Pandemia garaian sortu zen Muga Zero taldea. "Joni Zapra nire aldamena da, eta bagenekien gitarra jotzen genuela bata besteari entzuten geniolako. Egunen batean zerbait egin behar genuela komentatzen genuen, baina beti gerorako uzten genuen eta ez genuen ezer egiten". Egun batean Ibai Lanz Beteluk zerbait egiteko proposatu zion, eta "probatzen" hasi ziren. Ondoren, bateria jolea behar zutela pentsatu eta Ander Gasko Lizarraga sartu zen proiektuan. Oier Larunbe Lizarraga baxu jolea izan zen azkena. Lau urte beranduago Herri Urratseko lehen maketa lehiaketako irabazlea izan da Lakuntzako taldea.
Lakuntzako taldeak Herri Urratseko maketa lehiaketa irabazi du
40 taldek parte hartu dute Herri Urratsek antolatu duen lehenengo maketa lehiaketan. Epaimahaia hamar lagunek osatzen zuten, Herri Urratseko kideak, Badok atariko kideak eta musikariak, eta aipatu dutenez "azpimarratzekoa" izan da aurkeztutako lanen kalitatea, "agerian geratu da euskal eszena indartsu dagoela". Hortaz, erabakia ez dela "batere erraza" izan esan dute. Lehiaketan parte hartu zuten 40 taldetatik sei iritsi ziren finalera: Arrasateko Banana Shake punk-rock-a taldea; Baionako Kuma no Motor hardcore-punk taldea; Barakaldoko Laztanalaztana elektronika-reggaetoia taldea; Ipar Euskal Herriko Mizelium elektronika taldea; Baionako RTZ rap taldea, eta Muga Zero.
Muga Zero taldearen "punk klasikoa eta itsaskorrak harrapatu" ditu epaimahaiko kideak. Euskal punkaren hastapenetara bidaiatzeko aukera ematen duela gaineratu du Herri Urratseko maketa lehiaketaren epaimahaiak irabazlea jakinaraztean. Talde lakuntzarrak maiatzaren 12an Senpereko lakuaren bueltan ospatuko den Herri Urratsean kontzertua emanen du, Nafarroa gunean. "Bakarrik esan dezakegu oso handia izanen dela". Gaskok aipatu duenez, "hau guztia ikaragarria izan da guretzat. Honekin taldea jende gehiagorengana iritsiko da. Albiste oso ona da; brutala". Seaskak antolatzen duen festan emanen duten kontzertua "beste zerbait" dela eta toki berezia dela gaineratu dute taldekideek.
Muga Zero
Esan daiteke, Donostian bizi den Lanzen lehengusu bati esker irabazi dutela maketa lehiaketa: "Berak ikusi zuen Herri Urratsek lehiaketa egingo zuela eta izena emateko aholkatu zigun. Esaten genuen: Baina nola parte hartu behar dugu! Azkenean, bidali genuen". Hiru abesti eta argazki bat aurkeztu behar ziren. "Ez genuen inolaz ere espero. Iaia ahaztuta genuen kontua. Gaur egun, punkrocka ez da punteroena, gainera". Aurkeztutako beste taldeak ikustean "denetarik" zegoela ikusi zuten, Gaskok aipatu duen bezala. Sorpresa hartu zuten.
"Guk gure musikari eta letrei etxeko punkrocka esaten diogu. Ez dakigu zehazki nola azaldu", esan du Gaskok. Baina epaimahaiak esandakoarekin ados daude taldekideak. Lanz: "Definizioa izan daiteke, bai. Ez dugula sekula pentsatu, baina ongi definituta dago". Lakuntzan "beti" eman den punk horren "jarraipena" egiten du Muga Zerok.
Bi taldekide zirenetik hasi ziren haien abestiak sortzen. Lanzek azaldu duenez, "Joni aurretik Behin betiko taldean egon zen eta ez dakit zenbat urte egon zen jo gabe, eta ni ere Embajadatik bost urte edo horrelako zerbait neraman jo gabe. Denbora tarte horretan talderik gabe geundenez buruan ideiaren bat sortzen joan zen, noizbat talde bat edukiz gero gauzatzeko".
2023. urtean taldearen izen beraren diskoa kaleratu zuten, Muga Zero, zortzi abestiz osatuta: Amen, John kriminal, 10.000 jubilados, Biharko eguna, Ez, ez eta ez, Biktima, Aske izan arte eta Muga Zero. Amen abestiaren bideoklipa ere kaleratu zuten, eta aste honetan Game over abestia eta bideoklipa kaleratu dute. Bi bideoklipak Dani SKSTek sortu ditu. "Oso ona da. Ongi ulertzen du zer nahi dugun". "Pixkanaka" abesti berriak egiten ari direla azaldu du Gaskok, baina ez dakite noiz aterako duten disko berria. Lanzen etxean grabatzen dituzte, eta sortze prozesuan daude. Kontzertuetarako abestien bertsioak prestatzen ari dira ere.
