Parapentea

Oinez eta hegan, Lakuntzan

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 27a, 14:45
Beriainen eta Anta Marinaren ikuspegi zoragarria parapentetik. UTZITAKOA

Euskal Herriko Oinez eta Hegan Parapente Txapelketako Nafarroako Txapelketa hartuko du Lakuntzak uztailaren 30ean eta 31n. Txapelketaz gain, parapentea gizarteratu nahi dute eta erakusketa prestatzen ari dira

Lakuntzak Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketa hartuko du uztailaren 30ean eta 31n, eguraldiak uzten badu. Txapelketa liga bat da, eta asmoa Euskal Herriko herrialde bakoitzean txapelketa bana egitea da. Hortaz, Nafarroakoa hartuko du Lakuntzak. 

Lakuntzako alkatea, Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza, Sakanako Baiza Parapente Taldeko kidea da, parapentelaria edo hegalaria, berak esaten duen bezala, eta proba Lakuntzara ekartzearen arrazoiak aipatu ditu. “COVID19 pandemiaren aurretik, Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketako Nafarroako txapelketa Sakanan egin genuen. Tartean Baiza egon zen antolakuntzan. Proba Uharte Arakilgo erreka ondotik ateratzen zen eta Arbizuko kanpinean despeditzen zen. Baina konturatu ginen ikusle gutxi zeudela, gure kirola ez genuela behar bezala gure herrietan erakutsi. Pandemiaren ondoren Euskal Herriko Txapelketa berriz antolatu da, eta antolatzaileek, Parapente Federazioak eta hiruzpalau klubek, deitu zidaten Lakuntzan ekitaldia hartzeko prest ote geunden galdetzeko. Baiezkoa eman, eta hemen gaude” dio Razkinek. 

Hike and fly modalitatea
Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketan, izenak dioen bezala, parapentelariek oinez igo beharko dira haizeratze gunera. “Hike and fly bezala ezagutzen da parapente modalitate hau, euskaraz oinez eta hegan. Parapentelariak korrika abiatzen dira aireratze gunera, parapentea eta materiala gainean daramatzatela. Antolakuntzak zehaztutako ibilbide bat osatu beharko dute, balizatuta edo markatuta dagoena. Hau da, baliza horietatik pasa beharko dira, normalean mendi tontorretan kokatzen direnak. Lehen balizara korrika igoko dira, hortik aireratuko dira, eta haize baldintzak onak badira, beste balizetatik hegan pasatu ahal dira, balizek GPS-a dutelako eta parapenteak hortik pasatu direla markatuko dutelako. Ezin badira hegan baliza horietara heldu, oinez edo korrika igo beharko lirateke hurrengo baliza horretara, eta berriz hortik aireratu. Helmugara edo golera –horrela deitzen zaio– lehena iristen dena izango da txapelduna” azaldu du Razkinek. Hike and fly modalitate gogorra da, ezbairik gabe. “Parapentelari hauek hegalari-atletak dira, guztiz. Mendian ibiltzen den jendea da, oso sasoitsu dagoena. Oraindik ez dakigu, baina Lakuntzara hurbilduko diren partaideak dozena inguru izango direlakoan nago” gaineratu du. 

Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketan irteera puntua eta helmuga, gol izenekoa, berbera izango dira: Lakuntzako plaza. Kokapena ikusita, Beriain edo Aralarko San Miguel izango dira aireratu beharreko balizak, ziurrenik. “Antolakuntzak egunean bertan finkatzen du egin beharreko ibilbidea, haize egoeraren baldintzen arabera. Hasiera batean, eta eguraldiak baimentzen badu, Beriainera igotzea litzateke asmoa, Beriainetik aireratu eta hegan egin, eta beste baliza bat San Migelen egotea, San Migeletik pasatu eta Lakuntzako golera iristeko. Baina eguna iritsi arte, ezin da jakin” gaineratu du Razkinek. 

