1. Nortzuk zaudete Harmailaren atzean?
Hiru pertsona gara Harmailaren sortzaileak: neroni, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran. Aitor kazetaria da bokazioz, eta Berrian aritzen da, Kirola sailean. Barandiaran, aldiz, gidoigilea da, eta kudeatzaile lanetan dabil Indartsu futbol taldean.
2. Nola hezurmamitu zenuten proiektua?
Lehenik, Aitor eta Eñaut hasi ziren ideia hori garatzen. Beste proiektu bat ere izan zuten, futbola eta euskara lotzen zituena. Beste alde batetik ni nengoen, karrera bukatu berri. Betidanik kirola gustatu izan zait, eta pentsatzen nuen bazegoela lekua horrelako zerbait egiteko. Momentu batean, Aitorren eta Eñauten berri izan nuen sare sozialen bitartez. Beraiekin hitz egin ostean, egitasmoa abiatzea erabaki genuen.
3. Hutsune bat ikusi zenuten, beraz.
Euskal Herriko egunkarietan hitz egiten da kirolaz, baina ez du aparteko tokirik. Euskarazkoetan diot, erdarazkoetan bestelakoa baita egoera. Euskarazko hedabideetan lekurik ez dute oraindik guk proposatutako testuek eta, oro har, kirol kazetaritzak. Aukera hori aprobetxatu beharra dagoela iruditzen zaigu.
4. Zuen proposamena, arnasa luzeko kirol kazetaritza da.
Ohiko hedabideen joeratik ateratzea da gure asmoa. Horietan, gaurkotasunari lotutako edukiak dira nagusi. Badakigu gure egunkarietan kirola ez dela lehentasuna. Sarri, ez da nahi beste leku izaten. Orduan, ikusi genuen zerbait berria egiteko aukera zegoela, arnasa luzez, gaurkotasunetik urrunduz, eta normalean ukitzen ez diren gaiak jorratuz. Erakargarria izan daiteke irakurle mota batentzat.
5. Hortaz, ezohiko gaiak landuko dituzue. Adibidez?
Zero zenbakian arrauna izan genuen hizpide. Gai nagusian, elkarrizketa izan genuen Jon Maiarekin. Gero, Lapurdiko arraun taldeko entrenatzailearekin ere solastu ginen. Eta lehen zenbakiaren kasuan, kirol erakundeetan presidente diren emakumeak hartu ditugu gai nagusitzat. Horrez gain, Haimar Zubeldia ziklista ohia, Arritxu Iribar kirol kazetaria edota Alain Santamaria Euskal Herriko mendi duatloiko txapelduna ere elkarrizketatu ditugu. Gero, erreportaje batzuk ere badaude. Esaterako, emakumeen pilotari buruzko bat. Argazki erreportaje bat ere aurki daiteke; diseinu aldetik ere berezia baita gure aldizkaria.
6. Bistan denez, tarte garrantzitsua eskainiko diezue emakumeei.
Gure oinarrietako da genero berdintasuna. Aldizkariak 100 orri ditu, eta zaila da batari eta besteari justu 50 ematea. Baina markatuta dugu kopuru minimo bat. Kasurako, zero zenbakian elkarrizketa nagusia emakume bati egin genion, eta gai nagusian gizonak ziren protagonista. Bada, lehen alean alderantziz egin dugu. Iruditzen zaigu logikoa dela kirolean ere tokia egitea emakumeei.
7. Eduki horiek guztiak sortzeko, kolaboratzaile sare bat ari zarete ehuntzen, ezta?
Hori, hein batean, zero zenbakiarekin lortu genuen. Lehen aleak 100 orri ditu, eta lan dezente da hiru pertsonarentzat. Zero zenbaki hartan kontaktu batzuk egin genituen, eta erabaki genuen orduan laguntzaile izan genituenekin berriz ere harremanetan jartzea. Jon Ander De la Hoz, Unai Zubeldia eta Ane Urkiri dira kolaboratzaileetako batzuk. Beste kolaborazio batzuetara irekita gaude, baina jada badugu zerrenda bat, gai konkretu bat lantzeko profil egokia duten eta gure ezagunak diren kazetariekin.
8. Lan nekeza izan al da proiektua abiatzea?
Lehen zenbakiak lan asko eskatu digu. Gauza asko egin behar dira: inprenta lortu, diseinua zehaztu, tramite burokratikoak egin, promozio kanpaina abiatu… Dezente sufritu dugu zenbaki hau inprentara garaiz bidaltzeko. Eñautek nahikoa buruhauste izan ditu diseinuarekin. Baina, tira, jada prest dago dena.
9. Nola finantzatuko duzue aldizkaria?
Oinarria harpidedunak izatea nahi dugu. Momentuz hala da; harpidetza sistemaren bidez lortu dugu aurrekontuaren zati handiena. Ordaindutako publizitaterik ez dugu. Badago publizitatea, baina beste eredu batzuk erabilita. Kasu batean, publizitatea trukatzearen eredua erabili dugu. Eta beste enpresa batzuek euren produktuak eman dizkigute, zozketak egiteko. Horretaz aparte, harremanetan jarri gara Euskal Herriko komunikabideekin. Elkarrizketak ari gara izaten Tokikomekin, eta Berria eta Gararekin ere izan ditugu kontaktuak.
10. Zenbatekoa da aldizkari bakoitzaren salneurria?
Hamar euroan salduko dugu aldizkari bakoitza. Garestia dela pentsa daiteke, baina 100 orri ditu, eta ez da aldizkari arrunt bat: paper aldetik ezberdina da, kalitate handiko argazkiak ditu, diseinu aldetik berritzailea da… Antzeko aldizkari batzuk erreferentzia gisa hartuta, pentsatu genuen prezio egokia izan zitekeela. Gero, harpidetza dago. 40 euro ordainduta, urtean paperezko bost zenbaki jasotzeko aukera dago. Harpidetza digitala ere egin daiteke, 15 euroren truke.
11. Nolako harrera ari zarete izaten?
Nahiko ona. Beti nahi baino gutxiago, baina pozik gaude. Zero zenbakia abuztuan atera genuen, eta uda, akaso, ez da garairik onena. Hala ere, iruditu zitzaigun pauso hura orduan eman behar genuela. Ordutik, aldizkaria ezagutzera ematen saiatu gara. Erantzun ona ari gara jasotzen, sare sozialetan eta aldizkariaren dendan bertan. Durangoko Azokan bultzada handi bat jasotzea espero dugu.