Historia-memoria ariketa, eta egungoa ere baden hausnarketa

Guaixe 2018ko api. 13a, 10:11

Musika, poesia eta antzerki bidez hori eskainiko du Lakuntzako Memoria Taldeak igandean, 18:00etan, kultur etxean

Militarrek estatu kolpea jo zutela 80 urte betetzen zirela eta 2016an Lakuntzako fusilatu bakarra zen Lazaro Alegria Lazkarai eta gorriak pasa behar izan zituzten herritarrak gogoratzeko ekitaldia egin zuten. Sakanako udalen hitzarmenaren barruan, pasa den urtean lakuntzarrei egokitu zitzaien Otsaportilloko ekitaldia antolatzea.

Bai bataz, bai besteaz Lakuntzako Memoria Taldea arduratu zen. Otsaportillokoa eta gero aurten beste memoria-ariketa bat egin beharko zutela bururatu zitzaien eta lastailean hasi ziren hura izan zitekeenari forma ematen. Musikarien aurreneko entseguak lastailean izan ziren. Eta testuen prestaketa eguberrietan. Eta hura, eta bestea. Horrela sortu du Lakuntzako Memoria Taldeak Oroimena kantuz. Memoria kontzertu akustiko bat baino gehiago.

Diziplina arteko ikuskizuna
Talde antolatzaileko kide Martin Larrazak azaldu digunez, igandean, 18:00etan, kultur etxean eskainiko dutena "memoria zabaltzea eta erakustea" helburu duen ikuskizuna da. "Gerran gaizki pasa zuten, fusilatuak izan ziren, jendeak alde egin behar izan zuen… Bai. Baina gaur egun ere hori gertatzen ari da. Orduko hura gaur egun errefuxiatuak bizitzen ari dira. Eta hori ere nabarmendu nahi dugu  emanaldiarekin". Azken finean, taldearen helburua memoria azalaraztea, berreskuratzea eta ez errepikatzeko ekarpena egitea da, "nahiz eta beste tokietan gaur egun ez den horrela gertatzen".

Lakuntzako Memoria Taldekoek buruan zutena 14 abestiz (Euskal Herria, Espainia eta Kuba), 6 antzezpenez eta 3 poesiez (Euskal Herria eta Uruguai)   osatutako ikuskizun batean bihurtu da. Hura kultur etxeko oholtzara ahalik eta herritar gehien eraman zezatela zen taldekideen nahia eta 20 bat lakuntzar bustitzea lortu dute.

Parte-hartzaileak
Eszena-tokia hirutan banatuta egonen da. Erdian irudiak proiektatuko dira. Ezkerrean honako musikariak egonen dira: Ricardo Areta, Ibai Hernaiz, Martin Larraza, Patxi Errazkin, Imanol Goñi, Alvaro Olano, Ernesto Hernaiz, Munia El Marhoum, Aiora Larraza, Nahia Perez Eta Ainhoa Vergara. Oholtzaren eskuin aldean, berriz, poesiak errezitatuko dituztenak eta antzezleak egonen dira. Aurreneko langintzan Jasone Etxebeste, Miren Alonso eta Ane Miren Iruretagoiena izanen dira. Antzezleak, berriz, bi dira: Alicia Garcia de Garaio eta Enma Larreta. Izaskun Salinasen testuak jokatuko dituzte.

Guztia behar bezala atera dadin, teknikaz Aitor Garcia arduratuko da. Josu Imaz eta Javier Ardaiz sorkuntzan lagundu dute. Igandeko emanaldia Jone Aretak aurkeztuko du.

Erlazionatuak

Memoria freskatzeko

Guaixe 2016 abe 23 Lakuntza