo balada… Txikitatik asko gustatu izan zait. Ez dut sekula jo, baina oso pieza garrantzitsua izan da niretako. Agian ez gustukoena, baina bai, bederen, esangura handikoa.
Orain arteko ibilbidean, ba al dago bereziki oroitzen duzun unerik?
Musikeneko kontserbatorioan sekulako irakasle bat izan nuen. Oso garrantzitsua izan zen niretako. Hark etxe handi bat zeukan Frantzian, eta kontzentrazioak eta kontzertuak egiten zituen bertan. Han bizitako momentuak oso lagungarriak izan zaizkit. Eta irakaslea bera inspirazio iturri handia izan da niretako.
Posible al da pianotik bizitzea?
Kontzertuekin bakarrik, nekez. Jarduera osagarriren bat izan behar duzu. Ni, adibidez, irakaslea naiz interpretatzailea izateaz aparte. Gero, laguntzailea ere izan zaitezke kontserbatorioetan edota orkestretan. Oso zaila da soilik kontzertuen kontura bizitzea. Hortaz, alternatibak nahitaez bilatu behar dituzu.
Interpretatzaile bezala, aberastu egingo zaitu zure irakasle fazetak.
Bai. Ganbera musika irakasten dut. Oso garrantzitsua da niretako orain arte ikasi dudan guztia plazaratzea, eta lekukoa beste norbaiti pasatzea. Gainera, zuk esan bezala, asko ikasten duzu irakasle izanik. Osatuago bihurtzen zara musikari gisa. Oso pozik nago egun bizi dudan egoerarekin. Berdin segitzea da nire asmoa. Txikitako ametsa betetzen ari naiz, beraz, ezin gehiago eskatu.