Kirol Merituari Zilarrezko Domina

"Aurtengoa nire azken urtea izango da epaile"

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 29a, 11:50

Mikel Urrestarazu Zabalo pilota-epailea, Altsasu. Nafarroako Gobernuaren 2019ko Kirol Merituari Zilarrezko Domina, 1975 urtetik pilota-epaile izan eta pilota sustatzeagatik

Nola hartu duzu 2019ko Kirol Merituari Zilarrezko Domina?
Ni ez naiz omenaldien eta halakoen oso zalea, ez ditut oso gustuko. Baina pilota-epaile lanetan daramatzadan urteen eskertza den aldetik, ilusioa egiten dit. Nik beti pentsatzen dut zerbaitetan bazaude nahi duzulako dela, besterik gabe, ez duzula ordainetan ezer espero. Dena den, aurtengoa epaile moduan nire despedida izango da, urte bukaeran epaile izateari utziko diodalako, eta alde horretatik izendapena eskertzen dut.

Noiz hasi zinen pilota munduan?
17 urtera arte pilota partidak jokatu nituen, jubenilak arte, eta ondoren futbolean hasi nintzen, Sociedad Deportiva Alsasuan. Frontoian ibiltzen ginen asko. Nafarroako Pilota Federazioko kide Pablo Lopez altsasuarrak proposatu zigun ea federaziora joan nahi genuen, animatu nintzen, eta bertan epaile izan nahi ote nuen galdetu zidaten. Baiezkoa erantzun, izena eman eta horrela hasi nintzen epaile. Orduan pilota-epaileak Nafarroako Federazioak kudeatzen zituen. 

Pilota-epaile izateko ikasketaren bat egin behar zen?
Pilotaren araudia zen oinarria. Ni 1975-1976an hasi nintzen epaile. Nafarroako Federaziotik deitzen zizuten: "Altsasun partida dago larunbatean. Ahal duzu epaitzera joan?" Edo Etxarrin, Irurtzunen... horrela hasi nintzen. 1980. urtean ezkondu eta Araian egon nintzen bizitzen urte eta erdi, eta tarte horretan pilota-epaileen lehen kurtsoa egin nuen Gasteizen, Nafarroan oraindik ez zelako inolako azterketarik egiten. Lehen pilota-epaile karneta Gasteizen atera nuen, Euskal Pilota Federazioan. Egun, epaile izateko epaile titulua izan behar duzu. Gogoratzen dut ere 1991 urtean Bartzelonara joan ginela Miguel Mendinueta arbizuarra eta biok epaileen titulu nazionala ateratzera. Duela 25 urte inguru Nafarroako Epaileen Komitea sortu zen. Kolegioko ordezkari bat Nafarroako Federazioarekin koordinatzen da, baina autonomia gehiago du. Kolegioan bospasei epaile geunden, Nafarroako zonalde ezberdinetakoak: Angel Salaberria, Fernando Soteras, Mikel Erro, Jesus Ruiz, Patxi Ruizen aita, ni… eta partidak eskualdeka banatzen genituen. Nik Sakanakoak egiten nituen, tarteka Larraun, Lekunberri edo Leitzakoren bat, eta Lizarraldekoak ezin zuenean bertakoren batek…

Gogoan duzu epaile-lanak egin zenituen lehen partida?
1976. urtean izango zen, ziurrenik Altsasun, ez dut oso ongi gogoratzen. Kategoria txikikoekin eta afizionatuekin Nafarroako Txapelketak, Sociedad Deportivako Altsasuko Otadiko Kristo Deuna, herrietako partidak… guztiak epaitu izan ditut, eta baita gurean jokatutako pilota partida profesionalak ere. Hemen nirekin batera Javier Irigoien, Txikuri eta Miguel Mendinueta ziren epaileak. Eurek epaile izateari utzi zioten eta nik bakarrik jarraitu nuen. 

Pilota partida profesionaletako epaile ere izan zara. 
Bai, urte honetara arte, 2019tik enpresek bere epaile propioak dituztelako. 2019ra arte gurean egiten ziren partida profesionaletatik %99 nik egin izan ditut epaile-lanak, laguntzarekin. Retegi I. eta Tapiatik hasi eta ondoren pasatu diren pilotari profesional guztiak epaitu ditut, unean uneko figurak. 

Ardura handia izango du horrek.
Ni profesionaletan gustura ibili izan naiz. Askok esaten zidaten presioari nola egiten nion aurre, jendeak diru asko jokatzen zuela kontuan hartuta, baina nik presio giro hori gustuko nuen. Eta afizionatuekin eta haurrekin ere, guztiekin ibiltzen naiz gustura. 

