Urtero 500 beka banatzen ditu Amancio Ortega fundazioak Espainiako Estatuko DBH 4ko ikasleen artean, Batxillergoko lehen ikasturtea Ipar Amerikan egin dezaten. Joan den urtean, hiru izan ziren beka jaso zuten ikasle sakandarrak: Maitane Anton, Jasone Auzmendi eta Nerea Larraza. Lehen biak Amerikako Estatu Batuetara joan ziren, Pennsylvaniara eta Minnesotara hurrenez hurren, eta azkenak Kanadan igaro zuen urtea, Ontarion hain zuzen. Hasierako beldurrak eta zailtasunak uxaturik, urte “ahaztezina” bizi izan dute. Hirurek aitortu dute bidaiak pertsona gisa “hazteko” balio izan diela. Alex Santanok asmo horrekin berarekin pasako du datorren ikasturtea Kanadan. Bera izan da azken deialdian beka jaso duen sakandar bakarra. Baditu zalantzak, baina jarrera “positiboarekin” joango da, “egonaldiari zukua ateratzeko”.
Esperientzia berri hau bizitzeko gogotsu al zaude, Alex?
ALEX SANTANO: Alde batetik bai, baina bestetik, ez hainbeste. Kristoren bizipenak izango ditut han, eta uste dut oso ondo pasako dudala, baina, era berean, asko nabarituko ditut faltan lagunak eta familia. Horrek ziurgabetasun pixka bat eragiten dit.
Ozeano Atlantikoa zeharkatu, eta Kanada bezalako herrialde anitz bat ezagutuko duzu. Zer itxaropen dituzu?
A.S.: Jende mota eta kultura desberdinak ezagutuko ditut, eta aukera izango dut gauza berriak probatzeko. Horrez gain, uste dut esperientzia honi esker asko hobetuko dela nire ingeles maila. Agian, hizkuntzarekin arazoren bat izango dut hasieran, baina ziur naiz ohitzen joango naizela denborak aurrera egin ahala. Matematiketan ere badut zer hobetua, eta agian kosta egingo zait egokitzea.
Zuen kasuan, hirukote, itxaropenak goitik behera bete dira, edo ezustekoren bat ere izan duzue?
MAITANE ANTON: Nik ez nuen espero han egin nituen zenbait gauza egitea. Uste nuen kirol gutxi egingo nuela, baina, azkenean, inoiz baino gehiago egin dut. Asko zentratu naiz kirolean. Pozarren nago bizitako esperientziarekin.
NEREA LARRAZA: Nire kasuan ere, ez dira bete hainbat aurreikuspen. Uste nuen ez nintzela aterako Kingstonetik (Kanada), baina azkenean toki pila ezagutu dut: Montreal, Toronto… Hemen telebistaz ikusten dituzun gauzak zuzenean bizitzeko aukera izan dut. Oso gustura ibili naiz.
JASONE AUZMENDI: Nik uste nuen ingelesa besterik ez nuela ikasiko, baina ez da hala izan. Esperientzia honek pertsona bezala hazten lagundu dit, gauza berri asko ikasi ditudalako, ingelesaz aparte.
Hizkuntza kezka iturri izaten da halako bidaia bat egin aurretik. Zuek zer moduz moldatu zarete ingelesarekin? Uste baino hobeto, edo nahikoa lan izan duzue?
J.A.: Nik faseak izan ditut. Hasieran dena ulertzen nuen, baina arazoak nituen komunikatzeko. Pixkanaka egokituz joan nintzen ordea, eta azkenean ez dut inolako arazorik izan. Eguneko 24 orduetan da ingelesa, eta jendearekin hitz egiteko beste modurik ez dago, beraz, normala da azkenean eroso sentitzea.
Alex, esperientzia honek zer onura uste duzu ekarriko dizkizula arlo pertsonalean?
A.S.: Nik uste bizitzari buruzko gauza berriak ikasiko ditudala. Horrek pertsona bezala hazten lagunduko dit. Etxetik atera eta beste toki bat ezagutzeak ikuspuntu zabalago bat emango didalakoan nago. Eta ingelesez dudan hitz-jarioak ere nabarmen egingo du hobera, ez dut zalantzarik.
Zuei, neskak, zein da bidaia honek egin dizuen ekarpen nagusia?
