Kontzejuak lur saila enkante bidez “merke” salduko du

Guaixe 2019ko api. 5a, 09:40

Ergoienako udaletxea. Eskuineko partzela da salgai dagoena.

Merke jarri dute salgai, Lizarragara gazteak erakarri asmoz. Ergoienako udaletxearen ondoan dago, Intxorreta karrikaren 17. zenbakian, eta etxea eraikitzeko lur kalifikazioa du.

Lizarragako Kontzejuak jakinarazi du enkante publiko bidez bere jabetzakoa den lur sail bat salduko duela. Ergoienako udaletxearen ondoan dagoen lursaila da salduko duena, 279 metro karratuko azalera duena. Lizarragako Kontzejuaren lur sail hori erosten interesa dutenek euren proposamenak Ergoienako udaletxean apirilaren 17ko 14:00ak baino lehen egin behar dute. Interesatuek egin beharreko gutxieneko eskaintza 21.780 eurokoa (BEZ barne) da.  

Kontzejuko buru Xabier Senar Veigak azaldu digunez, “lur saila 40.000 eurotan baloratuta dago. Ahalik eta merkeen salduko dugu. Nafarroako Gobernuak ez digu gehiago jaisten uzten”. Prezioa jaistearen arrazoia eman digu Senarrek: “merkeago saldu nahi dugu gazteak herrira bizitzera erakartzeko. Jende gazteari Lizarragan bizitzeko aukera eman nahi diogu horrela. Erosten duenak bete beharretako baldintza da Lizarragan bizitzea eta bertan erroldatzea. Hori betetzen ez bada, atzera egiteko aukera izanen da”.

Ergoienak azken hamar urtetan biztanleriaren % 9,86 galdu du eta populazioa zahartzen ari da. Hortik Lizarragako kontzejuko kideen gazteak erakartzeko kezka. Izan ere, Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak errealitate demografikoa aztertuta 2013an egindako azterketan Ergoienak eta Bakaikuk “etorkizun zehatz gabea” zutela gaztigatu zuen. Hala ere, esperantzarako izpiren bat badago azken urte erdian bi etxe zahar saldu direlako eta bi etxe konpondu direlako eta beste bi konpontzeko asmoa dagoelako.

Ostatua
Medikuaren etxea zena ostatu bihurtzeko lanak despedituta daudela jakinarazi digu Senarrek: “sukaldea jartzea besterik ez da falta”. Aurki eginen dute ostatuaren kudeaketa emateko deialdia. Kontzeju buruak aurreratu duenez, “hartzen duenak baldintza onak izanen ditu. Apenas ez du pagatu beharko, argindarra eta ura soilik. Eta gero kontzejuarendako hiru zerbitzu, esaterako, festetan kontzejuko kideendako bazkaria eta festetan jubilatuendako bazkaria”.