Murrizketak emakumeen eskubideetan

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen bilgunea 2014ko urt. 17a, 06:00

2013ko abenduaren 20an Espainiako Ministroen Kontseiluak abortuaren legea aldatzeko aurreproiektua onartu zuen. Lege berriaren izenburua, hauxe: Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa. Izenburuari erreparatzen badiogu, argi dago zein den legearen helburua: kontzebituak eta haurdunen eskubideak babestea. Beraz, emakumeen eskubideak lege honetatik at gelditzen direla ondorioztatzea ez da zaila.

Gaur egun indarrean dagoen legearen arabera, haurdunaldia eteteko eskubidea dago inongo justifikaziorik gabe 14. aste bitartean. Hortik aurrera, baldintzatua dago. Hau da, legeak bildutako kasu eta epeetatik kanpo, delitua da haurdunaldia etetea, Zigor Kodean sartuta dago eta zigortua. Aurkeztutako aurreproiektuan aipatutako aukera hau desagertzen da, haurdunaldiaren bideragarritasunaren eta fetuaren malformazioarekin batera. Emakumearen osasun fisikoa edo psikikoa arriskuan egotea edo bortxaketa bat jasan izana dira haurdunaldia eteteko legez onartzen diren arrazoi bakarrak.

Honen arabera, alde batetik, fetuaren eskubideak emakumeen eskubideen gainetik jartzen dira. Honi helduta, esan beharra dago 2011ko datuen arabera, eskura dauden azken datu ofizialen arabera, Espainiar Estatuan 118.359 emakumek euren haurdunaldia eten zutela 14. astea baino lehen, egindako abortuen %90a. Lege berriak indarra hartzen duenean ez dute haurdunaldia eteteko aukerarik izanen, legearen babesarekin eta doan, behintzat. Akaso beste bideren bat bilatu beharko dute?

Bestetik, emakumeen borondatea ez da arrazoi nahikoa, are gehiago, emakumeen borondatetik kanpo datoz arrazoiak: bortxatua izanaren salaketa eta osasun arriskua ziurtatzen duten medikuen txostena. Medikuei esleitzen zaie erabakitzeko autoritatea.

Gauzak horrela, emakumeen erabakitzeko eskubidea da auzian dagoena. Hau da, emakumeok gure bizitzaren eta gure gorputzaren jabe izatean dago gakoa.