Ekai Lersundi Ondarroako gazte bat zen. Naizen elkarteko "lehenetariko gazte bat" izan zen, elkartea hasi zenean gehienak haur txikiak zirela azaldu du Bea Sever elkarteko kideak. "Berarekin konturatu ginen, hain zuzen ere, berandu iritsi ginela, ez geundela ondo egiten. Haurtzaroan familiekin eta ikastetxeekin lan egiten genuen, eta nahikoa zen". Kasu honekin ikusi zuten gazteen artean "zeozer" gehiago egin behar zutela. "Askotan motxila handiarekin iristen ziren eta Ekaik autoestimua oso kaltetua zuela ikusi genuen eta inork ez zuen asmatu zelan lagundu". Ekai hormonazioaren zain zegoen, "eta agian horrek bere mina arinduko zuen. Hormonazio hori atzeratu eta atzeratu... ez ginen iritsi".
"Hitzaldiak horretarako dira, informaziotik etorriko da egoera honen normalizazioa"
Ekaik bere buruaz beste egin zuen. 2019an Arantza Ibarra zuzendariak Ekairen historia film dokumental batean jaso zuen, heriotzaren lehenengo urteurrenean: Mi pequeño gran samurai. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Kattalingune Nafarroako LGTBI+ zerbitzuek antolatuta Urri Trans programaren barruan film dokumentalaren emanaldia izan zen ostiralean, urriaren 21ean, Lakuntzako kultur etxean. Filma aurkezten Naizen elkarteko kideak egon ziren, tartean Bea Sever. Haien esperientziaz hitz egin zuten ere: "Informazio eza dagoenez, gezurrak zabaltzen dira eta jendeak sinisten ditu. Horiek kaltetu egiten dituzte transexualen bizitzak; batzuetan, heriotzaraino. Hitzaldiak horretarako dira, uste dugu informaziotik etorriko dela egoera honen normalizazioa".
Arantxa Ibarra zuzendaria Iruñean bizi da baina jaiotzez Ondarrutarra da eta Ekairen familia ezagutzen zuen. "Berak aspaldian egin nahi zuen transexualitatearen inguruko zer edo zer eta Ekairen heriotzak hunkituta ulertu zuen hor zegoela kontatu behar zuena". Filman Ekairen gurasoak, gaztearen irudiak, Naizen elkarteko kideak gaztearen heriotzak haiendako zer izan zen kontatzen eta heriotzaren lehenengo urteurrenean egin zuten ekitaldiaren irudiak agertzen dira. "Batez ere helburua da salatzea patologiazioaren ondorioz zer sufrimendu pairatzen zuten eta pairatzen duten oraindik ere. Behar dituzten tratamenduak ez direlako iristen, berandu adierazten dutelako zer geratzen den askotan. Ez dakitelako errealitate hori existitzen denik ere, ikastetxean ez delako aipatzen eta gizartean zer edo zer aipatzen dutenean negatiboa delako". Pertsonen garapenean kalte handia egiten duela salatu du.
Bizipenak
Lakuntzako kultur etxean Naizen elkarteko bi familiak haien bizipenak kontatu zituzten. Ama batek haren nerabezaroan trantsizioa eginda nola bizitu duten kontatu zuen eta beste batek txikitan trantsizioa egitean zer nolako desberdintasun "handiak" dauden azaldu zuen. "Goiz goizetik adierazi ahal izatea onuragarria da, horretarako gizarte osoak mahai gainean jarri behar du errealitatea, bestela, kalte handiak direlako, Ekairen kasuan bezala buelta ez dituztenak".
Naizen elkartea sortu zenean -2015ean Crysalis Euskal Herria bezala, estatuko elkartearen barruan-, helburua familien artean elkartasun sarea eta "babes emozionala" ematea eta informazioa trukatzea zen. "Errealitate honetara hurbildu ginenean pediatraren gana, ikastolara edo psikologora joaten ginen eta inork ez zekien ezer edo okerreko mezuak ematen zizkiguten". Konturatu ziren haien artean baino ez zutela babesa jasoko. "Hasi ginen profesional horiei formazioak ematen". Haien seme-alaben eskubideen alde lan egiten hasi ziren, informazioa zabaltzen eta hitzaldiak ematen.
"Instituzioekin egindako lana nahiko positiboa izan da. Orain atzerapausoak somatzen ari gara. Baina orain arte oso ondo egin izan dugu lan". Nafarroan legea "oso-oso ona" dela esan du, eta trans legearen garapenean lanean ari direla esan du Severrek: "Agian hor indar gehiago beharko zen instituzioen aldetik; hezkuntza protokoloa eguneratzeko eta horrelako gauzetan". Erakundeek "haien partetik jartzen" duten arren, Severrek uste du ez direla "beharrezko ekintzak" martxan jartzen: "Guretzako beharrezkoa da informazioa helaraztea eta profesionalak formatzea". Transexualak "betidanik" existitu direla azaldu du, "eta errealitate horren aurrean edozein teoriaren aitzakiarekin bat ez bazatoz, errealitatea ezin da aldatu".