M.A.: Orain lehen baino askoz ere independenteagoa naiz. Han gauza asko egin ditut nire kabuz. Egunerokotasunerako baliagarriak diren gauza pila bat ikasi ditut. Eta bada kontu ironiko bat: orain dezentez hobeto jaten dut. Arraroa da, baina elikadura osasuntsuagoa dut orain. Laburbilduz, uste dut pertsona bezala asko aldatu naizela, pentsaera aldetik-eta.
N.L.: Ni hobeki erlazionatzen naiz orain jendearekin. Hara iristean ez dago inor gida zaitzan, mundu guztia da ezezaguna. Zuk eman behar dituzu pausoak jendea ezagutu eta harremanak sortzeko. Behin hori eginda, hurrengo urratsak ematea askoz samurragoa da, eta, era berean, errazago ezagutzen duzu jendea.
J.A.: Nik ikuspuntu irekiagoa dut orain bestelako kulturekiko. Han kultura askoren arteko nahasketa dago, eta oso aberasgarria da hori bertatik bertara ezagutzea. Bestalde, ikasteko gogo handiagoa ere badut orain.
Arlo akademikoan, desberdintasun handirik nabaritu al dituzue ikasteko metodologiari dagokionez?
M.A.: Bai, eta niri gehiago gustatu zait hangoa. Onena da zuk erabaki dezakezula zer eta noiz ikasi nahi duzun. Klase batzuk derrigorrezkoak dira, noski, baina nahi duzunean izan ditzakezu. Orduan, adibidez matematikekin hasi, eta dena ez duzu urte batean ematen. Ikasturte bakoitza gauza batean espezializatzen da. Askoz ere errazagoa da horrela. Gero, nik unibertsitaterako prestatzeko klase berezi batzuk izan ditut, eta historian adibidez, apunteak egiten ikasi dut, ez genuelako libururik. Irakasleak azalpenak ematen zituen, eta hark esaten zuena jaso behar genuen guk. Matematiketan ere gauza asko ikasi ditut.
J.A.: Unibertsitatera joateko kreditu batzuk behar dira, eta horiek lortzeko zure burua nahi bezala antola dezakezu. Adibidez, aukera duzu denak Batxillergoko lehen urtean eskuratzeko. Prestakuntza programa pila dute. Hemen adar batzuk dituzu: zientziak, letrak… Han, ordea, ez da horrela. Nolabaiteko nahasketa egiten dute, eta asko ikasten da. Dena proiektuka egiten da; hemengoa baino metodologia praktikoagoa da, alegia.
N.L.: Nire kasuan, ikasgaiaren araberakoa zen. Baina ia klase guztietan egiten zen lan proiektuka. Beste kasu batzuetan, ez zegoen proiekturik, azterketa orokor bat baizik.
M.A: Nik ia astero izan ditut azterketak, eta gero proba orokorrago bat egin behar izan dut hiruhilekoaren bukaeran. Niri hangoa zailagoa dela iruditu zait, baina esleitu dizkidaten ikasgaiengatik. Baina eramateko modua askoz ere errazagoa dela deritzot.
J.A.: Ni urte sabatikoa hartzeko pentsamenduarekin joan nintzen, beraz, klase oso errazak hartu nituen. Zailtasun aldetik ez dut arazorik izan.
Alex, esan duten hori al da han topatzea espero duzuna?
A.S.: Bai, gutxi gorabehera. Akademikoki erraztasunak izatea espero dut. Horrez gain, uste dut metodologia aldetik alde nahiko handia sumatuko dudala, baina horrek ez dit beldurrik ematen. Gauza berriak ikusi eta ikasteko gogotsu nago. Azken finean, hori da aukera honen funtsa.
Badakizu zer ikasgai izango dituzun?
A.S.: Zortzi aukeratu behar ditut, eta horietako lau, nahitaez, matematika, ingelesa, zientzietako ikasgai bat eta letretako beste bat izan behar dira. Eta beste laurak, nire kontu. Han bertan erabakiko dut zer ikasgai aukeratuko ditudan. Esan bezala, matematikekin nahikoa lan izango dut agian, baina gainontzekoekin ondo moldatzea espero dut.
Han familia baten etxean igarotzen da urtea. Alex, haiekin aurrez harremanetan jartzeko aukerarik izan duzu?
A.S.: Saiatu gara Skype bidez hitz egiten, baina, oraingoz, ez dugu lortu. 50 urteko bikote bat da. Alaba bat dute, baina jada ez da etxean bizi. Nirekin batera beste ikasle brasildar bat egongo da. Hori lagungarri izango zaidala uste dut. Baina, tira, bakarrik egonda ere ondo moldatuko nintzatekeela uste dut. Ziur jende adeitsua dela, eta behar bezalako harrera eginen didatela.
