Unibertsitatetik eskolara sariekin

Guaixe 2024ko eka. 19a, 11:00

Lakuntzako eskolako bi talde NUPen saria jaso berritan. UTZITAKOA

Lakuntzako eskolako bi taldek sari bana lortu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako Emakumezko zientzialaria izan nahi dut lehiaketan. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra eta Ikerketako Errektoreordetzak Emakume zientzialaria izan nahi dut lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa hori NUPek kultura bulkatu eta sustatzeko politiken barruko ekimenetako bat da. Haren helburua da Nafarroako neskengan zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarako bokazioa sustatzea. 

Lehiaketara aurkeztutako lanak aztertu ondoren, NUPeko epaimahaiak sariak asteazkenean banatu zituen. Eta 2019an eta 2022an bezala, aurten ere, saria jaso zutenen artean Lakuntzako eskolako ikasleak zeuden. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloko mailan Iradi Lanz Senarrek eta Leire Razkin Piñasek accesita lortu zuten. Lehen Hezkuntzako 4. mailako bi ikasleek Hedy Lamarri buruzko posterra aurkeztu zuten lehiaketara. Lamarr aktorea izateaz aparte, George Antheilekin batera egindako patente baten bidez haririk gabeko telekomunikazioaren bidea ireki zuten. Bi ikasleek sari gisa eskuratu dute NUPen sustapen materiala, eskolarako liburu lote bat eta ikasgelarendako NUPen zientzia jardunaldi batean parte hartzeko aukera. 


Iradi Lanz Senarr eta Leire Razkin Piñas. UTZITAKOA

Bestetik, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko lan onenaren saria Lakuntzako eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi taldek eskuratu dute. Batetik sarituak izan dira Arhane Arraizak, Maren Azpirozek eta Emma Martinek Sophie Germaini buruzko lanagatik. Germain zenbakien teorian eta elastikotasunaren ikerketan nabarmendu zen matematikari bat izan zen. Saritutako beste taldea Laia Alegriak, Leire Garciak, Iraia eta Zurine Olletak eta Sara Vergarak osatzen dute. Haiek Marie Curieri buruzko lana egin zuten. Curie erradiologia arloan aitzindaria izan zen, eta lehena izan zen bi arlo desberdinetan Nobel saria lortzen: Fisikan eta Kimikan. 

Bi taldeek audio grabazio bana aurkeztu zuten lehiaketara. Elkarrizketa prestatu eta taldekideen artean rolak banatu zituzten, batzuek elkarrizketatzaile bihurtu ziren bitartean beste batek emakumezko zientzialariarena egin zuen. Sari gisa honakoa jaso dute: teknologia jostailuak, NUPen promozio materiala, eskolarako liburu lote bat eta ikasgelarendako NUPen zientzia jardunaldi batean parte hartzea.