Udalak bi urte beharko ditu igerilekuak legedira egokitzeko

Guaixe 2018ko abe. 21a, 11:07
Lakuntzako igerilekua. Artxiboa.

Araudia betetzen ez duten Nafarroako igerilekuen % 80ren barruan dago Lakuntzakoa eta 2020rako bete beharra dagoenez, udalak horretara bideratu ditu 155.000 euro.

Punpak, hodiak, orduko ur metro kubiko kopuru jakin bat birzirkulatu beharra… Horiek jasotzen ditu igerilekuak arautzen dituen foru legeak eta Nafarroako azpiegituren % 80k betetzen ez duenak. Horren jakitun, Lakuntzako Udalak herriko igerilekua legedira egokituko du heldu diren bi urteetan. Hasteko, 2019ko aurrekontua 155.000 euroko diru-poltsa gorde du lan horiek egiteko. Patxi Xabier Razkin alkateak jakinarazi digunez, udalak heldu den urtean eginen duen inbertsio nagusienetako bat izanen da.

Udalak 2019an eginen duen beste inbertsioetako bat argiteria publikoarena da. Argindar kontsumoa eta pagatu beharreko faktura txikitzeko, egungo bonbillak LED argiekin ordezkatuko ditu. Udalak aurretik LED argiak herriaren % 25ean jarri zituen. Orain asmoa da herriaren gainontzeko kale guztietan aldaketa egitea. Razkinek azaldu digunez, Nafarroako 8 udal estatuko diru-laguntza batera elkarrekin aurkeztu ziren. “Hura ebatzi gabe dago oraindik. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planean eskaera erreserban gelditu zen. Gobernuak finantza ikuspegitik jasangarriak diren 35,5 milioi euroko balioa egiteko oniritzia jaso du eta erreserbatik atera gaituzte”. Beraz, Lakuntzako Udalak 2019an 93.000 euro ordainduko dizkio Leycolan enpresari LED argiak jartzeagatik.

Inbertsio gehiago
Horiek dira Lakuntzako Udalaren 2019ko aurrekontuan agertzen diren inbertsio nagusienetako batzuk. Igerilekuko lanak eta argiteriako aldaketaren zati bat ordaintzeko udalak 209.000 euroko mailegua hartuko du. Razkinek esan digunez, “udalaren finantza egoera nahikoa saneatua da”. Lakuntzako Udalak heldu den urtean 1.287.000 euro kudeatuko ditu, aurten baino 280.000 gehiago, % 21,7ko hazkundea.

Beste inbertsio handietako bat Larrañeta, Kañada eta Mendigain kaleetako sareen berritzea, airetik eta fatxadetatik doazen kableak lurperatzea eta zoladura berria jartzea. Razkinek esan digunez, Hermanos Apezetxea enpresa hasi da dagoeneko lanean. Borda bat bota du eta markatzeak egin dira. Kaleak zulatuta ilbeltzean ikusten hasiko dira. Lanek 517.318,31 euroko aurrekontua dute. Ur sareari dagozkion 94.318,31 euroak Sakanako Mankomunitateak pagatuko du. Gainontzekoa udalak. Horretarako Toki Azpiegiturako Planeko diru-laguntza eta Erabilera Askeko Funtseko zati bat bideratuko du udalak (bestea hilerrian kolunbarioak egiteko erabili zen).

Alkateak esan digunez, Sakana eta Behar zana frontoietako teilatuetan konponketak eginen dituzte. Argia pasatzen uzten duten plaketako batzuk hautsiak daude eta horiek ordezkatuko dituzte. Aurten, bestalde, Sakana frontoiko aldagelak berritu dituzte. Baso-lanei dagokionez, bi aipatu dizkigu Razkinek: “eskolako eta ikastolako ikasleek eta haien gurasoek eginen duten landaketa bat eta basoko itxituren errepasoa”.