Kirol Merituari Zilarrezko Domina

"Gustatzen zaigun kirola egiten dugu eta meritua dela esaten dute… ba gustura"

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 29a, 11:41
Pello Ruiz Vignemalen, gustukoen duen mendian.

Pello Ruiz Bordegarai, Lakuntza. Nafarroako Gobernuaren 2019ko Kirol Merituari Zilarrezko Domina, 50 urte baino gehiagotan mendizaletasuna sustatzeagatik

Nola hartu duzu 2019ko Kirol Merituari Zilarrezko Domina?
Oso gustura, pozik; ez duzu inoiz pentsatzen horrelako gauza bat inoiz etorriko denik. Gustatzen zaigun kirola egin dugu eta meritua dela esaten dute... ba gustura. Beste mendizale batzuk ere aurretik jaso izan dute domina; iaz Peio Alzuetak, esaterako, hil ondoren eman zioten senitartekoei, gero Miguel Angel Ulaiar mendizaleak ere... Sakanako Mendizaleak taldeak ere sari bat jaso zuen Nafarroako Gobernuaren eskutik, 1992an, euskara lantzeagatik. 

Saria eman dizute 50 urte baino gehiago daramatzazulako Sakanan mendizaletasuna sustatzen eta antolatzen. Horrenbeste urte?
Bai. Jaiotzez Lemoakoa naiz, baina 18 urte nituela etorri nintzen Lakuntzara, lanera. Berehala Lakuntzako Lagun Artea futbol taldean hasi nintzen jokatzen. Ni astero Beriainera igotzen nintzen, ez zelako posible autoarekin puntaraino igotzea autorik ez zegoelako. Lakuntzako lagunekin mendira joaten hasi ginen, gero Altsasuko batzuekin elkartzen hasi ginen, horrela hasi ginen mendian. 

Berez ez zenuten mendi talderik orduan. Zein klubekin zeundeten federatuta?
Lehenengo federatu nintzen tokia izan zen Anaitasuna, Iruñean. Otxoa, Barragan eta Altsasuko mendizale lagun haiek Iruñakoekin ibiltzen ziren asko eta horregatik haiekin federatu ginen. Gero Irurtzungo Iratxon federatu nintzen, beranduago Etxarri Aranazko Udaberrin, eta egun Zabalarten nago federatuta, Lakuntzako taldean.

Noiz sortu zen Sakanako Mendizaleak taldea?
Mendian koadrilaka edo klubeka ibiltzen ginen orduan, bakoitza bere aldetik. Kotxean joaten ginen eta mendira igo eta jaitsi toki berdinetik egin behar genuen, kotxea hartzeko. Autobusak leku batean uzten zaitu, mendira igo eta beste bailara batera jaitsi zaitezke. Eta pentsatu genuen polita litzatekeela hilean behin Sakanan autobus bat ateratzea, mendi zeharkaldiak egiteko. Sakanako mendi klubak bildu eta horrela sortu zen Sakanako Mendizaleak taldea. Lehenengo autobusa 1985ean atera genuen, abenduan. 34 urte egingo ditu taldeak abenduan. 

Hortaz, klub talde ezberdinen arteko koordinakundea da Sakanako Mendizaleak taldea.
Bai. Urtero egiten dugu bilera bat hurrengo urteko egutegia prestatzeko. Zein mendi edo zeharkaldi egingo ditugun, zein datetan, nork hartu behar dituen ardurak eta beste zehazten dugu. Aurtengoa larunbatean egingo dugu, azaroaren 30ean, Lakuntzako Pertza elkartean. Urteko balantzea egingo dugu, 2020ko egutegia prestatu… Nafarroako Gobernutik diru-laguntza txiki bat jasotzen dugu eta horretarako memoria, aurrekontuak eta beste aurkeztu behar ditugu. 

Zu Sakanako Mendizaleak taldeko presidente izan zara, ezta Pello?
Bai, eta segitzen dut. Juntan 20-21 urte daramatzat eta presidente 18 urte. Badakizu, lan eta buruhausteak dituenez, inork ez du nahi. Noizbehinka kargua mahai gainean jartzen dut ea nork hartzen duen, baina esaten didate: "zuk ongi egiten duzu... segi aurrera". Eta tira...

Hortaz, zure taldekideen konfiantza osoa duzu...
Bai (kar, kar...) Primeran daramagu. Komunikazio gehienak whattsapez egiten ditugu, euskaraz eta gazteleraz, eta hor ibiltzen gara. 

