Koronabirusa Sakanan

Aurten maiatzeko azokarik gabe

Guaixe 2020ko api. 24a, 13:36
Plaza salmenta postuak hartzen ditu maiatzeko azokan.

Maiatzaren 17an ospatzekoa zen azoka bertan behera utzi du Udalak, pandemiagatik. Bitartean, elkarren arteko harremanak sustatzeko bideak ari da sustatzen Lakuntzako Kultur Zerbitzua eta larunbaterako III. Tortilla Txapelketan parte hartzeko deia egin du.

Lakuntzako Udalak maiatzaren 17an ospatzekoa zen maiatzeko azoka bertan behera utzi du, COVID-19 birusaren pandemiaren aurrean osasun publikoa eta toki publikoetako segurtasuna babesteko. Azokak bere tokia egina zuen Lakuntzako kultur eta festen egitarauan. Artisauez, bertako ekoizleez eta Lakuntzako abeltzainen abelburu ederrez betetzen ziren Lakuntzako plaza eta herri guneko kaleak, eta pandemiagatik bertan behera gelditzen ari diren ekitaldiei batu zaie maiatzeko azoka. 

Larunbatean Tortilla Txapelketan parte hartzera animatu dute
Lakuntzako azokaren bezperan, maiatzaren 16an, III. Tortilla Txapelketa zuen antolatuta Lakuntzako Kultur Zerbitzuak. Jakina, ezingo da plazan ospatu, baina ekitaldiari buelta bat eman diote eta txapelketa modu ezberdinean egitea proposatu du zerbitzuak. Horrela, lakuntzarrak larunbat honetan, apirilaren 25ean, tortilla lehiaketan parte hartzera animatu dituzte. Parte hartu nahi dutenek 672 778 598 telefonora mezua bidali beharko dute larunbaterako, 14:00ak baino lehen, eta III. Tortilla Txapelketan parte hartzeko oinarriak jasoko dituzte. Eta, ondoren, parte-hartzaileek etxean grabatutako bideotxo bat bidali beharko dute, tortilla nola egin duten erakusten duena. Zaporea baino, sormena sarituko da. Lakuntzako Kultur Zerbitzuak Conservas del Reino etxeko 50 euroko produktuen zarea zozketatuko dute lehiaketan parte hartu duten guztien artean. 

Erlazionatuak

Itxez itxe Lakuntzan

Lakuntzako udala 2020 api 22 Lakuntza

Lakuntzan Negua joan da eta

Lakuntzako udala 2020 api 24 Lakuntza