Sakana kooperatiba bisitatu du Aierdik

Guaixe 2016ko eka. 9a, 17:00
Zigor Bastida, Manu Aierdi, Pilar Irigoien eta Xabier Goenaga.

Sakana elkarte kooperatiboak dituen dibertsifikazio eta nazioartekotze estrategiak ezagutzea. Horixe  izan da Manu Aierdik, Nafarroako Gobernuaren ekonomia lehendakari-ordeak, eta Pilar Irigoienek, Sodenako zuzendari-kudeatzaileak, Lakuntzako lantegira bisita egiteko arrazoia. Ekonomia jardueraz aparte biek ere Sakana taldeak ibarrarekin duen loturaz, balioez, azalpenak jaso dituzte. Azalpen horiek guztiak Xabier Goenagak, kooperatibako zuzendari nagusiak eta Zigor Bastidak,  Lakberko kudeatzaileak eta kooperatibako Windpower saileko zuzendariak, eman dizkiete.

Sakana fundizioa 1975ean sortu zen. Hasieran makina-erreminta eta itsasontzien motor sektoreendako lan egin zuen nagusiki. Pixkanaka, eta bezeroei produktu bukatua emateko beste enpresekin elkarlanean, bere jarduera esparrua beste sektore estrategikoetara hedatu du, esaterako, energia sorkuntza. Bere bezeroen artean daude haize-errota, gas turbina eta petrolioa ateratzeko konpresore handiak egiten dituzten enpresa nagusiak.

Sakana taldeak hamarkada batean lan taldea eta fakturazioa handitzea lortu du. Gaur egun 300 langile ditu (130 ziren 2005ean) eta 12,5 milioi euro fakturatzetik 60 fakturatzera pasa da. Taldeak, gainera, etengabeko inbertsioa egiten du, produktuen kalitatea hobetzeaz aparte kudeaketan eta zertifikazioan hobetzeko ere. Balio erantsia eskaintzen die bere produktuei merkatu eskaintza zabalduz, zerbitzu integralak eskainiz.

Sakana taldea
Sakana S. Koop. fundizioa, Lakber Mecanizados SL mekanizatu enpresa, Goilak SL pintura enpresa eta Leeward Shipping Europa SL garraio enpresa. Burdinaren fundizioan nazioarteko erreferentea da kooperatiba eta ekoizpenaren %80 esportatu egiten du.