Bi etxebizitza egiteko dirulaguntzaren zain

Guaixe 2021ko ots. 11a, 14:58

Bargazpi tabernaren gainean bi etxebizitza egin nahi ditu kontzejuak.

Lizarragako Kontzejuak Bargazpi tabernaren gainean alokatzeko bi etxebizitza egin nahi ditu.

Medikuaren etxea zenaren beheko solairua konpondu eta han Bargazpi taberna zabaldu zuen Ergoienako Kontzejuak 2019ko garagarrilaren 9an. Ordutik haren gainean dagoen solairuan auzolanean aritu dira lizerratarrak. “Pareta guztiak bota eta dena hutsik dago gaur egun, lanera sartzeko prest”. Unai Navarro Aristorena Lizarragako Kontzejuko presidentearen azalpenak dira. “130 metro karratuko inguruko planta du han bi etxebizitza egin nahi ditugu, alokatzeko”. Urtetik urtera biztanleria galtzen ari den herriari bizia emateko modua litzateke etxebizitza horiek betetzea. Bide batez, alokairuak kontzejuarendako diru sarrera berria lirateke. 

Baina Lizarragako Kontzejuak ezin dio bera bakarrik lanei aurre egin. “Guztira 80.000 euroko aurrekontua izanen dute lanek. Guretako gehiegi da. Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatu diogu. Aurrekontuaren %30eko dirulaguntza jasotzea nahi genuke. Erantzunaren zain gaude”. Laguntzarik jasoko ez balute lana ez luketela eginen azaldu du Navarrok. 

Bestalde, “Lizarragara gazteak bizitzera erakartzeko”, kontzejuak Intxorreta kalearen 17an duen 279 metro karratuko lursaila “merke” du salgai (Ergoienako udaletxearen aldamenekoa). “Bere balioa 40.000 eurokoa da, baina 21.780 euro (BEZ barne) dago salgai” azaldu du Navarrok. Lur sail hori saldu bitartean, Lizarragako Kontzejuaren diru sarrera nagusietako batzuk lantegien salmenta eta Utzubarko larreen alokairua izaten segitzen dute. 

Erlazionatuak

"Bargazpi taberna bat baino gehiago bada"

Alfredo Alvaro eta Erkuden Ruiz 2019 eka 14 Lizarraga