Haize egoerak baldintzatuta
Haize egoeraren baldintzen arabera lasterketa guztiz aldatzen da. “Izan daiteke hegaldi bakarra izatea. Hau da, baldintzak onak badira eta aireratzean altuera asko hartzen bada, hau da, pentsa Beriainen 2.500 m edo 2.800 m hartzen dituzula, korronte termikoen bidez gai izango zara San Migeleko balizara heltzeko eta segidan Lakuntzako golera hegan heltzeko” azaldu du Razkinek. Hori idealena litzateke, baina baldintzak paregabeak izan beharko lirateke. 

Baldintza onenak haize gutxi egotea eta egun termikoa izatea dira. “Termika, azken finean, haize korronte bertikal bat da. Termikak sortzen direnean, putreak bezala, termikaren barruan bueltak ematen hasten zara. Horiek dira proba honetarako baldintzarik onenak: haize gutxi, eta egun termikoa” berretsi du.

Modalitate honetan, parapentelariek materiala oinez igo behar dute aireratze gunera

Halako ibilbide bat zenbat denboran egin daitekeen galdetuta, ezin dela aurreikusi dio. “Ezingo nuke kalkulatu. Hau ez da puntu batetik bestera zuzen joatea. Haize baldintzen araberakoa da, guztiz. Agian San Migueleraino joateko Irañeta aldera jo behar duzu eta gero bueltatu... eta termikak bilatu behar dituzu haraino iristeko. Baina Beriainen sekulako termika harrapatzen baduzu eta metro asko hartzen badituzu, bakarrik planeatzen San Miguelera iritsiko zinateke. Baina hala ez bada, korronte termikoak bilatu behar dituzu. Egunaren araberakoa da erabat” azaldu du. 

Lakuntzan jokatuko den probak bi egun ditu. Horrek ez du esan nahi partaideek bi egunetan atera beharra dutenik. “Egunaren eta baldintzen arabera parapentelari bakoitzak bere erabakia hartuko du. Agian soilik egun batean aterako da, edo bitan…” dio Razkinek. 

Ibilbidea, egunean
Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketako egitaraua ez dago itxita, egunean bertan zenbait erabaki hartuko baitira, eguneko baldintzen arabera: egin beharreko ibilbidea, tracka, balizak eta ordutegia, esaterako. “Goizean zehaztuko da guztia, speaker batek emango du guztiaren berri, baina printzipioz, eguerdi aldera lehenengo aireratze gunera iristea da asmoa, baldintzak termikoak aktibo jartzen direnerako. Ez du zentzurik oso goiz igotzeak korronte termikorik ez izateko” azaldu du Baiza taldeko kideak. 

Normalean, partaide guztiak batera ateratzen dira, “eta gero bakoitzak erabakitzen du noiz aireratuko den. Baldintza onak ez badira, itxaroten geratzen dira. Hau da, bakoitzak bere estrategia lantzen du”. Eguraldi guztiz txarra egiten badu, jakina, proba atzeratuko litzateke. “Beste data bat bilatzen da”.

Parapente erakusketa
Txapelketa jokatzen den bitartean, Baiza Parapente Taldeko kideek parapenteari buruzko erakusketa eginen dute plazan. Parapentea ezagutarazi nahi dute, kirola zabaldu. “Txapelketako partaideak ateratzen direnetik helmugan lurreratzen direnera arte bi, hiru, lau… ordu pasa daitezkeenez, tarte horretan erakusketa jartzea pentsatu dugu” azaldu du Razkinek. Lakuntzan biltzen direnek parapentean aritzeko erabiltzen den materiala, tresnak eta gailuak gertutik ikusi eta ukitzeko aukera izango du: ehunak, sokak… “eta gu galdera guztiak erantzuteko prest egongo gara. Asmoa da parapenteen bilakaera erakustea, eta horretarako hasierako parapenteak ikusgai jarriko ditugu, gaur egunekoetara iritsi arte. Horrela, gure kirolaren bilakaera ikusiko da, materialetan egon den hobekuntza eta eboluzioa. Oihalak, ala delta, parapentearen beste modalitate bat, biplazak edo bi pertsonendako parapenteak, motordunak... denetatik jarriko dugu ikusgai, eta galdera guztiak erantzungo ditugu. Beraz, gure kirola ezagutzera gonbidatzen ditugu sakandarrak” esan du.