Pilota-epaileari errespetua izaten zaio edo errespetu hori, beste kirol batzuetan bezala, galdu egin da?
Aldatu da. Lehen bat gehiago zinen kantxan; pilotariak ez zizun ezer esaten, zu okertu edo ez. Baina  Titin, Irujo eta halakoek pilota eraldatu zutenetik –niretzako pilotaren iraultza hori aurrerapausua izan zen– epaileari zuzentzeko modua aldatu zen, azalpenak eskatzen hasi ziren pilotariak. Momentu horietako beroaldietan esandakoak kantxan geratzen dira. Nolanahi ere, sarritan ikusi izan ditut gaztetxoak epaileari hitz gogorrak esaten eta gurasoak ondoan egon eta semeari ezer ez esan. Eta nire betebeharra, araudiak jasotzen duena, gaztetxo horiei halakoak ezin direla esan esatea da. 

Nolako epailea zara?
Nik esango nuke 0 tolerantzia duen epailea naizela. Partida bat 18:00etan hasten bada ordu horretan hasten da, ez 18:10ean, eta hori pilotari guztiek jakin behar dute, berdin zait berandu iristearen arrazoia. Hortaz, agertu ez denari partida galdutzat eman behar zaio. Gero, partida ondoren edozer esatera hurbildu ahal zaizkit pilotariak, ez dut problemarik, baina partida jokatzen den bitartean ez dut ezer toleratzen. Eta berdin jarraitzen dut. Eta profesionalekin berdin.

Lan zaila zurea. Abiadura horrekin pilotakada batzuk non erori diren ikustea zaila da oso.
Gauza bat esango dizut: partida telebistan ikusten nagoenean zalantza gehiago sortzen zaizkit partida batean epaile nagoenean baino. Epaile nagoenean normalean ez dut zalantzarik, eta telebistan bai. Epaile bezala hanka sartu ahal dut, baina pilotariaren postura ikusten duzu, horrek pista ematen dizu bigarren botea eman baino lehenago iritsi den hala ez… Dena den, oso konplikatuak diren jokaldiak daude, eta zuk segundo batean hartu behar duzu erabakia. 

Halakoak makina bat…
Behin, Altsasun, 21 berdinduta zeudela Mikel Goñiren jaurtiketa txapara joan zen. Nik falta eman nion Mikeli, bera gerturatu zitzaidan eta esan zidan "inoiz ez didazue alde ematen, jende erdiak ere ez du txapa soinua entzun…". Bera oso mutil jatorra zen, eta erantzun nion pilotak txapa jo zuela eta falta eman behar niola. Partida horretan bere alde dirua jokatu zuen taldetxo bat zegoen, nik banekien, eta esan zidaten: "ez bazenu falta emango dirua irabaziko genuke". Baina nik oso argi izan dut beti. Epaile lanetan akatsak egin ahal ditut, okertu naiteke, baina ez dut tantorik ontzat emango nire anaiak, edo nire lagunak dirua jokatu dutelako. Ezin dut atzean nor dagoen begiratu, bestela ez nintzateke epaile izango, ezingo nuke nire lana lasaitasunez egin. 

Beraz, epaile zorrotza Mikel…
Irujok ere esaten zidan: "gaur irabazi nahi badut bi tanto gehiago egin beharko ditut, zu epaile zaudenean bi tanto kentzen dizkidazulako gutxienez". Eta nik erantzuten nion: "nik ez dut ez kentzen ezta jartzen ere…". Pilota bat ona edo txarra izan den pilotariak daki, inork baino hobeki. Erabakiak hartu behar dituzu, eta une konkretuetan pilotari baten alde jokatu dutenek txistu egingo dizute eta bestearen aldekoek, aldiz, txalotu. Hori guztia ongi eramaten ikasi behar duzu. 

Urte luze hauetan hamaika pasadizo izango dituzu kontatzeko.
Asko… Behin, Olaztin, partida bat bukatu eta gizon bat gerturatu zitzaidan esateko nire erruagatik 20.000 pezeta galdu zituela. Tabernara joan eta kontu berdinarekin etorri zitzaidan, hurrengo tabernan ere… Koadrilan nengoen, eta uste dut egun hartan gizon hura etxera nahiko bero joan behar izan zela. Hainbeste urtetan denetik gertatu da. Profesionaletan 200 partidatik gora eginak izango ditut. Akta pila bat ditut jasoak. Gogoan dut ere Altsasuko Otadiko Kristo Deunako final ezaguna, Ruizen eta Olaizolaren artekoa, jubenilen mailakoa. Gizon batek lepotik heldu zidan eta Olaizola bera etorri zen barkamena eskatzera, aita zela eta oso urduri jarri zela esanez.  

