Mikro-sarea energia proiektu aitzindaritzat hartu dute

Guaixe 2018ko mai. 26a, 11:05

Lizarragako argindarra sortzeko mikro-sarea estatuko 20 proiektu aitzindarien artean erakutsiko dute Madrilen

Energiaren eta Ingurumenaren Nazioarteko Azoka, Genera 2018, hartuko du Madrilgo erakustazokak, Ifemak, garagarrilaren 13tik 15era. Zientzia- eta teknologia-ikerketa babesteko, azokaren barruan dago Berrikuntzaren Galeria. Haren helburua da energia eraginkortasunean eta energia berriztagarrian aitzindariak diren 20 proiektu biltzea. Horien artean dago argindarra sortzeko Lizarragan egin den mikro-sarea.

Antolatzaileek udaberrian deialdia egin zuten proiektu berritzaileak eta teknologikoak aurkezteko. Estatutik jasotako proposamen guztiak adituez eta profesionalez osatutako epaimahai batek aztertu zituen eta horiek izan dira Berritzaileen Galeriarako aukeratuak izan diren 20 proiektuak.

Etxarri Aranazko Eseki SAL enpresak aurkeztu zuen proiektua, "ingurumen inpaktua eta energia gastua nabarmen jaitsi nahi duten herriendako argindarra sortzeko eta kudeatzeko konponbide egokia izan daiteke".  Proiektua Lizarragako Kontzejuak eta Sakanako Garapen Agentziak sustatu dute. Esekik mikro-sarea diseinatu eta egin du eta horretan CENERren laguntza izan du. 198.803 euroko aurrekontua du sareak eta Nafarroako Gobernuak % 45eko ditu-laguntza eman du hura egin ahal izateko. Sarea egina dago eta egun hauetan Lizarragako argiteria publikoa berritzen ari dira, bonbillak led argiengatik ordezkatuz.

Mikro-sarea
Argindarra ura goitik behera mugituz sortzen da Lizarragako mikro-sarean. Ur-biltegi zaharrean pilatzen da ura eta hura aldapan behera askatzen da, turbinetatik pasatzen denean argindarra sortzen da. 100 metro beherago, hilerri ondoan ur-biltegi berri bat egin dute eta han jasotzen da ura. Haren inguruan eguzki-plakak daude, 20 kW-eko potentzia dutena. Haiek sortutako argindarrarekin herriko argi kontsumoak elikatzen dira, eta sobera badago, ura berriro goiko biltegira igotzen da.

Mikro-sarea herriko argindar sareari lotuta dago. Beraz, han sortzen den argindarra sare orokorrera pasa daiteke edo Lizarragan bertan kontsumitzeko aukera izanen da: argiteria publikoa, kontzeju-etxea, elektrizitate-autoak kargatzeko puntua eta beste. Haren sustatzaileek sistema "malgua eta eraginkorra" dela diote: "argindar eskaera txikia denean ura geldi mantendu daiteke. Baina eskaera handitu edo prezioa igotzen denean elektrizitatea sortu daiteke". 50 kW-eko biltegiratze gaitasuna du. Eta bateria-taldeak baino sistema hobeagoa da.

Sakanako udal ordezkariek proiektua bertatik bertara ezagutzen dute eta bakarren batean ezartzeko aukera aztertzen ari dira. Gobernuko eta beste udaletako bisitak hartu dituzte dagoeneko Lizarragan.