Burkiniak eta toplessa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2016ko ira. 23a, 08:00

kolaboratzaileak

Uda amaitzear den honetan, gogora datozkit siesta eta patxada artean entzundako hainbat auzi. Haietan atentzioa gehien deitu didanetako bat Frantziako hainbat udalerrik burkinia –izen despektiboa benetan– debekatu izana da. Emakumeak hondartzatik altxarazi eta gendarmeen botak aurrean dituztela beren janzkerarekiko epaia entzun eta hargatik zigortuak izan dira. Hemen bertan, duela urte batzuk galerazita zegoen topless egitea. Bularrak bistan hondartzan ibiltzea, ordea, egunerokotasun udatiarraren parte da. Ez al dute eskubiderik emakumeek nahi bezala hondartzaz disfrutatzeko? Burkiniaren antzeko diren surfisten neoprenoak debekatu behar ote dira? Janzkera gure nortasunaren irudi den gizarte honetan, bakoitzak nahi duena jantzi beharko luke.

Burkinia janztera behartzea hura eranztera behartzea bezain gaizki dago. Norbanakoaren askatasuna errespetatu behar dugu topless edo burkiniarekin hondartzara joatean ere. Batez ere epaitzerako orduan harik eta informazio gehien izan beharra dute legeak egiten dituztenek. Beranduago, debekua galerazi ostean jakin zen, burkini delakoa diseinatu zuenak, emakume musulmana bizimodu mendebaldarrera egokitzeko sortu zuela, bere sinismenek ez zezaten hondartza bezalako askatasun espazioetatik aldendu. Agian batzuk nahiago lituzkete etxean giltzapeturik, baina ez dezagun ahaztu gure gizartea kultura eta erlijio aniztasunean bizi dela. Guztion eskubideen errespetua da elkarbizitzaren giltza, inoiz ez bestearen aurkako debekua.