Pakita Andueza Ezkurdia, Lakuntzan jaioa da, irribarrea beti soinean darama, eta baikortasuna lau haizetara zabaltzen duen emakumea da. Bidaiatzea asko gustuko izan du beti, halaxe dio bere bizi esperientziak, Europa, India eta Mexiko, besteak beste, ederki ezagutzen ditu. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Mexikon, hori bihurtu da bere bizileku, hantxe aurkitu du bere lekua, eta erabat murgilduta dago hango gizartean. Lakuntzara etorri da hilabete osoko egonaldi batera, senide eta lagunak bisitatzera etortzen da bi urtetik behin. Ofizioz ile-apaintzaile izan da, eta antropologia ikasketak egin ditu, aproposa beraz Pakitak aukeratutako bizitokia, Mexiko, hango ondarea kontaezina da.
Mexikoko lasaitasuna hautsi zuen lehen lurrikara, irailaren 8an izan zen, 50 milioi mexikarrek nabaritu zuten Richter eskalan 8,2ko maila hartu zuen mugimendua. Chiapasen, sismoaren epizentroan, larrialdi egoera ezarri zuten. Bigarren aldiz mugitu zen lurra aste batzuk beranduago, “lurrikara indartsu batek Mexiko astindu du eta 225 lagun hil dira” halaxe zioen irailaren 19ko lerroburuak. Pakita Andueza lakuntzarra lurrikararen unean, merkatutik zetorren, barazkiak erostera hara joan zen. Etxerako bueltan, Lazaro Cardenas etorbidean zegoela, lurra mugitzen hasi zen. Hasiera batean, zorabiatzen ari zela pentsatu zuen, baina berehala bertako jendeak babesteko deia egin zion. Kristalak erortzen hasi ziren, lurraren mugimendua sekulakoa izan zen, eta egoera lasaitu zenean lakuntzarra etxe aldera itzuli zen.
“Hondamendi izugarria izan zen egun hartakoa, jende asko etxe gabe, arroparik gabe gelditu da, oso une gogorrak bizi izan dira” honela gogoratzen du Pakitak egun hura eta ondorengo asteak. Anduezak konpromiso handia dauka Mexikoko gizartearekiko, elkartasun handia, eta batez ere laguntza amaiezina eskaintzen dute bertako komunitatean, Martes de Tepito izenekoan.
Azkeneko gertaerak eta gero, Pakitaren komunitatea antolatzen hasi da, laguntza bereziki, Chiapas eta Oaxacako herrietara bidaltzeko. Lurrikararen eraginez, laguntzaren behar handia dute aipatutako eremuetan, eta ezinbesteko baliabide batzuk jasotzeko aukera ahalbidetu nahi dute. Chiapas, Oaxaca eta San Caralampio, komunitate Zapatistako egoeraren berri izan dute Pakitaren elkartasun komunitatean, eta etxeak eraikitzeko materiala, arropa, janaria behar dituzte, besteak beste.
Jaialdia
Elkartasunaren balorea oso garrantzitsua da Pakita Anduezarendako, “mundura laguntzeko etorri gara, jendearen artean gauza onak banatu behar dira” halaxe diote bere hitzek. Lakuntzako bidaia probestuz, azken asteotan ideia bati tiraka ibili da. Mexikoko lurrikarak eragindako ondorio horietan laguntza eskaintzeko prest agertu da, eta Lakuntzako herria, babes horretan partaide sentiarazi nahi du.
Horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa izanen da. Larunbat honetan, jarduera desberdinak uztartuko ditu Kultur Etxean. Poesia irakurriko du, Pakita Andueza Ezkurdia, idazlea baita, poesia maite du. Musikaz gozatzeko aukera izanen da baita ere, herriko musikarien parte hartzearekin. Egoeraren berri emanen du, baina drametatik at utzi nahi du bere solasaldia.
Mexikoko lagunek oparitutako liburuak saldu eginen ditu bertan eta, bestalde, Chiapas eta Oaxaca komunitateetako argazkiekin osatutako erakusketa bat ikusteko aukera egonen da. Argazki horietan gainera, oso irudi bereziak antzeman daitezke, izan ere, Pakitak duela sei urte lakuntzar batek erositako larrua josteko makina bat lortu zuen. San Caralampio, komunitate Zapatistako biztanleek sekulako lorpena izan zuten josteko tresna horren bidez, haien jantziak, baliabideak, eta ekoizpen ugari makina horrekin egiten baitituzte eta komunitatekoek lakuntzarrei haien esker ona erakutsi nahi diete erakusketaren bidez. Jaialdia, 18:30ean izanen da Lakuntzako Kultur Etxean Bingen Amadoz aurkezlea izanen da.