Oihana Aldabe Lazkoz eta Eider eta Jasone Razkin Lazkoz musika irakasle lakuntzarrak dira, Nafarroako hirugarren handiena den Orreaga musika eskolako irakasleak, hain zuzen. Zazpi ibarretan barrena ibiltzen dira musika irakasten, eta bakarrak dira Nafarroako Pirinioetaraino joaten direnak. Han bizimodua ezberdina dela argi utzi dute eta hainbat erronka eduki dituzte bai musika arloan lan egiteagatik, bai elkarren artean nahiko ezberdinak diren girotan mugitzeagatik.
Musika irakasleak zarete. Betidanik gustatu zaizue musikaren mundua? Nola bukatu duzue horretan lanean?
Oihana. Tronpetako ikasketak bukatu nituen eta gero, Lakuntza musika eskolatik deitu zidaten lan egiteko. Haur txikiekin hasi nintzen, gero, baita ere, zuri eman nizun klase. Hortik bi urtetara edo, Garraldako musika eskolatik deitu zidaten. Musika ikasketekin lanbide ohikoena irakasle izatea da, eta nik urte asko daramatzat klaseak ematen.
Jasone. Nik ere kontserbatorioan ikasi nuen, pianoa, eta gero magisteritza ere egin nuen. Ikasketak bukatu eta berehala Oihanak pianoko irakasle bat behar zutela esan zidan, eta txikiekin eta pianoarekin hasi nintzen. Orain ere horretan nago, koroa, pianoa eta hizkuntza musikala ematen, zortzi bat urtetik.
Eider. Nik Lakuntzako musika eskolan ikasi nuen, gero kontserbatorioan jarraitu nuen eta duela hiru edo lau urte Orreaga musika eskolan hasi nintzen, hasieran klase bakar batekin, ondoren txikiekin, eta gero instrumentua irakasten ere.
Hiruak lakuntzarrak izanda, nola bukatu duzue Pirinioetan?
O. Orreaga musika eskola pixka bat berezia da, zazpi udal edo ibar daude sartuta: Luzaide, Auritz, Erroibar, Artzibar, Esteribar eta Berriobeiti, bost zentrotan banatuta daudenak, Garraldako Orreaga eskolan, Artikako kultur etxean, Zubiriko eskola publikoan, Ollokiko gizarte etxean eta Auritzberriko kontzejuan. Musika eskola osoko matrikulazioak ikusten ditugu irakasleek eta horren arabera moldatzen du astea irakasle bakoitzak. Nik adibidez tronpeta eta gaita irakasten dut, eta 20 urte baino gehiago daramatzat astelehenero Garraldara eta asteartero Zubirira joaten. Duela zortzi urte Berriobeiti ere sartu zen musika eskola honetan.
J. Ni bi eguerditan Zubirira joaten naiz, astearte eta ostegunetan, eta gainontzeko arratsaldeak Artikan ematen ditut.
E. Astearte eta ostegun eguerditan Zubirira joaten naiz ahizparekin, astelehen eta asteartetan Ollokira, eta asteazken eta ostegunetan Artikan. Segun zer duzun zentro batera edo bestera joaten zara.
Joan etorrian ibiltzen zarete egunero edo han gelditzen zarete noizean behin?
O. Beti joan etorrian ibiltzen gara. Garraldara, bai Aezkoa, Artzibar, Erro, Luzaide, Auritz edota Aurizberriko haurrak joaten dira. Guk ordubeteko bidaia dugu, eta joan beharko garen irakasleen artean autoa partekatzen dugu. Garraldara joaten garenok txandak egiten ditugu. Ollokin elkartzen gara, Uharte Iruña ondoan, eta hor uzten ditugu autoak, ondoren bat hartzen dugu eta bost irakasleak auto bakar batean joaten gara Pirinioetara. Merkeago ateratzeko modu bat da, gainera orain gauzak dauden bezala ikusita. Aurten, adibidez, bi autotan joaten gara Garraldara, 6-7 irakasle gara eta. Baina denetatik egin dugu. Batzuetan tokatu izan zait irakasle bat Auritzera eramatea, hortik gero ni Garraldara joatea eta itzultzerakoan bere bila pasatzea, eta hurrengo astean kontrakoa, berak niri nonbait uztea eta gero nire bila itzultzea. Kontua da egun batean Garraldan egiten duzula lan, baina hurrengo egunean agian Zubirira joan behar zarela.
