Ricardo Areta eta Joxe Flores

"Etxeko danborrekin egin genuen lehenengo Danborrada"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urt. 17a, 12:37
Ricardo Areta eta Joxe Flores lehenengo planoan, danborradaren entsegu batean.

1990an egin zuten lehenengo aldiz Danborrada Lakuntzan. Ricardo Areta eta Joxe Flores sortzaileetako bi izan ziren

Dan-dan, dan-dan, danborren hotsak entzungo dira Lakuntzan ilbeltzaren 19an, igandean, 00:00etan, Sansaastin bezperan, patroia "hartzeko".

1. Danborradak 30 urte beteko ditu aurten. Nola sortu zenuten?
Ricardo. Lagun kuadrilla baten gauza izan zen. Ni bateria jolea nintzenez eta danbor pila bat nituenez, lagunek esaten zidaten danborrak atera behar nituela danborrada bat egiteko. Ezetz esaten nuen. Baina urtero errepikatzen zidaten eta, azkenean, egingo genuela esan nuen. Etxeko danborrak, tinbalak eta abar hartu eta horrela egin genuen lehenengoa, pixka bat tontoarena egiten. Eta begira non gauden, 30 urte geroago. Danborrak ez ezik, txapakumearekin koilarak eta sardeska handiak egin genituen eta danbor gutxi zeudenez, taldea koilarekin osatu genuen. 

2. Gutxi gora behera zenbat zeundeten?
R. Ez dakit... dozena erdia? Baina jotzeko gogo handiak genituen. Danborradarekin hasi aurretik egun honetan ez zegoen ezer ez. Baina ezer. Pentsatu genuen bezpera eguna berreskuratu behar genuela. Eta horixe berreskuratu genuela! 

3. Hasieratik sukaldariz janzten zarete?
R. Lehenengo aldi horretan guztiak zuriz jantzi ginen eta sanferminetako gerrikoa ezkerreko sorbaldatik eskuin aldeko aldakara jarrita jarri genuen Sansaastin omenez. Martiri bat zen eta odolaren kolorea islatzeko, detaile bezala, jarri genuen. Sukaldari txanoa jarri genuen, paperezkoa, eta horrela atera ginen. 
Joxe. Ez genuen asko pentsatu. Galdetu genuen, zer jantziko dugu denak berdin joateko? Zuria eta mandala. Batzuek eramaten zuten beste batzuek ez. Ni harakin nintzen eta nire mandalak uzten nituen. Baina ez da elkarteko ezer. 

4. Ondoren, Lakuntzako Pertza elkartearen ekimena izatera pasa zen. 
R. Elkarteko presidenteak urtero aldatzen dira eta haietako batek esan zidan egiten genuen danborrada hori elkartera joan behar zela. Baldintza batzuk eskatu nizkion, izan ere, entseatzeko leku baten bila nengoen. Danborrak eskatu nizkion ere. Lekuari baietz esan zion eta elkartearekin hasi ginen. Sartzen zen bakoitzari danborrak eskatzen genizkion, eta azkenean batek baietz esan zuen. 

5. Baina edonork parte har dezake?
J. Danborrada elkartearen gauza bat da, baina ez da beharrezkoa kide izatea parte hartzeko. Lakuntzar gehienak dira bazkide, baina edozeinek parte har dezake. 
R. Gainera, mistoa da. 9 urtetatik 90 urteko jendea hartzen dugu. Lehen txikiagoak ere etortzen ziren, baina orain danborrada txikian ateratzen dira. 

6. Zer melodia jotzen dituzue? Eta nola lortu zenituzten?
R. Nik atera n ituen. Orain gehiago ditugu, baina Donostiakoak egiten ditugu. Orain sei abesti jotzen ditugu, Donostiako lau eta beste bi Lantzeko zortzikoa, kasu. Abesti propiorik ez dugu. 

7. Hiru hamarkada hauetan danborrada asko aldatu da?
J. Aldaketa gutxi egon dira. Adineko jende etortzen da eta ateratzen genituen pala eta sarde horietatik, orain bakarra ateratzen dugu, badirela ikusteko. Lehen ere botilekin egiten genuen, baina apurtzeko arriskua zegoen eta jendeak gainera ez du nahi. Jendeak danborra nahi du. 

8. Noiz hasi zineten Ohorezko txanoa ematen?
R. Hasierako urteetan herritik buelta egiten genuen. Ni beti nengoen herriko pertsona nabarmenei Ohorezko txanoa entregatu behar genuela esaten. Baina ez genuen egiten. 1997an elurte handi bat izan zen eta Javier Garziandia presidente zela ezin genuela bueltarik eman eta Ohorezko txanoa entregatzea zer iruditzen zitzaoin galdetu genion. Eta horrela sortu zen. Kanpai joleei eman diegu, ofizio desberdinetako langileei, kirolari guztiei... Jendeak ilusioa izan ohi du. 
J. Abisatzen zaie ea jaso nahi duten, izan ere, hildakoei ere eman izan diegu, eta nahi badute etortzen dira eta ematen diegu. Besterik gabe. 

9. Honaino iristea espero zenuten?
J. Ez dakit. Hasiera guztiak bezala ikusten genuen. Jarraitu egiten eta aurrera. Izan ditu urte batzuk parte hartzea pixka bat jaitsi dena, baina bueno. 70etik ez gara jaitsi. Urte batzuetan 100dik gora izan gara. 

10. Nola ikusten duzue etorkizunean?
J. Kolpetxoren bat gehiago joko dugu. Baina adinak ez du barkatzen. Ni egon nintzen zuzendari bezala bost edo sei urte, baina kanta berriak sartu zirenean Ricardori pasa nion ardura. Orain musikari asko dago herrian eta gazteren bat zuzendari izan nahi duen begiratzen ari gara. Txarangarekin aritzen dira danborradan. Hasieran kotxe batean megafoniarekin soinu-jole bat joaten zen, gero CD-ekin ere aritu gara eta azkenean Altsasuko txaranga etortzen zen. Baina orain Lakuntzan baditugu musikariak ere, eta Altsasukoekin batera aritzen dira. 

11. Eta nola da danborrada bat zuzentzea? 
J. Jende asko kontrolatu behar duzu. Aurrean haurrak daude eta batzuetan haria galtzen dute, gurasoak sartzen dira... eta atzean afaritik atera diren oso girotuta dagoen jendea. Urdurtasun pixka bat bai sentitzen duzu. Bestela, ez da ezer. Orain danbor bat naiz. Berez jendeak ez du zuzendari izan nahi. 

 

Erlazionatuak