Ukitua

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2016ko ots. 19a, 08:00

Gorputzak eutsi egiten gaitu denbora batez; ez luzez. 80 urtez batzuei, 64, 56, 33, 12, 9 edo 2 urtez beste batzuei. Honela gorpuzten da bizitza; hezur, azal eta organoetan. Bihotz taupada frenetiko batzuek ematen diote hasiera, eta taupada bakar batek amaiera. Eta azalaren azalera horrek mugatuko du Ni bat. Mugatu, babestu edo kondenatu. Eta hiru hitzak sinónimo ez ote diren galdetzen diot nire buruari.   

Ni horrek izen bat izango du; guraso batzuk izango ditu; begirada galarazten duten ametsak; hezurdurak besarkatzera bultzatzen duten beldurrak; burua kolpatzen dioten pentsamenduak izango ditu Ni-ak; begiak malkoz bustitzen dizkioten sentimenduak… Eta azken hatsarekin guztia ezereza izango da. Hautsa. Hutsa.
Baina egongo da Ni-ak sekula ulertuko ez duen min bat; nonbait itsasia; ahanzturak ere ezabatu ezin izan duena; denboraren orratzei ihes egiten diona; Ni-a bera baino askoz ere handiagoa dena, zaharragoa; lurperatuta ere isilarazi ezin izango dena; gorpuak utzi eta gorputzetan gauzatzen dena; iragana orain egiten duena.

Nik badut min hori. Ez naiz erori, ez naiz lagun batekin haserretu, ez nau mutilagunak utzi, ez dut istripu bat izan, ez nago gaixo, ez da nire amona hil… eta hala ere, nik badut min hori. Ez dakit nondik datorren, non hasi zen ez eta norena zen. Baina orain ni ere banaiz min hori. Eta animalia zahurituak egiten duen bezala mihizkatu nahi dut min hau, etorriko direnak kondenatuak etor ez daitezen.