Irakasle gehienak kanpokoak zarete edo Pirinioetakoak ere badaude?
O. Gehienak Iruñekoak. Baina adibidez, bi irakasle Aurizberrikoak dira, ama eta alaba. Alaba ikasle bezala izan genuen eta orain irakaslea da. Aurizberrin bizi dira eta Garraldan egiten dute lan. Beraiei kontrakoa gertatzen zaie, Artikara jaitsi behar izaten dira bi egunetan edo tokatzen zaienean.
J. Beraiek ama eta alaba izanda kotxea partekatzen dute, nik Eiderrekin bezala, ahizpak garelako. Nahiz eta bat Ollokin egon eta bestea Artikan, batak besteari itxoiten dio eta batera itzultzen gara.
Aldaketa handia dago han musika erakustearen edota hemen egitearen artean?
O. Bai, Pirinioetan jendea oraindik oso desberdina da. Ez dauka zerikusirik, han beste erritmo batean bizi dira. Adibidez, elurra egiten duenean, beraiek deitzen digute ez etortzeko esanez, elur asko dagoelako eta badaezpada. Hala ere, haurrek ez dituzte jarduera asko musika eskolaz kanpo, nahiz eta orain pilota eskola ere badagoen. Orduan, jende askok ematen du izena musika eskolan, baina beste erritmo batean bizi dira. Familia guztiak dira oso jatorrak, baina ezberdinak. Artikan, adibidez, klase bat galtzen badute zergatik ez dagoen edo galdetzen dute, gauzak askoz gehiago begiratzen dituzte; Pirinioetan ezin bagara klasea ematera joan lasai hartzeko esaten digute. Aurizberrikoak Garraldara musika eskolara joateko, gurasoek hilero auto txandak egiten dituzte, egutegi bat daukate. Ikusten da familien artean harreman handia daukatela, eta hori Artika bezalako leku handietan ez da gertatzen. Artikan Iruñeko eskola guztietako ikasleak ditugu, eta beraien artean batzuk bai eta beste batzuk ez dute elkar ezagutzen, baina han goian denak ezagun dira.
J. Herriak txikiagoak dira, klima ezberdina, eta beste bizimodu lasaiago bat daukate.
E. Pirinioetan ere elkarren artean gehiago ezagutzen dira. Artikan, adibidez, hainbat eskoletako jendea dago, ez dute hainbeste elkar ezagutzen. Taldea anitzagoa da.
Elurra egiten duenean, adibidez, ez duzue online klaseak egitea planteatu?
O. Nik online klaseak gorroto ditut. Normalean beti iristen gara Garraldara. Beraiek ez etortzeko esanez deitzen ez badigute, gure lana den heinean, beti joaten gara. Hala ere, badaukagu elurretako protokoloa, orduan elur asko dagoela ikusten badute, gurasoek eskolara deitzen dute. Haurrak eskolatik musika eskolara joaten dira zuzenean, arratsalde guztia Garraldan egonez, beraien herritik denbora guztian bueltaka ez ibiltzearren. Orduan, gurasoek elur asko dagoela ikusten badute, haurrak autobusez bidaltzen dituzte etxera eskola bukatu orduko, musika eskolara joan gabe. Kasu hauetan, gu 19:30ean bueltatzen gara badaezpada, errepideagatik batez ere.
J. Orain ikasi dugu online klaseekin moldatzen, koronabirusagatik, eta ezin badira klaseak zuzenean eman, agian planteatu dezakegu elurra dagoenean online egitea.
Euskaraz irakasten duzue? Hala bada, han nolakoa da euskararekiko erlazioa?
O. Bai, han bakarrik D eredua daukate, dena euskaraz, bai Aurizberriko eskolan, bai Garraldako eskolan, bai gainerakoetan. Artikan, aldiz, ezberdina da, jende gehiago baitago. Kurtso berdinean adibidez, hiru gela ditugu, eta gehienetan bi euskaraz eta bat erdaraz izaten da.
