Estatuak Arregi biktima gisa aitortu du

Guaixe 2026ko ekainaren 19a

Mikel Arregi Marini bere oroigarrian egindako omenaldia. ARTXIBOA

Batzorde tekniko batek osatu duen zerrenda batean dago lakuntzarra. 

Memoria Demokratikorako Legea oinarri hartuta, Espainiako Gobernuak aitortu du Mikel Arregi Marin estatu indarkeriaren biktima dela. Gobernuak batzorde tekniko bati eskatu zion txosten bat lantzeko 1979tik 1983ra bitarte segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek hildakoak aitortzeko. Bi urteren ondoren batzordeak bere lana argitaratu du eta 63 biktima aitortu ditu. Haietatik 31 euskal herritarrak dira, eta haien artean dago Mikel Arregi Marin lakuntzarra, guardia civilek botatako tiroak jota hil zena 1979ko azaroaren 11n. 

Txostengileek adierazi dutenez, ikertu dituzten krimen gehienak ez ziren bere garaian ez ikertu ez epaitu. Aldi berean, eskatu dute aitortutako biktimei "aitortza instituzional, moral eta sinbolikoa" egiteko. Aitortza horrek "indarkeria politiko edo instituzionalaren beste biktima batzuenaren" neurrikoa izan behar duela gaineratu dute.