Kantari jaialdiak Tafallan agurtu dira

Guaixe 2016ko mai. 2a, 16:05

Orkoien, Lodosa, Lakuntza eta Berriozartik pasa ondoren, larunbatean Tafallan egindako topaketa nagusiarekin despeditu ziren Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdiak. Kultur gunea lepo beteta zela, eszenatik 16 ikastetxetako 200 partaide pasa ziren, 17 euskal abesti interpretatzeko. Haien artean Lakuntzako Luis Fuentes eskolako eta San Saastin musika eskolako talde bana izan ziren. Aurrenak Vendettaren Udarako gau luzeak kantua abestu zuen, bigarrenak, berriz, Martin Larrazaren Txingurriye kanta. Betiko abestiak, abesti modernoak eta bertsioak, koreografia originalak eta janzkera bereziekin apainduz… Horiekin gozatzeko aukera izan zen jaialdi nagusian. Amaia Dominguez antolatzaileak laburbildu duenez, “kolorez betetako jaialdia izan zen, zoragarria eta alaitasunez beteta”.

Dominguezen musutrukeko lanari esker aurrera egiten dute jaialdi horiek. Hark esan duenez, “lan handia suposatzen badu ere, Nafarroako hainbat udalen laguntzari esker, eta haur eta gaztetxoen ilusio eta bizipen miresgarrien indarrez, antolaketan jarraitzeko gogoekin jarraitzen dut. Emanaldien aurreko prestaketak suposatzen duen ahaleginak merezi izaten du beti, oholtza gainean igotzen den artista txiki bakoitzaren ilusioa ikusita.” Dominguezek jaialdiak antolatzen lagundu duten udalei, aurkezleei, prestatzaile eta laguntzaileei eta parte-hartzaile guztiei eske ona azaldu die.

Erlazionatuak

Kantu jaialdia

Guaixe 2016 mar 21 Lakuntza