Erreserba kognitiboa

Erabiltzailearen aurpegia Clínica Josefina Arregui 2016ko mai. 13a, 08:00

kolaboratzaileak

Alzheimer gaixotasunaren lehen sintomak –memoria falta edo eguneroko jarduera konplexuak egiteko zailtasuna, besteak beste– baino askoz ere lehenago agertzen da Alzheimerra eragiten duen garunaren kaltea; urteak eta, batzuetan, hamarkadak lehenago.

Zenbait ikerketaren arabera, garuna maila berean ukituta daukaten pertsonen artean batzuek dementzia sintomak garatzen dituzte eta beste batzuk, aldiz, kalterik jasan gabe mantentzen dira. “Erreserba kognitibo” terminoak azaldu nahi du, gaixotasuna eguneroko bizimoduan eragiten hasi baino lehen, nolako gaitasuna duen garunak garuneko kaltea jasateko. Erreserba kognitibo altuagoa duen pertsona batek modu hobe batean erabiliko ditu garuneko sareak edo estrategia kognitibo alternatiboak eta, ondorioz, denbora tarte luzeagoan mantenduko da garunaren erabilera maila on batean. Hau da, erreserba kognitibo altuagoa daukanari gaixotasuna agertuko zaio horrela izan behar bada, baina ondorioak atzeratuko ditu.

Dirudienez, gaitasun hori desberdina da izaki bakoitzean, eta berezko ezaugarrien eta norberak bizitako esperientzien ondorioa da. Erreserba kognitiboa honako faktoreen elkarreraginaren araberakoa izango da: eragile genetikoak eta okupazionalak, ingurumena eta bizimodua.

Erreserba kognitiboa laguntzen duten aldagaietan gehien ikertu dena heziketa mailari dagokiona da, baina gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi zaie beste hauei: lan-jarduera, bizimodua, okupazioa, harreman sozialak, garuna bizitu egiten duten aisialdi jarduerak eta jarduera fisikoa.

Berriki beste aldagai batzuk ere ikertzen hasi dira eta, diotenez, elebitasun aktiboak, hau da, urteetan etengabe bi hizkuntza erabiltzeak, funtzionamendu kognitiboa mantentzen laguntzen omen du.

Erreserba kognitiboarekin zerikusia daukaten faktore batzuen garapena gure esku dago, beraz, izan dezagun bizimodu osasuntsua maila fisikoan eta baita kognitiboan ere.