Asier Arregi: "Australiako esperientzia bikaina ari da izaten"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urt. 24a, 11:00

Futbol Club Barcelonako Brisbaneko akademiako entrenatzailea

Asier Arregi Alegria lakuntzarrak administrazioko erdi mailako ikasketak egin zituen eta ondoren goi mailako ziklo bat, marketing eta publizitatekoa. Ingelesa sakontzeko, beste herrialde batera joatea erabaki zuen, bertan lan egin eta hizkuntza praktikatzeko. Egun, Brisbanen (Australia) bizi da eta Futbol Club Barcelonak bertan duen futbol eskolako entrenatzailea da.

1. Zergatik erabaki zenuen herritik kanpora bizitzera joatea eta zergatik Australiara?
Orain dela 3 urte nire koadrilako mutil bat, Alejandro, Kanadara joan zen ikastera. Berak kontatzen zituen gauzak entzuten sekulako inbidia pasatzen nuen, eta nik gauza bera egin nahi nuen, atzerrira atera, baina Kanadako klimak ez ninduen erakartzen. Australiak betidanik erakarri nau. Txikitan Australiari buruzko lan bat egin nuen eskolan eta beti esaten nuen noizbait Australia bisitatu beharko nuela. Eta iaz, erabaki nuen aurtengo ikasturtea aproposa izango zela bertara joateko. Lan egiten aurreztutako diruarekin, guztia prestatu eta irailaren 2tik nago Brisbanen. Mapan Ekialdeko Kosta begiratuta, erdian dago. Ez dago kostan bertan, baina kostako hiri bat dugu, Gold Coast, ordu batera. Han ere sakandar bat dago bizitzen, Nagore Claver, bere bigarren urtea hasteko asmotan dago hemen. Australiako ordu diferentzia oso bitxia da. Brisbanen 9 ordu gehiagoko aldea dugu Sakanarekin, baina Melbournen, iparraldean edo Sidneyn bertan 8 orduko aldea dago. 

2. Australian ikasten ari zara edo lanean?
Ingelesa ikasten ari naiz eta, aldi berean, lanean. Egun, Futbol Club Barcelonako Brisbaneko futbol akademian ari naiz lanean, entrenatzaile, baina aurretik lan pila bat egin izan ditut: granja batean limoiak hartzen, sukalde batean platerak garbitzen, publizitatea banatzen…

3.Sakandar bat Futbol Club Barcelonako Brisbaneko akademiako entrenatzaile… bitxia, ez?
Kasualitate hutsa izan zen. Nirekin ingelesa ikasten zuen ikaskide batek esan zidan Futbol Club Barcelonako Brisbaneko akademian entrenatzaile izateko probak egin behar zituela. Lakuntzako Lagun Artean eta Altsasun futbol entrenatzaile izan naiz, titulua badut, eta ni ere animatu nintzen. Esan zidaten orduan ez zegoela lanposturik, guztia beteta zegoela, baina nik esan nien boluntario moduan hasi nahi nuela, gustuko nuelako. Ildo honetan, Australian oso ondo baloratua dago boluntario izatea, boluntario asko daude. Eta horrela hasi nintzen, baina gero lanpostu bat sortu zen eta orain lanean ari naiz. 6 eta 7 urteko haurrak entrenatzen ditut, futbol 7an. Australiako kirol garrantzitsuenak errugbia eta cricketa dira eta futbolean taldeak egon, badaude, baina maila ez da Europakoa bezalakoa, sarritan entrenatzaile lanetan gurasoak eta aritzen direlako, boluntarioak. Aldiz, Barcelona Futbol Clubeko Brisbaneko akademiako entrenatzaileak tituludunak gara. 

4.Non bizi zara?
Etxe konpartitu batean, baina ez australiarrekin, Kolonbiako neska batekin eta Estatu espainiarreko beste neska eta mutil batekin baizik. Oso arraroa da Australiakoren bat kanpotarrekin bizitzea. 

