Futbol zelaiko berdegunea aldatzeko lanak eman nahi ditu udalak

Guaixe 2025eko irailaren 22a

Lakuntzako Zelai berri futbol zelaia. UDALA

Lanak despedituta, Zelai berrin hiru futbol zelai izanen dira: bat luzeran eta bi zabaleran. 

Zelai berri futbol zelaiko belar naturala artifizialaz aldatzeko lanak eman nahi ditu Lakuntzako Udalak. Lanek guztira 412.518,43 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Baina udalak egin beharrekoa bi lotetan banatu du. Alde batetik, egungo belar zelaia kendu, drainatze sistemaren egokitzapena, zorua zelaitzea eta ureztatzeko azpiegitura jartzea. Lan horien balioa 130.413,84 eurokoa da. Bestetik, belar artifiziala jartzeko lana eman nahi du. Haren aurrekontua 282.104,59 eurokoa da. 

Obra bere gain hartu nahi duen enpresak eskaintza lastailaren 12ko 23:30 baino lehen egin beharko du. Kontratua eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu egin beharrekoak despeditzeko.