Zer moduz irteerak? Talde majoa zaudete?
Autobusa ateratzeko 20 pertsonako minimoa bete behar dugu, eta gehienetan hortik gora gaude. Duela bi hilabete 60 kide joan ginen Pello Altzuetari Arangoitin egin genion omenaldira. Normalean 25-35 inguru joaten gara, eguraldiaren arabera.  

Duela 30-45 urte, Lakuntzan, haur txikiekin kanpaldiak egiten zenituzten. Zuendako ardura handia zen, ezta? 
Nik orain pentsatzen dut ez ote geunden pixkat erotuta. Orain ikusten diren gauzekin, igual kartzelan egongo nintzateke (kar, kar...). Zenbat haur eraman ditudan mendira, guraso gabe. Bateonbat etortzen zen laguntzera baina igual 10-14 haur hartu eta Pirinioetara, Belaguara... joaten ginen. Orduan kanpinik ere ez zegoen. Belaguara joateko Lakuntzako udaletxetik Izabako udaletxera eskatzen genuen baimena, eta baimena jasotzen genuen, denda jartzeko. Oso ongi pasatzen genuen. Izabatik Linza aldera, Belabarze bailaran egoten ginen. Hiru Erregeen Mahaia (2.446 m), Ezkaurre (2.045 m) eta mendi horiek egiten genituen haur koxkorrenekin. Eta tarea zuten mendiak ziren, eh?

Eta ongi ibiltzen ziren haurrak?
Haurrak koadrilan doazenean ongi moldatzen dira, ez dute inor behar. Gurasoekin baino hobe ibiltzen dira. Gu egoten ginen zaintzaile moduan, baina beraien artean moldatzen ziren. Tarteka negarren bat egiten zuten, baina problemarik gabe. Santa Marinan, Aralarren, Adi azpian... kanpaldi asko egin ditugu. Nire alabekin batera inguratzen zirenak, denak, hartzen nituen. 

Zein da igo duzun mendirik altuena?
Mulhacem (3.482 m), Sierra Nevadan. 

Eta gustokoena duzuna?
Politena niretzat Vignemale da (3.298 m). Pirinioetan dago, Lourdesetik joanda. Igoera Gavarnietik eginda bikaina da. Glaziar elegante batzuk ditu, harkaitza bezain gogorrak dira. 

Hara bueltatuko zara?
Uff.. Urte asko ditut eta hauspoa txikitzen ari da (kar, kar...). Aldaka ebakuntzatik ongi osatu naiz, minik ez dut eta mendira joaten naiz, astean pare bat aldiz eta autobuseko irteerekin, baina mantsoago, eh? 72 urte egin behar ditut hemendik hilabete pare batera eta ez dakit noiz arte jarraituko dugun martxa hau. 

Abenduan zita garrantzitsua duzue mendizaleek Aralarren, Mendigoizale Eguna, aurten abenduaren 22an izanen dena. 
Iruñekoak hasi ziren antolatzen, mendizale batzuk hil zirelako eta omenaldia egiteko. Eta errotu zen, eta urtero goaz mendi klubetatik. Meza, auzatea eta musika egoten da eta aspaldiko lagun eta ezagunekin egoten gara. Beteranoak gara gehienak, gazteak ez dira sartzen horrenbeste egun eta kontu hauetan. 

Gazteak mendian bere kabuz ibiltzen dira gehiago..
Aldaketa egon da. Guk mendia bizitzeko eta ulertzeko beste martxa bat dugu eta genuen, lasaiagoa. Ildo honetan, Mankomunitateak Monterapia izeneko saioa antolatu du Lakuntzan. 

Bai, abenduaren 14an izango da, goizeko 10:00etan, Lakuntzako kultur etxean, Monterapia hitzaldia eta mendi buelta...
Juanjo Garbizu mendizaleak liburu bat idatzi du "Monterapia" izenekoa, eta liburua aurkeztuko du. Finean, betiko mendigoizaleen filosofia aldarrikatzen du. Han bilduko gara eta nahi duena gerturatu dadila, polita izango da. Ondoren paseoa egingo dugu. 

50 urte baino gehiago mendian Pello; segi zaletasunaz gozatzen!
Milesker! Oroigarria bistan jarri beharko dugu, toki polit batean! Lehendik ere baditugu dominak, Finalistetan banatzen genituenak... Orain ez da hori egiten, gauza horiek galduta ditugu. Dena izan behar da profesionalagoa: monitoreak… Beste garai batzuk dira.