Astekaria

Zuntz optikoa Lizarragara iritsi da

Guaixe 2021ko urr. 19a, 12:56

Lizerretarrak elkartuta. ARTXIBOA

Internetera lotzeko orain arteko Sisnet sistema edo zuntza aukeran izanen dute lizerratarrek.

Duela hilabetetik Lizarragan zuntz optikoa dute. Movistar enpresak ezarri zuen sarea. Orain hala nahi duten eraikinetaraino sartu beharko da sarea. Eta haren bidez Lizarragako etxe guztietan eta Ergoienako udaletxean Internetera konektatzeko aukera izanen dute. Orain arte Lizarragan Sisnet sistemaren bidez izan dute Interneterako konexioa. Artxuetan dagoen errepikagailu batek bidalitako seinalea jasotzeko etxeetan antena parabolikoak baino pixka bat txikiagoa den tresna dute etxeetan jarrita eta horrekin moldatzen dira. 

Sisnetek zerbitzu egonkorra ematen du, baina ez da oso azkarra. Horregatik, Lizarragako Kontzejuak herriaren Internet lotura hobetzeko aukerak aztertu izan ditu. Nafarroako Gobernuko Eraldaketa Digitalerako Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin bideo bilera egin zuten apirila akaberan. “Orain lizerratarrek Internetera lotzeko bi aukera izanen dituzte, Sisnet eta Movistar. Azken hori egonkorragoa da, baina garestiagoa ere”, azaldu du Unai Navarro Aristorena kontzejuko buruak. Lizarragan zuntz optikoa jarrita, Ergoienako hiru herrietan dago banda zabala jarrita. 

Erlazionatuak

Herri bizia amets

Guaixe 2020 urr 01 Lizarraga