Zein pilotari izan duzu gustukoen?
Pilotari ia guztiekin harreman ona dut. Niri guztiak gustatzen zaizkit; berdin zait nork irabazi, onenak irabazi dezala. Olaizolak eta Irujok garai bat itxi zuten. Ni Irujozalea nintzen gehiago, baina ez nion besteari ezer kentzen. Bati 9 eta besteari 9,5 ematen diot. Olaizolak sekulako burua izan du pilotan aritzeko, Juanek ere, eta Oinatz beste biek eklipsatu zuten. Pilotari oso handiak egon izan dira eta daude. Badirudi irabazten duena dela onena, baina badaude titulurik ez dutenak eta tituluak dituztenak bezain onak direnak. 

Orain maila paretsuagoa dute pilotariek. 
Alde horretatik hobeto dago gauza. Zein da hobe, Ezkurdia edo Altuna? Lehen esan dugun bezala, bati 9 eta besteari 9,5, diferentzia ez da horren handia. Altunari, 23 urterekin, izugarri exijitzen diote, badu tartea akatsak fintzeko. Ezkurdiak ere hala egin zuen eta iaz egin zuen eztanda, 26-27 urterekin. Prentsarekin jokatzen ere ikasi beharra dute, prentsak igo edo jaitsi ahal zaituelako. Presio horrekin jokatzen jakin behar dute. Egun, buruz buruko txapelduna Irribarria da, baina nik uste dut Altuna eta Ezkurdia bere gainetik daudela. Txapelduna urte osoan izan behar da, ez soilik egun batean. 

Aurten epaile lanak utziko dituzu. Guztiz?
Duela 6 urte Nafarroako federazioari esan nion utzi nahi nuela. Jende gaztea sartu behar dela; has daitezela, eta partidak epaitzearen poderioz jarriko direla, gu bezala. Baina badakizu: "segi beste urte bat, ez dugu jenderik…" eta horrela 6 urte eman ditut. Kosta egiten zait, ez pentsa, baina pausua eman beharra dut, bestela bizitza guztian egongo naiz epaile. Egia da, bestalde, epaile izan nahi duen jenderik ez dagoela. Duela 2 hilabete Nafarroan pilota-epaile izateko ikastaroak antolatu zituzten, eta uste dut guztira 9 aurkeztu zirela. Federazioak pilota klubei eskatu behar lieke gutxienik klubaren barruan epaileren bat izatea, zeren bestela epaile berberak gaude beti. Baina arazoa da beti berdinak gaudela ez dagoelako epaile gehiago. 

Hortaz, zaila izango duzu…
Ez badut modu arradikalean uzten, guztiz uzten, esango didate: "zergatik ez zoaz Etxarrira, eskura duzula, partida hau epaitzera?" Eta aurrekoa egin baduzu, herrian esango dizute: "Etxarrira joan bazara nola ez duzu Altsasukoa egingo?" Eta horrela ez nuke sekula bukatuko. Hoberena epaile-karneta ez izatea da. Orain arte urtero berritu dut, baina banago gehiago ez ateratzekotan eta esateko "jada ez naiz epailea, bukatu da". Federazioan ere ez dute argi utziko dudanik, baina aurten akabo. Bizitza zikloak dira, eta nik ziklo bat bete dut. 66 urte ditut eta gehiago nekatzen zara. Pena ematen dit, baina beste gauza batzuk egiteko gogoak dauzkat. 4 biloba ditut eta horietako bati, 4 urterekin, pilota izugarri gustatzen zaio. "Aitona, goazen frontoira" esaten dit, eta ni gustura berarekin. 

Ederki merezita duzu zilarrezko domina.
Beno… (kar, kar). Nire lanarekin kunplitu dut, guztiekin gustura egon naiz, ez dut arazorik inorekin eta zikloa bukatu da. Egun Sakanan maila handiko pilotariak ditugu: Zabaleta, Ezkurdia, Martija, Bakaikoa… horrek neska-mutikoak motibatzen ditu. Ildo honetan, uste dut pilotari profesionalak pilota eskoletara gehiago hurbildu beharko zirela, entrenamenduetara joan… neska-mutikoek izugarri eskertzen dute.