5. Australiako bizimodua oso ezberdina da? Zer du ona Australiak?
Bai, aldatzen da. Soldatak ez dira hilabetean ordaintzen, astean baizik. Guztia astean ordaintzen da. Bestalde, badute kanpoan afaltzeko ohitura, parranda egiteko ohitura... Ikaslearen ikuspuntutik ikusita, ezberdina da: hemen lan ordu gutxiago eginda bizi ahal gara, bizitzeko ematen du; han ez. Zer du ona? Ingelesa ikasi nahi baduzu primeran dago Australia, eta mundu guztiko jendea ezagutzen duzu. Esaterako, Brasilgo eta txoko askotako lagun asko egin ditut. Bestalde, kristoren toki eder eta ezberdinak daude ikusteko, mota guztietakoak. Eta atzerrira joateak ematen dizuna gehitu behar diozu, zuk pertsonalki askoz gehiago baloratzen dituzula gauzak: beste pertsonekiko asko aldatzen duzu zure ikuspuntua, dirua gastatzeko orduan eta alde guztietan... 

6. Eta alde txarrik ba al du?
Janaria, esango nuke. Olioa oso garestia da eta hemen janari azkarra asko kontsumitzen da. Eta esperientziaren alde txarra da etxetik urrun zaudela eta kosta egiten zaizula familiarik eta lagunik gabe egotea. Une batzuetan gaizki pasatzen duzu. Han nengoela amona hil zen, eta oso gaizki pasatu nuen. Baina une txar horietatik ere puntu on bat ateratzen duzu, aurrera egiten baduzu, asko irabazten duzula. 

7. Australiako sute izugarrien irudiak iritsi dira hona. Zer dio jendeak?
Sute izugarriak daude, baina iparralderago daude, Sydney eta Melbourne artean. Gure hiria erdian egonda ez dira oraindik bertara iritsi. Egon ziren sute batzuk, baina ez oso handiak. Behin Coffs Harbourrera joan nintzen, eta bidean baso guztiak erreta ikusi genituen. Zerbitzu gune batean geratu ginen eta ez zegoen inor: dena hutsik zegoen, itxita, bakarrik suhiltzaileak ikusten genituen. Brisbanen, 2 milioi biztanle dituen hiri batean egonda, jendea kezkatuta ikusten da, baina suteen inguruan ez da gehiegi ere entzuten. Dena den, toki publiko askotan informazioa dago, non izena eman dezakezun boluntario bezala suteak itzaltzera joateko.

8. Horrenbesteko beroa egiten du?
Bai, izugarria, gaur 34 gradu izan ditugu baina sentsazio termikoa 41 gradukoa da. Dutxa bat hartzen duzu eta ateratakoan jada izerditan zaude. Ez du aireak jotzen eta bero honi aurre egitea oso zaila da. Aire egokitua duten dendetara joanda edo etxean, leiho guztiak eta gortinak itxita, egin ahal zaio aurre. Ildo honetan, Gabonak bitxiak izan ziren. Gurean bezala pinuak eta apaindurak jartzen dira, Santa Claus etortzen da baina guztia sekulako beroarekin. Arraroa egiten da. 

9.Lakuntzan Sansastinak ospatu dira asteburuan. Gogoratu al zara?
Jakina, lakuntzar batek ezin ditu sansastinak ahaztu! Gogoratu nintzen, pena handia eman zidan ez ospatzeak, baina sansaastinetatik gertu egoteko Lakuntzako zapi bat ekarri nuen Australiara, eta ilbeltzaren 19an zapiarekin lo egin nuen (kar, kar...). Beti izaten da herri mina, halako uneetan gehiago. 

10.Ikasturtea Australian emateko esperientzia ona izaten ari da?
Kristoren esperientzia da herritik kanpo ateratzea, beste kultura edo herrialde bat ezagutzea, eta bertan bizitzea eta lan egitea. Hori mundu guztiari datorkio ondo. Aholkua: aukera baduzu zoaz, pentsatu gabe! Izango dituzu urteak zure herrian egoteko. 

11.Eta noiz itzuliko zara?
Maiatzean bukatzen zait bisatua eta Bali eta Tailandia bisitatu ondoren, uste dut sanferminetarako Sakanan egongo naizela. Bi futbol entrenatzaile titulu ditut eta entrenatzaile profesionala izateko hirugarren titulua ateratzea falta zait; titulua ateratzea ari naiz aztertzen, eta horrekin batera goi mailako zikloren bat egitea. Edo beste hizkuntzaren bat ikastea. Eta hurrengo urtean beste herrialderen batera joatea. Zergatik ez?