Zuek, hirukote, zer moduz moldatu zarete familiarekin?
N.L.: Ondo. Hasiera arraro samarra izan zen. Skype bidez hitz egin genuen, baina ia ez genuen elkarren berri. Dena den, ongi moldatu gara azkenean. Elkarrekin denbora pasatu ahala elkar ezagutzen eta harremana sendotzen joan gara. Jende jatorra eta irekia da; zerbaitengatik daude kanpoko norbaiti beren etxeko ateak irekitzeko prest.
J.A.: Ni nahiko gustura. Ika-mika batzuk izan ditugu, izaera kontuagatik, baina, tira, moldatu gara. Urte bat pasa behar da han, eta hobe da giro txarrik ez sortzea.
M.A.: Ni oso ongi moldatu naiz familiarekin. Aita datorren otsailean hona etortzekoa da, bisita egin eta Santa Ageda edo inauteriak ikustera. Harreman oso ona sortu da gure artean, eta elkarren berri izaten segitu nahi nuke.
Eta ikasle eta irakasleekin, nolako harremana izan duzue?
J.A.: Niri deigarria iruditu zitzaidan han askoz gehiago miresten dituztela irakasleak. Izan ere, irekiagoak dira, eta beti daude zurekin hitz egiteko eta laguntzeko prest.
M.A.: Laguntza behar izanez gero, ez zaie inporta arratsaldean zurekin gelditzea. Halakoak asko eskertzen dituzte ikasleek, eta horregatik uste dut hemen baino harreman hobea dutela irakasleekin.
N.L.: Eta ikasleen arteko harremanari dagokionez, ez dago kuadrilla definiturik. Denekin egoten dira denak, eta, hala, errazagoa da edozeinekin hitz egitea eta, adibidez, bazkaltzeko geratzea. Ikasleak irekiagoak dira, eta, gainera, ohituta daude nazioarteko ikasleekin egotera. Ez dute aurreiritzirik. Jendetasun onekoak dira.
J.A.: Baina hori institutuaren arabera dela uste dut. Adibidez, nirea oso handia zen, eta jendea oso ohituta zegoen atzerriko jendearekin egotera. Baina ezagutzen dut ikastetxe txikiagotan egon den jendea, eta horietan harrera desberdina izaten da.
M.A.: Nik ez dut inolako arazorik izan. Hara iristean aste eta erdi izan nuen libre, moldatzeko, eta entrenamenduak izan nituenez, ikasturtea hasterako jende asko ezagutzen nuen. Ikastetxearen bidez egin dut kirola: igeriketa eta korrika, krossean eta pistan.
Kultura anitzeko herrialde bat ezagutzeko parada izan duzue. Alde horretatik, nolakoa izan da esperientzia?
M.A.: Ezagutzen ez nituen kultura ugari topatu ditut. Hilabetean behin topaketa kultural bat egiten zuten, han bizi ziren pertsona askorekin, eta beren janariak ekartzen zituzten. Oso polita izan zen.
N.L.: Nire institutuan Urteberri Txinatarra ospatzeko afari bat egin zuten, eta oso interesgarria izan zen.
J.A.: Hango jende askok leku askotako familia dauka. Nik Vietnamgo Mong etniaren ospakizunak ikusi nituen. Azkenean, AEBak hainbat kulturaz osatutako komunitatea dira.
M.A.: Niri deigarria egin zitzaidan amishen bizimodua. Ni baserri batean bizi nintzen, eta bizilagunak amishak ziren. Harrituta utzi ninduten.
Bestalde, oso desberdina al da hango egunerokotasuna hemengoarekin alderatuta?
N.L.: Bai. Jatorduetan nabaritzen da adibidez. Arratsaldeko bostetan afaltzen dute, eta otordu oso garrantzitsua da. Janari asko izaten da. Oso arraroa egin zitzaidan hasieran.
J.A.: Nik garraioan nabaritu nuen aldea. Han, edozertarako hartzen dute autoa. Oinez ezin zaitezke inora joan, distantziak oso handiak direlako. Hemen herri barruan ez duzu zertan autoa hartu, oinez lasai asko molda zaitezke, baina han oso desberdina da herri eta hirien egitura.
N.L.: Ni hiri batean egon naiz, eta beti autobusean ibili behar da. Toki batzuetan espaloirik ere ez dago. Arraroa da.
Nolakoa zen egun arrunt bat han?