Txapelketaren aitzakiarekin parapentea ezagutarazi nahi dute, kirola zabaldu

Baiza Parapente Taldea
Baiza Parapente Taldeak 70 kide inguru ditu, kopuru ederra. “Ez du ematen, baina jendea bagaude. Baizan ez dago bakarrik Sakanako jendea; Arabako, Gipuzkoako eta Iruñeko jendea dago ere. Azkenean gure zonaldea, Sakana, parapenterako pribilegiatua da eta horregatik jendea gurera etortzen da” dio Razkinek. 

Norbaitek parapentearen munduan hasi nahi badu, “Sakanako edozein hegalarirekin hitz egingo nuke aholkua eskatzeko. Sakanan bi parapente eskola daude aukeran. Sare sozialetan, taberna eta komertzioetan iragarkiak daude, ikastaroak eta biplaza igoerak eskainiz”. Mundu honetan hasteko ikastaroa egitea ezinbestekoa da. “Beti. Hori derrigorrezkoa da. Kirol honetan, normalean, ez dago autodidaktarik” nabarmendu du. 

Askatasuna
Parapenteak zer ematen dio galdetuta, erantzun azkarra du Razkinek: “Jende guztiak erantzuten duena erantzungo dut: askatasuna. Parapenteak sekulako askatasuna ematen du. Aireratzen zarenean arazo guztiak ahazten dituzu, guztia ahazten duzu eta hor zaude, hegan, libre”. Nonbait, ez da bertigo sentsazio hori nabaritzen. “Hau ez da adrenalina kirol bat. Ez da parakaidismoa bezala, hegazkin batetik salto egin eta sekulako erorialdi potentea duzula. Hemen ez. Normalean oso suabe aireratzen zara, eta oso lasaia da. Hegaldiak oso lasaiak izaten dira normalean, ez dago inolako adrenalinarik. Etxeko hamakan bezala zaude, baina airean. Nahi izanez gero baldintza gogorragoak bilatu ahal dituzu, haize gehiagorekin hegan egitea, esaterako, baina hori bakoitzaren araberakoa da” dio irribarrez.

Razkinek Lakuntzan hilabete bukaeran izango den Euskal Herriko Oinez eta Hegan Txapelketara gerturatzeko gonbitea berretsi du. “Jendea animatu dadila Lakuntzatik buelta eman eta parapentea gertutik ezagutzera”. 

Parapente modalitateak
Parapentean zenbait modalitate daude:
-Hegaldi normala, hegaldi librea.
-Cross countrya. Track baten bidez jarraitu beharreko ibilbidean, baliza batzuk bilatu eta jarraitu behar dira, helmugara edo golera heltzeko. 
-Oinez eta hegan, hike and fly. Aireratze guneetara oinez joan behar da, parapentea eta materiala gainean. Gero balizatutako ibilbidea osatu beharko da.
-Egun askoko probak. Esaterako, X-Alps txapelketa Alpeetan egiten da. Austrian hasi eta Monakon despeditzen da, 1.300 km-ko ibilbidea osatuta. X-Pyr txapelketa Pirinioetan, Hondarribian hasi eta Port de la Selvan (Girona) despeditzen da, Pirinioak zeharkatuta. Kostaldetik kostaldera doa, 600 kilometrotan. Chris Maurer suitzarra txapeldun handia da halako probetan.
-Biplaza. Bi pertsonendako hegaldiak.
-Ala Delta. Hegan egitea, planeatuz.
-Hegaldia motorrarekin. Parapente motordunak.
-Speed fly. Bela txiki batzuekin aireratu eta orografia jarraituz jaisten dira.
-Parapente akrobatikoa. Denetariko akrobaziak egitea.