J. Gertatzen dena da 21 irakasleetatik euskaraz bakarrik bost edo seik dakigula. Irakasle askok urte asko daramatzate eta ez dira euskaldunak. Dena den, irakasleak berritzerako orduan euskaraz dakitenak hartzen saiatzen dira. Baina zaila da, musika irakasle izatea eta euskara, antza denez, ez daude oso lotuta. Guk posible dugunean euskaraz egiten dugu, Pirinioetan, adibidez, beti. Artikan ere euskaldun kopurua igo da. Ni txikiekin hasi nintzenean maila berdinean euskarazko ikasgela bat eta gaztelaniazko beste bat zeuden, eta orain gehienetan bi ikasgela daude euskaraz eta bat gaztelaniaz. Euskaldun gehiago apuntatu dira. Hala ere, instrumentuak erakusterakoan ezberdina da. Azken finean irakasleak instrumentu batean edo bestean daude espezializatuta, eta hortaz euskara ez badaki gaztelaniaz ematen du. Gu ere saiatzen gara hizkuntza musikalean euskaraz dakitenak euskarako taldean sartzen. Orokorrean irakasleak ere saiatzen dira euskaraz egiten.
Nolakoa da hango musika eskola?
O. Gure musika eskola hainbeste herritaraino iristen da, herri horietako eskolak aprobetxatzen ditugulako. Guk ez ditugu eraikin berriak sortu. Berriobeitin, adibidez, itxita zegoen kultur etxe bat aprobetxatu genuen, baina Pirinioetan eskoletan ematen ditugu klaseak. Garraldan eraikin handi bat dago, goizetan eskola eta arratsaldetan musika eskola bihurtzen dena. Erroko eskolan ere eman ditut klaseak, eta Auritzeko eskolan… Nafarroa erdiko eskoletako giltzak ditut. Honek musika eskola merkeagoa izatea egiten du, bai matrikula bai gastuak txikiagotuz, guk ez baitugu eraikin bat alokatzen, dauden baliabideak aprobetxatzen ditugu. Zuzendari eta garbitzaileekin hitz egiten dugu, eta beraiek esaten digute zer gela erabili edota gauzak non gorde ditzakegun. Irailean gela bat hartzen dugu eta hor gordetzen ditugu gauzak. Adibidez, Zubirin gela batean piano bat daukagu, eta beste gela batean bateria bat. Garraldan gauza bera, jantokia eta dena erabiltzen dugu. Garbitzaileekin asko hitz egiten dugu beraiek eskola arratsaldean garbitu behar dutelako. Zein gelatan zein ordutaraino egongo garen esaten diegu, horrela beraiek beste guztia garbitu, eta azkeneko momentuan erabili ditugun gelak garbitzen dituzte.
J. Ollokin, adibidez, duela gutxi kultur etxe bat egin zuten eta orain hor ematen ditugu klaseak. Horren aurretik, haur eskola batean ematen genituen, eta han ibiltzen ginen sehaskak kentzen, pianoa ateratzen… kultur etxe hori behingoz egin zuten arte.
Uste duzue musika ikasketak baloratzen direla?
O. Ez. Azkenean eskoletan garrantzia kentzen diote musikari, eta haurrak hori barneratzen du. Hau gizarteak artea edo kulturari garrantzia ematen ez diolako gertatzen da. Kulturari ez badiozu garrantzia ematen eta haurrek ez badute sentitzen musika matematika bezain garrantzitsua dela, azkenean hori barneratzen dute. Nik kontserbatorioan ikasi eta titulua lortu nuen, eta badago jendea esan zidana: “hori bakarrik ikasi duzu? Ez zara unibertsitatera joan?” Gertatzen dena da, gizarte bezala bakarrik gauza batzuk baloratzen ditugula, eta nahiz eta haurren batek artean erraztasuna eduki ez da trebetasun hori behar bezala baloratzen. Musikan ikasten dena, adibidez, ezin da beste ezertan ikasi. Taldean lan egiten ere ikasten da, kiroletan bezala. Banda batean parte hartzean denak dira garrantzitsuak, bonboa jotzen duena gitarra jotzen duena bezain beharrezkoa baita. Batak besteari entzuten ikasten dute, oso kooperatiboa da.
J. Garunarendako eta hezteko orduan musika bezalako ikasgai artistikoak oso garrantzitsuak dira. Musika eskolara etortzen diren haurrak suposatzen da nahi dutelako etortzen direla, ez eskolan bezala agian ikasgai batzuk egitera behartuta sentitzen direla. Hortaz, suposatzen da gehiengoa musika gustatzen zaiolako etortzen dela, baina denetatik dago.
Desberdintasuna dago Pirinioetan edo Iruñerrian nola baloratzen den musika?
