Lore eskaintza Arregi Marini

Guaixe 2023ko aza. 22a, 09:28

Mikel Arregi Marin omenaldira joandakoen talde argazkia.

Etxarri Aranatzen Mikel Arregi Marinen oroigarriaren inguruan jende ugari elkartu zen larunbat eguerdian, hura erail zutela 44 urte bete zirenean. 

Guardia Civil batek Arregi hil zuela 44 urte betetzen ziren azaroaren 11n. Omenaldian “nahiz eta urte korapilotsuak bizi”, Arregiren memoriari eutsi zaiola nabarmendu zuten. Oroigarriak jasandako erasoak ere gogoan izan zituzten. Egiteko hori bere gain hartu du Mikel Arregi gogoan plataformak, "Lakuntzako eta Sakanako memoria presente eta aktibo mantentzeko". Plataformak gogoratu du Arregiren familiak "txosten zabala" aurkeztu diola Nafarroako Gobernuaren aitortza eta erreparazio batzordeari, eta eskaera aurkeztu duela Bake eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusian. "Ebazpena heldu den urtean iristea espero dugu". 

Plataformak azaldu zuenez, "memoria kolektiboaz ari gara, giza eskubideen urraketaz, gatazka pairatzen duten pertsonez. Baina, batez ere, Lakuntza eta Sakana aske eta solidario bat lortzeko ilusioaz ari gara. Sakana aske eta solidario bat, non Arregik eman zigun adibideak betirako iraunen duen".

Liburua 
Nafarroan izan ziren motibazio politikoko indarkeria-kasuak aztertu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera ikerguneak, antropologo talde bat biltzen zuenak. Haren jardunari segida eman dio Lera Mugarik Gabeko Antropologoak elkarteak. Ikertutako kasuen artea dago lakuntzarrarena, gizarte antropologikotik ikusita ikertua izan dena. Eta ikerketa horren emaitza da Mikel Arregi Marin. Oroimen erregistroak, joan den astean argia ikusi zuena. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoa larunbatean Etxarri Aranazko ekitaldian izan zen eta ikerketan parte hartu zutenei liburuaren ale bana eman zien. Aurreratu zuenez, Lakuntzan liburuaren aurkezpena eginen dute.