Abestiak sortzen "egunak eta egunak daudela" aipatu du Lanzek. "Egun batean abesti ia oso bat egin dezakegu, eta beste egun batean ez da ezer ateratzen, agian zatxitxo bat, baina hurrengoan entzun eta ez zaigu gustatzen". Sortze prozesua "oso abstraktoa" dela gaineratu du. Erritmoarekin eta musikaren hasten direla esan du Gaskok, "eta gero letra egiten dugu. Zer gai landuko dugun erabakitzen dugu".
Letrei dagokionez Herri Urratseko maketa lehiaketako antolatzaileek esan omen diete Amen bideokliparekin "polemika" sortu dela, "ikastolako guraso batzuen artean komentatu omen zuten ea nola zen posible talde hori bideoklip horrekin apaiza akabatzen dutela...".
Zuzenekoak
Muga Zero zuzenekoetan taldekideek "presentzia" dute
Kontzertuetan energia "gehien" ematen saiatzen direla esan du Lanzek. "Jonik izugarrizko presentzia du eta horrek asko betetzen du. Besteek ahal duguna egiten dugu". Abeslariaren energia hori taldekideetan kutsatzen da. Gasko: "Jendeak esan digu eszenatokian presentzia asko dugula. Mugimendua erakusten dugu. Ni esaterako baterian asko mugitzen naiz, eta Larunbe eta Ibai Jonirekin ere ibiltzen dira". Kableekin jotzen dutenez, askotan haien artean nahasi direla gaineratu du Lanzek.
Herri Urratsen emanen duten kontzertua "kristorena" izanen dela esan dute taldekideek. Horrelako jaialdi batean emanen duten lehenengoa izanen da, hala ere, Muga Zerok eszenatoki "handietan" jo izan du. Tropa do Carallorekin Totem (Dinamita taldearekin batera ere) eta Dokan jo izan dute, eta martxoaren 9an, larunbata, 19:30etik aurrera, Tropa do Carallorekin etxean, Lakuntzako kultur etxean ariko da ere. Aurretik, martxoaren 1ean, Iruña Rock-en aritu ziren, NMC Eszenatokian.
Urte hauetan talde "lan egiteko moduan" garatu dela aipatu dute taldekideek. "Hasiera batean abesti batekin denbora pila bat pasatzen genuen eta orain dena askoz neurtuago dugu. Badakigu estrofa baten ondoren zer egin edo zer proposatu". Dena grabatzen joaten direla azaldu du Lanzek. "Askoz denbora gutxiagoan gehiago egiten dugu. Erraztasuna irabazi dugu". Bestela, Lakuntzako taldeak hasierako estilo eta helburu berdinekin jarraitzen du: "Noizbait zertxobait aldatu izan dugunean ez da taldean mamitu". Lanzek akustiko bat sortu zenean, esaterako, taldekideek oso ongi zegoela esan, baina zuen aurrera egin. Taldetik zerbait nabarmentzekotan estilo propioa da: "Orain popa edo punkoi asko entzuten da, ahots askoz gogorragoekin. Gurea zerbait melodikoagoa, punkarekin nahasia".
Kontzertuak egiten dituztenean eta "ateratzen" direnean oso ongi pasatzen dutela esan du Gaskok: "Jende berria ezagutzen dugu, talde berriak...". Taldekideen helburuetako bat jende gehiagorengana iristea eta Muga Zero "izena" zabaltzea da, "toki gehiagotan jotzeko". Zaletasuna "modu txukunean" egiten saiatzen dira. "Nolabait adiktiboa da. Toki berriak ezagutzen ditugu, talde berriak, eta gure artean ere talde bat gara. Hortik gaudenean anaiak bezala gara. Esaterako, Santurtzin Lakuntzako lau tipo... Gure artean familia bat bezala ibiltzen gara", esan du Lanzek. Haien eta beste taldeen artean dagoen elkartasuna ere aipatu du Gaskok talde batean aritzearen alde onak aipatzean.
"Merezi duen" sakrifizioak ere eskatzen ditu: "Futbolean aritzen den jokalaria bezala, futbola asko maite du eta jokatzea gustatzen zaio, baina zure herriko jaiak direnean hurrengo egunean partida jokatzera joan behar zarenean... Berdina gertatzen da. Gehienetan oso gustura egiten dugu, baina batzuetan pixka bat sakrifikatu behar gara". Astean zehar ere denbora kentzen duela aipatu du Lanzek, "baina konpentsatzen du".