Gobernuaren zain Aralarko guardetxea egiteko

Guaixe 2023ko urt. 17a, 14:00
Aralarko guardetxerako egindako proiektu berria.

Duela hamalau urte bota zuten eraikina eta berreraikitzeko konpromisoa ez dute orain arte bete. Aralarko Elkarteak egindako egitasmoa joan den urtean berregin zuen. Antza, aurten lanak emateko deialdia eginen du. 

Zabalarte mendi elkarte lakuntzarrak Aralarko guardetxeari buruzko argazki bilketa egin eta jasotako irudiekin egutegia egin du. Harrera ona izan du eta bigarren edizioa agortzear da. Mendi elkarteko kideek jasotako irudien proiekzioa antolatu zuten larunbatean. Gainera, guardetxea egiteko proiektua zertan den azaldu zuen Patxi Xabier Razkin Sagastibeltzak, Lakuntzako alkatea eta Aralar Elkarteko presidentea denak. “Jende asko joan zen eta egoeraren berri izatean jota gelditu zen”, azaldu du alkateak. 

Apirilean hamalau urte beteko dira Nafarroako Gobernuak Aralarko guardetxea bota zuela. “Bi legegintzaldi daramatzat departamentuko arduradunekin, kontseilariekin eta presidenteekin hitz egiten. Beti promesak egiten dituzte”, baina emaitzarik ez. Joan den urtean pasatakoa etsigarria egin zaio Razkini. EH Bilduren emendakin bati esker Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan Aralarko guardetxea egiteko 150.000 euroko diru poltsa zegoen. “Kontu hartzaileak plegua egiteko arazoak besterik ez zuen ikusten. Eta partida gauzatu gabe gelditu da. EH Bilduk aurtengo aurrekontura pasatzea lortu du, baita Nafarroako Gobernuaren lehen fasea egiteko konpromisoa ere; aurretik hartua zuena”, azaldu du alkateak. 

Aldaketak proiektuan 
Guardetxea bota zuen urte berean foru administraziak elkartearen baimenik gabe 206 zuhaitz bota zituen Aralarren. Hasiera batean zur zati bat guardetxe berrian erabiltzekoak ziren. Baina dagoeneko ezin da, galdua baitago. Horregatik, eta 2018an egindako proiektua egungo legedia betetzen ez zuelako, Nasuvinsa enpresa publikoko arkitekto batek Aralarko guardetxe proiektua guztiz eraberritu du. 

Bi eraikin izaten segiko du. Batean Aralarko basozainaren bulegoa, harendako gela, komuna eta turismo informaziorako bulegoa egonen dira. Atzeko partean biltegia izanen du eta teilatupean azpiegiturendako gela(8,5 m2), biltegia (15,85 m2) eta pasabidea (7,45 m2) izanen ditu. Guztira 31,8 m2. Gainera, eguzki plakak ere izanen ditu. Guztira 81,5 metro karratuko azalera izanen du. Eraikin hori da eraikiko den lehena. Razkinek azaldu duenez, “gobernuaren asmoa da apirilean edo maiatzean deialdia egitea eta lanak udarako ematea. Lanek 465.000 euroko aurrekontua dute”. Lan horiek egin ondoren, “Plazaola turismo partzuergoak eta Sakanako Garapen Agentziak elkarrekin santutegiaren atean jartzen duten turismo informazio puntua guardetxean egonen litzateke”, argitu du Razkinek. 

Bigarren eraikinean ostalaritza zerbitzua, bertako produktuen salmentarako espazioa, proiekzio gela, komuna publikoak eta kudeatzailearen etxebizitza izanen dituela aurreratu du alkateak. “Baina erritmo honetan ez da sekula eginen” esan du etsituta alkateak, “hamalau urte dira guardetxea bota zutenetik” gogorarazi du. Aralarko Elkarteko kideek eta mendiko erabiltzaileek ez dute Nafarroako Gobernuaren aldetik emaitzarik ikusten eta etsitzen hasiak dira. Razkinek azaldu duenez, “jendea helburua lortzeko beste pauso batzuk emateko antolatzen hasi da” . 

Kronologia laburra 

  • 1901 Guardetxea eraiki zen.
  • 1940tik Zufiaur familiari lotuta egon zen eraikina.
  • 2009ko apirila. Nafarroako Gobernuak guardetxea bota zuen. Panel batean guardetxe berriaren zirriborroa jarri zuen.
  • 2018 Aralarko Elkarteak bioeraikuntza proiektua aurkeztu zuen.
  • 2018ko lastaila Nafarroako Gobernuak lanak emateko deialdia egin zuen eta hutsik gelditu zen.
  • 2019ko agorrilak 19 Nafarroako Gobernuak bigarren deialdia egin zuen, eta hutsik gelditu zen.
  • 2022 Nafarroako aurrekontuan 150.000 euro zeuden guardetxerako. Partida ez zen gauzatu. 
    Guardetxearen proiektua guztiz berritu zen.
  • 2023 Nafarroako Gobernuak 465.000 euro inbertitzeko konpromisoa hartu du EH Bildurekin.