N.L.: Institutuan arratsaldeko ordu biak arte egoten nintzen, gero etxeko lanak egiten nituen, ondoren afaria prestatu eta solasean aritzen ginen, eta telebista ikusi ostean, zortzi eta erdietan ohera joaten ziren.
J.A.: Autobus hori tipikoan joaten nintzen ikastetxera, eta handik atera ostean musikal bat egiteko entseguetara joaten nintzen zortziak arte. Handik etxera joaten nintzen.
M.A.: Nik klaseen ondoren entrenamenduak izaten nituen, bost eta erdiak arte. Gero etxeko lanak egiten nituen, eta afaldu ostean buelta bat ematen nuen gurasoekin. Neguan, asteburu osoa eskiatzera joaten ginen.
Oso estereotipatuta daude AEBak. Telebistaz ikusten dena betetzen al da, edo errealitatea bestelakoa da?
N.L.: Gauza askotan, goitik behera betetzen da. Adibidez, asko gustatzen zaizkie McDonalds eta halakoak.
J.A.: Estatuen artean kultura eta pentsamendu diferentzia handia dago. Baina gauza batzuk badituzte komunean.
M.A.: Ikastetxe batetik bestera ere badaude aldeak. Hango eskola handian pentsamendu nahiko irekia zuten. Toleranteagoak ziren. Baina nire ikastetxean, gehienak oso itxiak ziren. Trumpen eta armen aldeko jende asko zegoen. Armen harira, nire familiakoek armak zituzten etxean, eta ehizatzera eraman ninduten.
Zein izan da, zuen uste, urtebeteko abentura honen alderik onena?
M.A.: Egindako harremanak, hara itzultzeko aukera izatea, ikasi dudan guztia, eta kirol mailan egindakoa ere bai.
J.A.: Izan dudan hazkundea. Niri buruzko gauzak ikasi ditut, hainbat egoera bizi eta gero. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Ahaztezina.
N.L.: Nik ere hobeki ezagutu dut nire burua. Orain arazo bat baldin badut, badakit egoera horretatik nola atera. Horrez gain, ederra da Kanadan etxe bat dudala jakitea.
Zernahi ere, alde txarrik ere izango zuen egonaldiak. Adibidez, halakoetan ez da erraza izaten gertuko jendearengandik urrun egotea. Herriminik sentitu duzue zuek?
N.L.: Lehenengo asteetan zaila izan zen lagunak alboan ez edukitzea, kalera irteteko-eta. Oraindik ez nuen konfiantza familiarekin. Baina hori denborak konpontzen du. Familiarekin gustura ibili naiz, eta jende jatorra ezagutu dut.
J.A.: Nik martxoan bizi izan nituen momenturik txarrenak. Ez dakit zergatik, baina gogorra izan zen. Itzultzeko aukera bageneukan, baina eromena izango zatekeen, hegazkinean horren bidaia luzea egitea oso garestia baita. Hortaz, une zailak kudeatzen ere ikasi dugula esan daiteke. Zailtasunen aurrean ez etsitzen jakin behar da.
M.A.: Niretzat, abendua izan zen gogorrena. Hor asko sumatu nuen hurbilekoen falta. Azkenean, data bereziak dira, hor baitaude Eguberriak, Urtezahar-eguna eta Urteberri-eguna…
Horrek beldur apur bat ematen dizula esan duzu lehen, Alex.
A.S.: Apur bat bai. Gaizki bazaude, itzuli ezinak beldur pixka bat ematen du. Baina nik uste dut ez dudala itzultzeko premiarik izango; edo hori espero dut behintzat. Jarrera positiboarekin joango naiz, eta gero pasa dadila pasa beharrekoa. Apur bat urduri bai nago, baina gogotsu ere bai. Etxekoak ere pozik daude, badakitelako oso aukera ona dela niretzat. Egonaldiari zukua ateratzea espero dut.
Zuek, hirukote, zer egingo duzue ikasturte honetan?
J.A.: Nik arte eszenikoko ikasketak egingo ditut Barañainen. Aspalditik nuen pentsatuta.
M.A.: Nik Bio-osasuna ikasiko dut Goierrin.
N.L.: Nik letra mistoak hemen, Altsasun.
Eta zuk zer asmo duzu aurrera begira, Alex?
A.S.: Letra puruak ikasi nahiko nituzke Altsasun. Eta gero, unibertsitatera. Baina hori urrun dakusat. Lehenik, ikasturte honetaz gozatu nahi dut. Esperientzia zirraragarria izatea nahi nuke.