Lakuntzako Pertza elkarteko egungo presidente Izaskun Andueza Imirizalduren aita, Felipe Andueza, elkarteko bazkide fundatzaileetako bat da. “Horrela tokatu da”. Aurten 60 urte bete ditu elkarteak. “Jaio nintzenetik ezagutu dut elkartea; gure bizitzako zatia da”.
Zenbat bazkide ditu elkarteak?
Egun 496 bazkide gara, baina sartu den azkenak 801 zenbakia du. Horrek esan nahi du 60 urte hauetan 801 bazkide ezberdin izan direla. Izan ere, bazkideak hil edo elkartea uzten dutenean hutsik geratzen dira zenbaki horiek. Soilik hil den bazkidearen bikoteak har dezake zenbaki hori. Elkarte handia da, 220 pertsona egon daitezke bazkaltzen beheko eta lehenengo solairuen artean; hirugarren solairuak jende gehiago har dezake.
Elkarteak betidanik ekimen ugari antolatzen ditu: Lakuntzako Pertza eguna, danborrada, hitzaldiak...
60. urteurrena denez, elkartearen bizitza jaso nahi dugu dokumentalean, sorreratik hasita, zein garapen izan duen, zein ekarpen egin zizkion herriari eta abar. 24 gazte elkartu, eta Amio etxeko estarbian lehen elkartea sortu zuten 1964an. Ematen du garai haietako apaizek (Luis Igeltz, Eugenio Ulaiar) ikusi zutela bazela mugimendu interesgarri bat gazteen artean, eta uste dugu eurek eragina izango zutela 1967an Lakuntzako Pertza erromeria berreskuratzerakoan eta bestelakoetan. 1977ko elkarte berriko orduko estatutuetan jasotzen zenez, Lakuntzako Pertza elkarte kulturala zen, kirola eta euskara sustatzen zuena. Eta “ongintzazkoa” zela. Elkarteak ekimen ugari bulkatu ditu beti.
60 urtetako lana jaso nahi duzue dokumentalean.
60 urtetan jende asko pasatu da hemendik, gauza asko egin dira, eta dokumentala egitea jakintza hori mantentzeko modu bat dela ikusi genuen. Ondare ez materiala jasotzea da, historia guztia biltzea. Bazkide Egunean aurkeztuko duguna ez da behin betiko dokumentala izango. Momentuz, bazkide fundatzaileak elkarrizketatzen hasi gara, eta elkartearen sorrera nola izan zen jaso dugu. Horren aurkezpen txiki bat egingo dugu bihar. Gero, denon artean erabakiko dugu dokumentalean zer jaso nahi dugun, nor elkarrizketatu nahi dugun...
Nor ari da grabatzen?
Aritz Gorostiaga. Hasieratik argi genuen dokumentala egitekotan kalitateari garrantzia eman nahi geniola. Esfortzu bat egingo dugu guretzako geldituko den zerbaitetarako. Halako gauzak egiteko diru laguntzak ere badaude, eta eskatuko ditugu.
Bazkide sortzaileek nola hartu zuten dokumentala egiteko ideia? Ilusioa egin die?
Izugarria. Urteak ez dira alferrik pasatzen, baina denek ilusioz hartu dute gonbitea; inork ez du hutsik egin nahi izan. Banaka eta batzuk binaka hartu ditugu elkarrizketak egiteko, eta azaroaren 2an seiak elkartu genituen.
"60 urtetan Lakuntzako Pertza elkartean gauza asko egin dira. Historia jaso nahi dugu, ondare ez materiala"
Bazkide Egun handia ospatuko zenuten azaroaren 16an.
50. urteurrenean bezala, bazkideen bikoteek ere bazkarian izena emateko aukera izan dute aurten. Denok festa handi bat merezi genuela erabaki genuen. 223 pertsona bildu ginen bazkaltzera.
Egitarau polita zenuten: dokumentalaren aurrerapena eta bazkide sortzaileei omenaldia, segidan auzatea, Lakuntza Kantuz eta bazkaria, eta bukatzeko Puro Relajo eta Boletus Rumberus DJ-ak frontoian.
Elkarteak ekimen gehienak herrirako egiten ditu. Beraz, festa berezi hau ere ireki beharra genuela iruditu zitzaigun. Herriak gozatzeko egun bat prestatu nahi izan genuen. Bazkideek gonbidapena zuten kontzerturako, eta beste edozein etor zitekeen, sarrera ordainduta.
Urteurrenaren inguruan bestelako ekitaldiak antolatu dituzue: lehen sorospen ikastaroa, suhiltzaileak eta osasun langileak diren bazkideek emandakoa, Ismael Alegria sukaldariak gazteei zuzendutako sukaldaritza ikastaroa, mus txapelketa...
Arrakasta handia ari dira izaten. Lehen sorospen ikastarora 30 pertsonatik gora agertu ziren. Sukaldaritza ikastaroa 25 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, hasi berriei, eta hamasei gaztek eman zuten izena. Ismaeli zer ikasi nahi duten esaten diote, eta paella, bechamela, arraina labean, txokolate coulanta eta halakoak eskatu dizkiote. Oso gustura ari dira. Bestalde, mus txapelketan 20 bikotek eman zuten izena. Hilabete kulturala ere antolatzea dugu buruan; ideiak badaude.
ETB1eko Erromerian saioak Lakuntzako Pertza egunari buruz egindako saioa gustatu zitzaizuen?
Bai. Lana izan zen, baina uste dut polita dela elkarterako eta herrirako baita ere.
18 urte bete bezain pronto lakuntzar askok elkarteko bazkide egiteko ilusioa dutela ikustea polita da.
Apirilean sartu nintzen juntan eta ordutik 14 pertsona egin dira bazkide, gehienak 20 urte baino gutxiagokoak. Oso pozgarria da, elkartea mantentzeko jende berria behar delako eta elkartea erabiltzeko dagoelako.
Elkartera lehenengoz sartzen direnean, zer dio jendeak?
Flipatzen dute. Ez da erraza horrelako elkarte bat ikustea, eta horrelako herri txiki batean. Lakuntzan bereziak garela uste dut. Sortu zenean, Sakanan ez zegoen horrelakorik, berria izan zen. Ez da bakarrik handia dela; ikusgarria da, oso ongi zaindua dago, oso garbi. Lakuntzarron leku kuttun bat dela ikusten da. Horrela zaintzen dugu eta horrela dugu dugun moduan.