O. Ez. Pirinioetan garrantzi handia ematen diote musika eskolari, baina ez dagoelako ezer gehiago. Asko eskertzen dute gu haraino joatea, jarduera bat edukitzeko. Beraiendako oso garrantzitsua da egiten dugun ahalegina, beraz, beraiek ere egiten dute. Han familiek musika eskolarekin harreman oso estua dute.
J. Eskertzen dute han musika eskola egotea. Gainera, hainbat ekitalditan ere parte hartzen dugu, herriko festetan edo Korrika bezalako egunetan.
Oihana, nola bukatu zenuen Haizaldi gaitarien elkartean? Gainera, Iruñeako eta Lakuntzako konpartsetan zaude, zein da nabaritzen duzun ezberdintasun handiena?
Kontserbatorioan nengoela, 18 urterekin gaita ikastera apuntatu nintzen. Tronpeta jada jotzen nuen, baina gaita ere asko gustatzen zitzaidan. Hortik bi urte ingurura, elkarte bat sortu zen Iruñean, bertan sartu nintzen, eta gaur egun arte urte asko daramatzat gaita jotzen. Berriozarko konpartsan jo dut, Lakuntzakoan ere, eta Iruñekoan. Hasieran Iruñeko konpartsan kolaborazioak egiten nituen, baina batek utzi zuen, eta ni ofizialki sartu nintzen. Iruñeko konpartsa… Iruñeko konpartsa da. Milaka konpartsa daude Euskal Herri osoan, baina Iruñeko konpartsa bezalakorik ez dago. Erraldoiak oso zaharrak dira, tradizio handia dago, gainera sanferminak. Niretako konpartsa garrantzitsuena da, eta gainera ez da bakarrik konpartsa, gehiago ere bada. Eta gero Lakuntzako konpartsa. Ni Lakuntzako eskolan nengoen gaitako klaseak ematen eta erraldoi eta buruhandiak egin behar zituztela esan zidaten; horrela, konpartsa sortu eta sartu nintzen, duela ia 20 urte. Niretako Lakuntzako konpartsako arazo handiena ez da musika, baizik eta ez dagoela jendea erraldoiak ateratzeko. Belaunaldi txanda behar da, urte askoz daramatelako pertsona berak, eta ez dago jende berririk.
Eider eta Jasone, zuek organoa jotzen duzue Lakuntzan. Nola bukatu zenuten horretan?
E. Gure osaba Luis Marik mezan jotzen zuen, baina batzuetan huts egiten hasi zen. Guk pianoa jotzen genuenez huts egiten zuenean jotzen hasi ginen, eta orain maizago ibiltzen gara. Nahiz eta jotzeko moduan ez den pianoaren guztiz berdina, moldatzen gara.
Aurretik hitz egin dugu musika ez dela behar bezala baloratzen. Zer egingo zenukete hori aldatzeko?
O. Kulturari garrantzia gehiago ematen hasi behar da. Musika eskolena barregarria da. Gobernuak diru kopuru bat du musika eskolentzat, baina berdin du 10 musika eskola edo 100 dauden, kopurua ez dute aldatzen. Duela urte asko esan zuten %73a emango zutela, baina Nafarroako Gobernuak musika eskoletarako jarri behar duena ez da esan zuten kopuru horretara inoiz ailegatzen, beti gutxiago, eta orduan familiek eta udaletxeek jarri behar izaten dute. Baina nik uste dut pentsamendua dela aldatu behar duguna. Oinarria falta da. Haur batek jada 10 urterekin ikusi dezala kultura ere garrantzitsua dela, baina gizarte moduan ez badiogu garrantzia ematen hori ez da inoiz aldatuko.
J. Aldaketa Gobernutik hasi behar da, alderdi politiko guztietatik. Diru asko joaten da futbolera… Baina gainontzeko guztiak? Futbolaz aparte, gainera mutikoen futbola soilik, nabari du ez dagoela besterik. Guk ikasle asko ditugu futbola dutenak, eta ordutegiak egiterakoan kontuan hartu behar izaten ditugu beraien futbol entrenamenduak, ez baitute horretan faltarik onartzen. Azkenean hori da barneratzen dutena, telebistan agertzen dena.
E. Artea orokorrean, musika, irakurketa gehiago baloratu behar da. Futbolari, adibidez, musikari baino balore gehiago ematen zaio, eta ez da horrela izan behar, guztiek baitituzte onurak.